Nazio Batuen COP25 Klimaren goi-bilerak Madrilen elkartu ditu nazioarteko hainbat agintari, gizarte eragile eta pertsonaia mediatiko ere. Izan ere, estatus hori eskuratu du, edo eman diote berriki, 16 urteko Greta Thunberg gazte aktibista suediarrari. Erreferentziazko figura bilakatu da klima larrialdiaren harira mundu osoan ugaritu diren protestetan, kalera atera direnen nolabaiteko bozeramale edo lider. Mugimendu kolektibo orori buruzagi bat esleitzeko dugun joera edota inertzia piramidalaren erakusle.
Madrilen bertan eman zuen hitzaldia Thunbergek iragan den asteburuan, eta, nabarmendu zuenez: “Gure konfort eremutik irten behar dugu. Hori da orain egiten ari garena boterean diren pertsonei erantzukizunez joka dezatela exijitzean”.
Azpimarratu zuenez, “munduko liderrak Madrilen bildu dira gure etorkizuna euren interesen arabera negoziatzeko” eta horregatik “kaleetan lortutako indarra baliatu behar da, egungo eta etorkizuneko belaunaldiak babes ditzaten”. Thunbergen aburuz: “gure ahotsak hegoaldeko herrialderik txiroenetan bizi direnei eta pertsona indigenei eskaini behar dizkiegu, eurak dira gehien sufritzen ari direnak”.
Gizarteak agintarien hautuetan izan dezakeen eragina azpimarratu zuen aktibista gazteak hainbatetan, eta aditzera eman zuen etorkizuna ezinbestean izango dela bestelakoa: “Aldaketa badator, gustuko izan ala ez”. Jakina denez, Thunberg beganoa da. Ez zuen, ordea, ikusmin handia sortu zuen hitzaldiko esaldi bakar bat ere baliatu animalien zapalkuntzaz jarduteko. Ezta animalien industriak ingurugiroan duen inpaktu erabakigarriaz ere.
Thunbergez harago, Madrilgo kaleetan milaka eta milaka pertsona ikusi ditugu egunotan protestan, askotarikoak izan dira manifestarien pankartak eta leloak. Bada hartzez mozorrotuta “Gizakiek hobeto egin dezakete” aldarrikatzen zuenik ere. Denek exijitu dizkiete agintariei neurri eraginkorrak, Lurraren suntsiketa eragozteko. Baina neurri horien artean inor gutxik ekarri du lehen lerrora elikadura edota animaliekin dugun jarrera eraldatzearen garrantzia.
Politika txosten bat izan da norabide horretan aurkezturiko dokumenturik sendoena. Goi bileran parte hartzen ari diren gobernuz kanpoko hamabost erakundek plazaratu dute, “Berotegi-efektuko gasen emisioa janaritik eta abeltzaintzatik murrizteko ekintzarako larrialdiko deia” izenburupean. Agenda politikoan eragiteko agintariei luzaturiko neurrien gomendio zerrenda bat da hori, eta, besteak beste, Aniztasun Biologikorako Zentroak, Janari eta Klimaren Aliantzak eta Animalien Munduko Babes erakundeek babestu dute.
Greenpeace ere aritu zen solasean, mundu osoko zientzialariekin batera, klima larrialdiaren aurrean haragi eta esnekien kontsumoa murriztearen garrantziaz. Batean zein bestean, ordea, animaliek norbanako gisara dituzten interesak bazterrean geratu ziren berriz ere. Are gehiago, azken solasaldi horretan nabarmendu zen, batez ere, zenbateraino den nagusi perspektiba espezista afera horri aurrez aurre erreparatzerakoan.
Klima Aldaketarako Euskal Zentroko zuzendari Maria Jose Sanzek defendatu zuen haragi kontsumoa “ez demonizatzearen garrantzia”. Haren esanetan, “hausnarkariek klima aldaketari aurre egiteko rol bat joka dezakete” eta, gainera, “landaguneko hainbat familiak ateratzen dute aurrera bizimodua ganadu esplotazio horiei esker”. Aurreko astean bertan, ildo paretsutik jo zuen erakunde bereko ikerlari Agustin del Pradok. Hausnarkariek klima aldaketan duten eraginari garrantzia kentzearen aldeko mezua zabaldu zuen Berria egunkariari eskainitako elkarrizketa batean. Helsinkiko Unibertsitateko ikerlari Pablo Manzanoren arabera, aldiz, “zentzugabea da haragia gutxiestea. Haragia jan dugu betidanik, artzainak izan ditugu milaka eta milaka urtetan eta horrek ez du kliman sekula eraginik izan”. Akaso Manzanori ahaztu zaio denbora horretan zehar gizartea eta ekoizpen zein kontsumo ereduak izugarri eraldatu direla eta etengabeko hazkundea defendatzen duen eredu kapitalista ez dela jasangarria, ez duela etorkizunik epe luzera begiratuz gero.
Animalien kontsumoa bera oraindik ere eztabaidagai da klima larrialdiari aurre egitean, eta zalantzan jartzen dute erakunde zein norbanako askok ea hari uko egitea eraginkorra ote den ala ez. Jarrera horren bidez, funtsean onartu eta naturalizatu egiten dugu gizakiz besteko animaliek ez dutela bizitzeko eskubiderik, ezta, guk bezala, sufrimendua ekidin eta ongizatea bilatzeko interesik ere. Naturarekin geuk baino lotura nabarmen estuagoa duten animalia horiek bigarren mailako izaki dira oraindik ere gizartearentzat, gure beharren arabera erabil ditzakegun baliabide soilak. Eta euren burua iraultzailetzat duten pertsona askok erabateko normaltasunez onartzen dute pentsaera hori. Mundu berri bat eraiki nahi dugu, egunez egun zapaltzen ditugunei jaramonik egin gabe.
Enpatia ariketa bat izan daiteke jarrera zapaltzailea alboratzeko bideetako bat, zapalduen azalean jarri eta euren errealitatera gerturatzeko ahalegina egitea, ohartzeko jaiotzetik normaldu ditugun ohitura jakinak pribilegio hutsak direla. Ohartzeko gure gozamenak beste batzuen sufrimendua dakarrela ezinbestean eta horrek ez duela zilegitasun moral edota ekologikorik.
Greta Thunbergek esan bezala, etorkizuna bestelakoa izango da, bai, baina klima larrialdiak balio beharko luke gutxienez argitzeko bestelakotasun horretan zapaltzaile izaten jarraitu nahi ote dugun ala ez.
Iruzkinik gabe