Euskal Herriko mugimendu antiespezista karrikara aterako da azaroaren 1ean, Bilbon: manifestazio batera deitu dute Nor kolektiboak eta bertze bederatzi taldek. Unamuno plazatik abiatuko da protesta, 17:00etan, mezu argi bat zabaltzeko asmoz: urratsez urrats animalion askatasuneranzko bidea egiten jarraituko dutela ozen aldarrikatzeko.
Euskal Herriko ekintzaile antiespezistek duela urtebete eman zuten indarrak batzeko eta sarea ehuntzeko aurrerapauso nagusia. Animalia guztion askapenaren aldeko mugimendua handitu baino ez da egin geroztik, eta orain orduan baino talde gehiago gara; orain, orduan baino gehiago gara, lanean, salatzeko gizakiz bertzeko animaliak jabegotzat eta baliabidetzat hartzen dituen sistema kapitalista espezista.
Euskal Herriko kolektibo antiespezistek animalion askapenaren aldeko mugimenduaren izaera politikoa nabarmentzeko egiten dute lan, egunez egun, eta, ondorioz, zapalkuntza guztien aurkakotzat dute beren borroka. Ekintzaile antiespezistek mahai gainean jarri dute bat egiteko beharra, eta aktibismora deitu dute, gizakiz bertzeko animalien alde. Azaroaren 1eko Bilboko manifestaziora deitu dituzte herritarrak, honako mezu hauen bidez:
Arkanbele
Azaroaren 1ean Bilbora goaz hiriaren erritmoa asaldatzera, egunerokotasunean animaliek sufritzen duten biolentzia mahai gainean jartzera. Baina ez daude isilik; euren oihuak entzun ditugu, eta aldarri hauekin goaz Bilborantz. Gure txikitasunetik bazterrak nahasten dihardugu, hiri herdoilduen hormetako pintadetan, herriko enparantzan, gune askeetan zein zapalkuntza eremuetan. Gure txikitasuna da gure indargune, ez baitugu lubaki handirik behar borrokari ekiteko. Bilbon elkartuko gara, gure ezberdintasunekin, aniztasunak indartzen gaituelako. Era orotako zapalkuntzak suntsitu arte borrokan jarraituko dugu. ANIMALIAK ASKATU! KAPITALA SUNTSITU!
Liberazio Orroa
Azaroaren 1eko manifestazioari babesa ematen diogu, garrantzitsua iruditzen zaigulako animalien askapenerako borrokan indarrak batzea eta kaleetan indar horiek erakustea. Gizarteak borroka hau beste edozein borroka bezain garrantzitsua dela ikusteko premia duela pentsatzen dugu.
Oraindik bide luzea du aurretik, baina kolektiboki eta indibidualki babesteak indarberritzeko aukera emango digu, aldi berean gehiago saretuz eta etorkizunari begira aukera berriak eraikiz.
Askekintza
Askekintzako kideok Azaroak 1eko manifestazioa babesten dugu espezismoa suntsitzeko bidean lagundu dezakeen tresna gisa ikusten dugulako, eta uste dugulako borroka transbertsalen barruan gizakiz besteko animalien borrokak ere egon behar duela.
Gu talde lokalista bat gara, eta, horregatik, gure eskualdean egiten dugu lan, baina beharrezkoa eta erabilgarria iruditzen zaigu Euskal Herri osoko antiespezistekin saretzea, elkar ezagutzea, elkar laguntzea eta elkarrengandik ikastea, eta uste dugu manifestazio antiespezistak horretarako ere balio duela.
Gure mugimendua txikia da, eta, lokalki lan egitean, gutxi garela ematen du, baina, Euskal Herri osokoak batzen garenean, ikus dezakegu ez garela hain gutxi. Horrek borrokan jarraitzeko indarrak ematen dizkigu, eta pozgarria izan zen aurreko urtekoaren harira talde berriak sortu zirela jakitea.
Gure mugimendua indartzeko beharrezkoa den esperientzia baten gisa ikusten dugu, eta, aldi berean, gizarteak eta beste mugimendu politikoek gure aldarriak entzuteko aukera ematen digu. Aukera aparta da mugimendu bat garela erakusteko eta indartzeko.
Antsoain Antiespezista
Antsoain antiespezistako kideok egunez egun herrian eztabaida pizten eta alternatibak sortzen ari gara. Gu ere Bilbon egongo gara azaroaren 1ean, animalion askapena aldarrikatzen. Euskal Herriko antiespezistak saretuta eta antolatuta gaude; ez gaituzte isilaraziko. Azaroaren 1ean, denak Bilbora! Kaleak astinduko ditugu, entzungo gaituzte!
Durangaldea Antiespezista
Azaroaren 1eko manifestazioarekin bat egiten dugu, animalien esplotazioa injustua delako; etikoki aukera bakarra beganismoa da, ez dago erdiko aukera baliagarririk. Beganoak garenok beganismoa zabaltzeko eta haren berri emateko betebeharra dugu, beldur barik, baina gauzak argi edukita, egia gure alde daukagulako.
Tafalla Antiespezista
Azaroaren 1erako deitu den manifestazio antiespezista animalion askatasunean aurrera egiteko ezinbestekoa dela uste dugu. Izan ere, sistema espezista hau suntsitzeko beharrezkotzat jotzen dugu kalera atera eta kontzientziak piztea. Honako hau beste urrats bat izango da, baina badakigu oraindik bide luzea geratzen zaigula. Eta guk ez dugu etsiko. Kaiola guztiak hustu arte!
Bezala
Azaroaren 1eko manifestazioa garrantzitsua da, aukera ematen duelako ikusgarri bilakatzeko gizakiz bertzeko animaliek sufritzen duten bidegabekeria. Hamaika protesta eta ekitaldi egiten dira tauromakiaren edo larruaren erabileraren aurka, baina azaroaren 1ekoa garrantzitsua da, gizakiz bertzeko animaliak jabegotzat hartzen dituen zapalkuntza sistema jartzen duelako erdigunean. Garrantzitsua da hori salatzen duen protesta batekin bat egitea, karrikan ikusteko gero eta gehiago garela gizakiz bertzeko animaliekin bertzelako harreman bat nahi dugunok, harreman bat justuagoa eta parekideagoa.
Gizakiz bertzeko animaliekin dugun harremanaren erroa jarri behar dugu erdigunean: jabegotzat hartzen ditugula. Baliabide huts dira gizakiontzat. Harreman horrek agerian uzten du gizakiok bertze animalien gainetik kokatzen dugula gure burua.
Espezismoaren aurkako jarrera hartu dugunok bat egitea ere garrantzitsua da; azaroaren 1ekoa da ideiak eta gogoetak partekatzeko egun bat; elkarri babesa emateko egun bat. Inportantea da bertze kideak ondoan ditugula sentitzea, aurrera egiten jarraitzeko.
Inurri Antiespezista
Inurriok azaroaren 1eko manifestazioan beste kolektibo antiespezistekin batera bilduko gara gure aldarriak argi ditugulako. Hasteko, Euskal Herriko talde antiespezisten bilkura delako, eta horrek gure arteko harremana hobetzeaz gain mugimendua indartzea dakarrelako. Bi aldarrikapen nagusi ditugu: antiespezismoa mugimendu politikotzat jotzea eta animalion askapenerako bidea eraikitzea.
Gasteizko Equipo Antiespecista
Inor ez da aske izanen denok aske izan arte: zapalkuntzaren aurkako borrokak transbertsala izan behar du, eta, ondoroz, gizakiz bertzeko animaliak ezin ditugu bazter utzi. Haiek ere askatasuna dute helburu, eta haiek ere askatasuna lortzen saiatzen dira. Horregatik, azaroaren 1ean, Bilbon, karrikara atera behar dugu, eta ozen eta amorruz oihu egin ez dugula onartuko indarkeria espezistak aurrera jarraitzea, ez diogula utziko egungo sistema kapitalista ustelari ziria sartzen jarraitzea. Animalien Askapenaren alde!
Iruzkinik gabe