
Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Imajinatu mundu bat. Imajinatu jaio eta, zure sexuaren arabera, hil edo eguzkiaren argia ikusi gabe bizitzera kondenatzen zaituztela. Imajinatu bi bider biko kaiola batean bizitzea, hermetikoki itxitako fabrika handi batean, haur bat zarenetik behin eta berriz erditzera behartua, eta, mugitzeko zailtasunak dituzunez, nahi gabe kumeak hiltzen dituzula zure gorputzaren azpian itota. Imajinatu bizirik zaudelarik erauzten dizutela azala. Imajinatu bular puntak odol bizian izatea makina batzuekin esnea ateratzen dizutelako etengabe, zure umearentzat beharko lukeen esne hori. Imajinatu bizi duzun miseria are era makabroagoan amaiaraziko dutela, eta sufrimendu fisiko jasanezin bat izanen duzula azken bizipena, oraindik arnasa hartzeko gai izanik gorputzeko atalak labanaz mozten dizkizutela. Imajinatu tortura motarik ankerrena, eta ez zara hurbilduko ere gizakiz besteko animalien aurkako indarkeria krudela irudikatzera.
Ez dago, noski, errealitate hipotetikorik imajinatu duzun mundu horretan, egunero gertatzen direlako halakoak gure inguruan, nahiz eta gizartearen gehiengoak bizkarra ematen dion. Horregatik deitu dute Euskal Herriko kolektibo antiespezistek manifestazio batera azaroaren 1ean, Bilbon, animalion askapena helburu. Iazkoa mugarri bat izan zen alde horretatik, eta aurtengoa norabide hori urratzen jarraitzeko parada izanen da.
Disonantzia kognitiboak ezin hobe jarduten du. Ikusten ez dugunak ez digu eragiten, eta, ikusita ere, gai gara itsuarena egiteko. Entzun dugu egunero 30.000 txerri baino gehiago akabatzeko hiltegi bat eraiki dutela hemendik gertu, Binefarren. Europako handiena. Sentitzeko, sufritzeko eta gozatzeko gaitasuna duten 30.000 izaki bizidun. Ekologiaren eta jasangarritasunaren alde ahoa betetzen zaien horiek baimentzen ari dira sarraskirako makineria gehiago sortzen.

Paradoxa iruditzen zait askotan animalien aurkako indarkeriagatik gizakiak kondenatzea, gizarte zibilaren eta instituzioen gehiengoaren babes osoarekin hiltegietan sekulako hilketa masiboak baimentzen ari direla. Eta ez, ez dago heriotz duinik animalientzako infernu horietan, ez inon. Paradoxa da ere ehizaren aurka azaltzea, platerean sentitzeko gai zen eta eraildako izaki baten saihetsa duzula, adibidez. Hori ere bada disonantzia kognitiboa. Komunikazioaren Ekonomia Politikoaren ikerketa lerroaren baitan Nuria Almiron ikertzaile eta irakasleak azaldu du enpirikoa dela gizakiok animaliak jazartzen ote ditugun galdera, urtez urte milioika animalia konfinatzen, esplotatzen, genetikoki aldatzen eta mutilatzen dituztelako. Indarkeria horrek ideologia espezistan du bere oinarria, zeinak gizakia gainontzeko animaliekiko pribilegiatzen duen, balio moralek eta sistema ekonomikoak babestuta.
Espezismoa ez dagoenez sozialki estigmatizatua, erreza eta onartua da jendearentzat euren buruak hala identifikatzea; espezista bezala, alegia, euren izatea justifikatzeko. Edota enpatiaren aitzakia eza erabiltzea animaliak jaten jarraitzeko. Hau da, zenbait animaliagatik errukirik ez sentitzea balizko argudioa balitz bezala erabiltzen dute animalia produktuak kontsumitzen jarraitzeko. Etikan, ordea, halako arrazoiketek ez dute inongo oinarririk, eta ez dira bateragarriak beste alor batzuetan egiten ditugun aldarrikapenekin; justiziarenarekin, esaterako. Zilegia al da animalien hilketa masiboaren konplize izatea ez duzulako enpatiarik bizitza horiekiko?
Nekazaritza estensiboa eztabaidaren erdigunean dago. Sistema kapitalistak eragiten duen hondamendiaren aurrean soluzio bat dela entzun izan dut, edota animaliak “hobe tratatzeko” bidea, edota bioaniztasuna gordetzekoa. Beste behin, gizakion interesa eta ekologia balioesten dira animalien bizitzen gainetik, ez diotelako uzten produktu errentagarri soil bat izateari, nahiz eta, gizakiok bezala, mina sentitzeko eta gozatzeko gaitasuna duten. Hil eginen dituzte kontsumitzeko pentsatuta dauden animalia guztiak bezala, sufrimendu jasangaitza eraginez, alegia.

Almironek ongi azaldu bezala, gizakiongandik jasotzen duten tratua ez da bakarrik inmorala, hertsiki erlazionaturik dago klasearen araberako botere harreman kapitalistarekin eta lan esplotazioarekin. Diskurtso antieszpezista mugimendu sozialetan txertatzea ekidin ezin den aurrerapauso etiko bat izanen da, aspaldi ulertu baikenuen askapenak ezin duela partziala izan, eta partzialtasun horretan txertatu beharko genituzke animaliak, kontsiderazio moral bat merezi duten heinean.
Mugimendu eta diskurtso antiespezistak indartzeko bide eta alor asko daude. Komunikazioarena da bat. Carry Freemanek dioen bezala, “komunikazioa da gizartearen bihotza”, eta hemen aipatu dut ados nagoelako neurri handi batean. Interesgarria iruditzen zait erreparatzea gure iruditegia osatzeko erabiltzen dugun sailkapen ereduari, aurre egin behar baitzaie, besteak beste, berdintasunik eza ahalbidetzen duten dikotomiek eragindako ikuspegi binarioei. Melanie Joyren hitzetan kategoria horietako bat balioesten da beste batekin kontrajartzen dugulako, “normala” ez den horrekin. Fitzgeraldek eta Pellowk jarritako adibidea ekarriko dut, kultura eta naturaren dikotomiarena. Kultura kategoria menderatzailea da, natura izanik horren antagonikoa. Ikuskera honek gizakion nagusitasuna iraunarazten du, kategoria nagusi horren parte garelako. Halaber, kultura horren parte garen emakumeok, esaterako, naturarekin erlazionatu gaituzte gutxiesteko. Horra sailkapenen garrantzia.

Oraindik bide luzea dago egiteko, baina, uste dut, gero eta jende gehiagok egiten duela beganismora pasatzeko eta ideologia antiespezista bere egiteko pausua. Poz handia sentitzen dut halakoetan, babes eta elkartasun emozionala beharrezkoa baitira gure artean, pertsona beganoak etengabe jartzen gaituztelako zalantzan. Bikaintasun morala eta kontraesanetan ez erortzea exijitzen zaigu. Almironen artikulua argigarria da.
Euskal Herrian indartsuagoa eta anitzagoa bilakatzen ari den mugimendu antiespezistaren garapena ikusteak ere sortzen dit poza eta itxaropena, eta indarrak eman, nork daki, nire inguruan gauden antiespezista bakarrekin egin genitzazkeen ekintzetan pentsatzeko.
Euskal Herriko mugimendu antiespezistaren topagune eta erakuslehio gorena izanen da azaroaren 1a, Bilbon eginen den manifestazioa. Beganismoa ez da moda, ez da gizakiok hobe sentitzeko hautua, ez da dieta, baizik eta animalien sufrimendua ekiditeko eta zilegia ez dela aldarrikatzeko erabakia. Gizarteak entzun nahi ez dituen animalien bozgorailu izatekoa. Horregatik guztiagatik du berebiziko garrantzia niretzat azaroaren 1eko elkarguneak, imajinatu eta sortu nahi dudalako mundu bat zeinean aipatu guztia ez den gertatzen.
Erreferentziak
- Almiron, N. (2016). Beyond Anthropocentrism : Critical Animal Studies and the Political Economy of
Communication, The Political Economy of Communication 4 (2), 54–72. - Fitzgerald, A. J., & Pellow, D. (2014). Ecological Defense for Animal Liberation. In
Nocella II, A.J., Sorenson, J., Socha, K. & Matsuoka, A. (Eds.) Defining Critical
Animal Studies, (pp. 28-48)New York: Peter Lang Publishing. - Freeman, C. P. (2014). Framing Farming. Communication strategies for Animal Rights.
New York: Rodopi. - Joy, M. (2013). Por qué amamos a los perros, nos comemos a los cerdos y nos vestimos
con las vacas. El carnismo: las cosas son así. Madrid: Plaza y Valdés
Iruzkinik gabe