
Eguberrietarako eskaintza baten berri eman du Iruñeko harategi batek, bere erakusleihoan jarritako kartel baten bidez: bildotsen gorpuak dituzte salgai. Bildots erdiak, zehazki, kiloa 12,50 euroren truke. “Burua eta gibela barne”. Sentitzeko gaitasuna duen animalia baten gorpu hila zatika saltzea ohiko jarduera bilakatu du egungo gizarte espezistak. Ohiko eta normal. Urte bukaerako egunotan, bereziki. Nafarroan, adibidez, Gabonetan %54 egiten du gora bildotsen kontsumoak, urteko batez bestekoarekin alderatuta, UAGN sindikatuak 2016an emandako datuen arabera. Sindikatu horrek Nafarroako Arkumea zigiluaren aldeko kanpaina egin zuen, urte horretan, salatzeko Frantziatik eta Zeelanda Berritik arkumeak “modu masiboan” ekartzen eta saltzen zituztela herrialdean.

Zigilu bat izan edo ez, patu bera dute zain gizakiek haragi bilakatzeko hazitako bildotsek: hiltegia; hori da azken helmuga animaliontzat, berdin baserri txiki batean edo haztegi handi batean jaio, berdin hangoak edo hemengoak izan. Esneko bildotsek ia jaio bezain pronto egiten dute hiltegira eramanen dituen bidea. Esneko bildots erraten diete amaren esnea izan dutelako elikagai bakar. 30 eta 45 egun artean dituztenean hiltzen dituzte, eta, gehienez ere, zortzi kiloko pisua dutenean. Kume jaio berriak dira, finean.

Nafarroako Arkumea zigilupean hazten dituzten bildotsek Nafarroa edo Latxa arrazakoak izan behar dute; esneko bildotsak bost eta zortzi kilo bitarteko pisuarekin hiltzen dituzte. Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ere badira Eusko Labelaren zigilupean hazitako esneko arkumeak: Latxak edo Karrantzakoak izan behar dute, eta hiru eta bost aste bitartean dituztenean hiltzen dituzte. “Ondorioz, arkumeon haragia mamitsua eta uxterra da, eta zapore bikainekoa”, Eusko Labelaren webgunearen arabera.
UAGN sindikatuak 2016an egindakoa ez da izan Hego Euskal Herriko abeltzainek haiek hazitako bildotsen salmentak gora egin dezan antolatutako kanpaina bakarra. Espainiako Gobernuak zabaldutako datuen arabera, herritarrek kontsumitzen duten haragiaren kopuruak behera egin du, Nafarroan, 2008. urtetik. Duela 11 urte, hain zuzen, nafar bakoitzak 60,7 kilo haragi jan zituen, urte batean. 2018ko ekainean, berriz, 46,24 kilokoa zen kopuru hori. Saldutako bildotsen kopuruan gertatu den jaitsiera nabarmendu du, zehazki, Nafarroako Arkumea zigilupean ari diren abeltzainen taldeak. “Eguberrietan baino ez da kontsumitzen”, erran dute. Administrazioaren babesa eskatu izan dute, “ez desagertzeko”.

Herritarrek kontsumitzen duten haragiaren kopuruak behera egin izanak ez du erran nahi nafarrek gizakiz bertzeko animaliak elikagaitzat hartzeari utzi diotenik. Izan ere, haragi freskoaren kontsumoa da behera egin duena, eta arrazoietako bat izan da, abeltzainen arabera, gora egin duela elikagai prestatuen kontsumoak. Horiek ere erabiltzen dituzte gizakiz bertzeko animaliak. Bildotsen salmentak behera egin arren, gainera, Nafarroa da, oraindik ere, kilometro koadroko ardi dentsitaterik handiena duen herrialdea, Espainiako Gobernuaren 2015eko datuen arabera. 2001ean, 671.874 ardi zeuden Nafarroan, 2.366 esplotaziotan. 2015ean, berriz, 500.000 ardi baziren, 1.971 esplotaziotan. 2018an, 18.127 ardi eta bildots hil zituzten Nafarroako hiltegietan. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako hiltegietan, berriz, 59.588 akabatu zituzten iaz; haietako 970 ziren ardiak, eta gainerakoak arkumeak. Arkume gehienak, 30.877, zehazki, zazpi kilo baino gutxiagoko kumeak baino ez ziren.
Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, Larsabi elkartea aritu da esneko bildotsen salmenta bultzatzeko urratsak egiten, bertzeak bertze, azken urteotan. Elkarte horrek Gipuzkoako abeltzainak biltzen zituen hasieran, baina 2017an Arabara eta Bizkaira ere zabaltzeko pausoa eman zuen. Urte horretan, gainera, supermerkatu etxe batekin egin zuen akordioa Larsabik, enpresa horren dendetan Eusko Labelaren babespean hazitako eta hildako arkumeak saltzeko. Asmoa zen orain arteko joerari buelta ematea: izan ere, 2017ko datuen arabera, Larsabi elkarteko kideek hazitako eta hildako bildotsen %90 saltzen zituzten Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo.

Han edo hemen saldu, hiltzeko hazten dituzte abeltzainek esneko bildotsak; hiltzeko hazten dituzte beren menpe hartzen dituzten gizakiz bertzeko animalia guztiak. Hiltzeko, eta haragi bilakatzeko: arkume erdiak, kiloa 12,50 euroan. Burua eta gibela barne. Eguberri on.
Goiko irudia: Remi Jouan.
Iruzkinik gabe