Beganismoa sistema kapitalistaren baitan
Azken urteetan praktika beganoek izugarrizko gorakada eduki dute. Geroz eta jende gehiagok utzi dio animaliak jateari eta beste kontsumo eredu baten bila hasi dira. Honekin batera, animalien askapenaren auziak tokia hartu du lehen pentsaezinak ziren esparru eta buruetan. Kontua da faktore hauek halaxe eman direla: lehenengo zer erosi erabaki, eta ondoren arazoaren oinarriaren inguruan hausnartu da.
Arazoaz, hau da, espezismoaz, ezer gutxi entzun edo irakurri da. Aurretik entzun dira beganismoaren inguruko oihartzunak, animalien zapalkuntzaren ingurukoak entzu ordez. Honek ondorio argia izan du: borroka politikorako mugimendu indartsua sortu ordez, beraien erosketa saskiak aldatu dituzten kontsumitzaileak agertu dira. Beganoak geroz eta gehiago dira; aldiz, kalean dagoen mugimendu antolatua txikia da, oraindik ere.
Sistemak nor bere etxean nahi du, erosketa saskia borrokarako tresna eraginkor bat dela pentsatuz, inor molestatu gabe. Kalte ekonomikoak egitea xede hartuta ere, erosketak aldatzea ez da eraginkorra: gobernuekjarraitzen dute industria diruz laguntzen, eta saltzen den haragiaren kopuruak goraegiten segitzen du, urtez urte.
Honek kapitalismoari denbora eman dio moldaketarako, beganoak bere baitan onartzeko eta azkenik merkatu nitxo berri bat antzemateko. Argi izan behar dugu kapitalak ez duela inolako interes zehatzik merkantzia edo zerbitzu jakin bat ekoizteko. Etekin ekonomikoa ematen ez dion abagunea alboratu eta hurrengoaren bilaketa amaigabean murgilduko da. Agerian geratzen da egoera honek aldaketa txikia sortzen duela; merkatuaren barruan gertatzen diren salerosketa prozesuak ez dira inoiz eraldatzaileak izango. Erosketa bidez sistema aldatu nahi izateak ekartzen du kapitalismoaren logika barneratzea, eta horrek ondorio du “kontsumoaren boterean” sinestea. Sistema honen baitan, aukeratzeko askatasuna dagoela sinestea alegia.
Kapitalismoak gizakiz besteko animaliak esplotatuko ez balitu ere, esplotazioan oinarritutako sistema izaten jarraituko luke. Noren gain eroriko litzateke animalien industriak sortzen duen etekina? Ekoizpen medioen jabeek ez dute borondatezko galera ekonomikorik izango, beraz, beraien interesen baitan funtzionatzen duen sisteman, esplotatutako gainontzeko subjektuak lirateke zama berri honen arduradun.
Kuriosoa euskarazko Aberats* hitzaren esanahia. Abereen jabetzaren kontzeptua, akumulazioa, animaliak produktu, lehengai edo lan indarrerako makina gisa zenbatuak izatea. Kapitalismoaren baitako espezismoa aurrez aurre erakusten digu, jabetza pribatuaren norainokoak erakutsiz.
*Aberats: Ondasun handien jabe dena, diru asko duena.
Beganismo kapitalistak ez du espezismoa suntsituko
Bestalde, ideia espezisten inguruan, argi geratu da, kapitalismo beganoak ez duela espezismoa suntsituko. Hanburgesa begetalak erosteak ez du gizartearen imajinarioa gehiegi aldatzen. 100% begetalak diren 2 produktu hauetan, animalien gorpuak objektu gisa erakusten dira:
Zer erantzun du beganismoak horrelakoei aurre egiteko? Beganismoa koherentziaren ondorio gisa uler dezakegu soilik, ez borrokarako erreminta gisa.
Jarrera espezistak behin eta berriro errepikatzen dira norbanako asko begano izan arren. Gainerako animaliekin daukagun harremantzeko era da errotik ezbaian jarri behar dena. Zenbaten interesak baztertzen dira errepide bat eraikitzen den bakoitzean? Basoak erretzen direnean? Nola eragiten die modelo espantsionistak?
Animaliak ez daude supermerkatuetan soilik, gizarte ereduak zentzu guztietan eragiten die. Pentsamolde espezista irauliko duen paradigma behar dugu, egunez egun mundua porlanez estaliko ez duena. Agerikoa denez arazoa ez da txikia, horregatik ez da soilik bizi ohiturak aldatuz irtenbiderik lortuko. Borroka kolektiboa beharrezkoa da, gainontzeko herri mugimenduekin, animalia guztion askapena helburu.
Iruzkinik gabe