Lizarratik Durangorako bidea egin du Euskal Herriko mugimendu feministak, eta bidelagun izan du, Nafarroatik Bizkaira, mugimendu antiespezista. Lizarran, neska gazteen topaketak egin zituzten, urriaren 5ean eta 6an, Egin dezagun topa lelopean. Durangon, berriz, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak egin berri dituzte, azaroaren 1etik 3ra, Salda badago izenburupean. Bi tokiotan izan dira ekintzaile antiespezistak: gizakiz bertzeko animalien askapena helburu duen mugimendu politikoari buruzko gogoeta sartu dute mugimendu feministaren agendan, feminismotik bertze animaliekin dugun harremanari buruzko hausnarketa bultzatzeko asmoz.
Lizarran, Maddi Azkoiti eta Saioa Miranda aritu ziren mugimendu antiespezistari buruz, Antsoain Antiespezista taldeko kideak. Mezu garbia zabaldu nahi izan zuten: “Feminismoak antiespezista izan behar du, eta antiespezismoak feminista. Kontua ez da zapalkuntzak alderatzea; kontua da zapalkuntza horiek nola eta zer argudioren gainean egituratzen diren aztertzea, esparru horretan antzekotasun handiak daudelako”.
Durangon, Nor kolektiboko bozeramaile Maialen Saguesek jorratu zuen gizakion eta gizakiz bertzeko animalien arteko harremana, jardunaldi feministetan. Denera, 3.000 emakumezko bildu ziren. Antiespezismoari buruzko tailerrean parte hartzeko urratsa egin zuten haietako anitzek. Hainbat adinetako feministek agertu zuten interesa gizakiz bertzeko animaliekin dugun harremanari buruz gogoeta egiteko. Giro beroa eta elkar zaintzeko eta ulertzeko ahalegina eskertu zituen Saguesek, tailerra amaitu eta gero. “Oso pozik” zegoela erantsi zuen, mahai gainean iritzi ezberdinak eta askotarikoak jarri arren, parte hartzaile anitzek onartu zutelako, neurri handi batean, bertze animaliekin dugun harremana berraztertzeko beharra. “Mugimendu antiespezistak egin dituen urratsak eta lortu duen indarra aitortu dituzte”.
Antiespezismoaren oinarriak azaldu zituen Saguesek bere hitzaldiaren lehen zatian, eta argi utzi zuen sentitzeko gaitasuna dela animalia ororen oinarrizko interesak kontuan hartzeko eta errespetatzeko gako nagusia. Begirada atzera luzatu zuen gero, eta animalien eskubideen aldeko nazioarteko mugimenduaren hastapenetik emakumeek bete duten funtsezko rola nabarmendu zuen. Mary Wollstonecraft idazlea gogoratu zuen, adibidez. A vindication of the Rights of Woman (Emakumearen Eskubideen Aldarrikapena) idatzi zuen, 1792. urtean. Lan hori kritikatzeko, Thomas Taylor itzultzaileak Vindication of the rights of brutes (Piztien eskubideen aldarrikapena) izenburuko lana plazaratu zuen. Irrigarri utzi nahi izan zuen Wollstonecraften aldarrikapena, emakumeak eta gizakiz bertzeko animaliak parekatuz.
1990eko bertze lan bat ekarri zuen Saguesek gogora: Carol J. Adams estatubatuarraren The sexual politics of meat (Haragiaren politika sexuala). Erreferente ezkutuari buruz hitz egiteko aprobetxatu zuen lan hori, eta adibide batzuk baliatuz, emakumeak animaliekin parekatzeko, eta gizakiz bertzeko animaliak sexualizatzeko joeraz mintzatu zen.
Taldeka egindako gogoeta saioak izan ziren tailerreko zati nagusia. “Giro ezin hobea sortu zen. Taldeak gai izan ziren beren kabuz antolatzeko eta eztabaida kudeatzeko”. Eztabaida horiek aukera eman zioten Saguesi, bertzeak bertze, antiespezismoaren inguruan zabaldutako hainbat ideia sakonago jorratzeko. Mugimendu antiespezistaren barruko matxismoa ere mahai gainean jarri nahi izan zuen tailerrean, eta auzi horri eusteko beharra nabarmendu zuen Nor kolektiboko bozeramaileak.
“Durangokoa esperientzia zoragarria izan da”, bukatu zuen Saguesek. “Mugimendu feministak eraiki nahi duen munduan, irauli egin behar dugu egun gizakiok beste animaliekin dugun harremana”. Animalion askapena lortzeko, denok behar dugulako subjektu izan. Salda badago. Porrusalda.
Iruzkinik gabe