Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Jendearen ahotan bolo-bolo dabil azken egunetan Joaquin Phoenixen izena. ‘Joker’ filmeko protagonista da bera, eta filmaren berehalako arrakastak eragin du ikusleen artean aktorearen lana txalotzea. Filmak gogoeta egiten du, besteak beste, gizarteko gaitzen inguruan eta publikoari galdegiten dio norbanako batek zenbateko gaitasuna ote duen bere hautu eta ekintzen bidez sistemaren baitan eragiteko.
Gai horiek kontuan hartuta, beraz, are nabarmenagoa da hedabide generalisten baitan sortu den hutsunea. Izan ere, Phoenixen interpretazioak gorespen bateratua jaso duen honetan, inor gutxik nabarmendu du aktore estatubatuarra beganoa dela 3 urte zituenetik (44 ditu egun) eta animalien aldeko aktibista ere badela. Esaterako, Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdian ‘Joker’ filma aurkeztear zela egin zuen bat aktoreak animalien eskubideen aldeko ‘Be Fair Be Vegan’ kanpainarekin. Kanpainako antolatzaileek egunero milaka eta milaka pertsonek erabiltzen dituzten metroko pasabideetan kokatu zituzten irudi erraldoiak, animaliek hiltegietan bizi duten sufrimenduaren berri eman, izaki sentikor gisara elkarren artean ditugun antzekotasunak nabarmendu eta animalien erabilera oro betiko amaitzeko.
“Joaquin ez da soilik beganoa, aktibista ere bada” nabarmendu zuen ‘Be Fair Be Vegan’ kanpainako bozeramaileetako batek. Izan ere, Phoenixek Hollywooden eskuratutako ospea baliatu du mundu zabalean mezu antiespezistak zabaltzeko. ‘Joker’ filmeko promozio elkarrizketetako batean honako hau nabarmendu zuen: “Niretzat begi bistakoa da. Ez diot minik eragin nahi beste izaki bizidun enpatiko bati, ez dut bere kumeengandik banandu nahi, ez dut itxitako gune batean egotera eta gizentzera behartu nahi, ostera eraila izan dadin”. Eta gaineratu zuen “Zentzugabea da, ankerra. Ulergaitza egiten zait horren jakitun izan eta zuregan eraginik ez edukitzea”.
Azken hilabeteetan babestu duen beste kanpaina bat izan da espezismoa amaitzea helburu duen PETAren “We Are All Animals” (Denok gara animaliak). New Yorkeko gune komertzial nagusietakoa den Times Square kale-gurutzera heldu da egitasmoa.
Horren bozgorailu boteretsua eskura eduki arren, Hollywoodeko hainbat aktorek nahiago izaten dute jarrera politikoak bazterrean utzi eta, alde horretatik, nabarmentzekoa da Phoenixen ekarpena. Animalien zapalkuntzaren aurka eta askapenaren alde aritu da esparru mediatikoan eragiten, baita protesta nabarmenetan ere. Joan den udan, ekainaren 2an, AEBetan bederatzigarren ospatu zen Animalien Eskubideen Egun Nazionala. Mundu zabaleko beste 30 hiriburutan bezala atera ziren kalera Los Angelesen, AEBetako zinema industriaren bihotzean, animalien aldeko aktibistak. Tartean Joaquin Phoenix eta haren emazte Rooney Mara, Hollywoodeko aktore ezaguna eta beganoa, bera ere.
Aipaturikoak adibide batzuk besterik ez dira, azken urteetan Phoenix hamaika egitasmotan aritu baita, animalien sufrimenduaren berri ematearekin batera, enpresa handien jarduna zuzenean seinalatzen. Horri dagokionez, ziurrenik adierazgarriena Earthlings dokumentala da. Narratzaile lanetan aritu zen bertan aktore estatubatuarra, gizakiok animaliak nola erabiltzen ditugun azaltzen. Dokumentalak erakusten du nola zapaltzen ditugun animaliak, maskota, janari, arropa, entretenimendu eta zientzia ikerketarako baliabide gisara
Aktibismoaren noranzkoa modu zabalago batean hartuta, ordea, gogoeta merezi du Phoenix eta tankerako figurek gizartean duten rolak eta benetako eraldaketarako duten gaitasunak. Foku mediatikoan egotera bideraturiko kanpainak dira horiek, eta, horrenbestez, foku mediatiko horrek baldintzatuak. Irismen handiko pertsona publikoek sekulako eragina izan dezakete iritzi publikoan, milaka eta milaka pertsonak jarraitzen diote euren jardunari, eta sarritan erabakigarri izan daitezke gizarteko esparru handi batean eragiteko. Inpaktua eta berehalakotasuna helburu dituzten hedabideen logikan sartzeak, ordea, badu arriskua ere. Animaliengan egunero eragiten dugun zapalkuntza zera bilaka liteke: une batez ikus-entzuleak larritu eta handik gutxira bestelako eduki kezkagarri batekin anestesiatzeko moduko azaleko afera .
Alde horretatik, ezin dugu ahaztu milaka eta milaka aktibistak egunero eta mundu zabalean animalien alde egiten duten isilpeko lana. Haiek ez dira ospetsuak; are gehiago, haien nortasuna azaleratzea arriskutsua bihur liteke pertsona horientzat, baita animalientzat ere. Bide bat edo beste hartu, itzalean zein foku guztien aurrean, funtsekoa da oraindik animalien defentsari eustea. Horretarako balio beza, ‘Joker’en olatuak ere.
Iruzkinik gabe