I. Berasategi – Hitza

Gipuzkoako ehiztariek hainbat hilabete iraun duen grebara deitu zuten, martxoan; Gipuzkoako Ehiza Federazioak manifestu bat plazaratu zuen, orduan, bere protestaren berri emateko; testu horretan, ehiztariek erran zuten, bertzeak bertze, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “utzikeriaren” ondorioz, beren “afizioa” behin- behinean etetea erabaki zutela. “Auzi mingarrienetako bat” zen, manifestuan jaso zutenez, Donostia eta Pasaia arteko Ulia mendiari buruzkoa: 2014. urtean, segurtasun eremu izendatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak mendi hori, eta ehiza debekatu egin zuen han. Gipuzkoako Ehiza Federazioak auzitara jo zuen, eta, epaileek arrazoia eman zioten. Diputazioak irailaren 10eko aldizkari ofizialean jaso du Ulian ehizan jarduteko debekua hutsean uzten duen aldaketa. Ehiztariek ere greba utzi dute. Udazkenak eskopetak eramanen ditu Uliara, berriz ere.
Uliara, eta Euskal Herriko bertze hamaika menditara. Nafarroan badira 20.000-25.000 ehiza-baimen, Nafarroako Ehiza Federazioak emandako datuen arabera. Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, berriz, 15.400 daude, 2017ko datuak kontuan hartuta. Gehiago dira hiru herrialde horietan dauden ehizarako armen baimenak: 58.900, hain zuzen ere. Nafarroan, berriz, badira 44.000 ehizarako arma; ehiztariek eskopeta bat baino gehiago izaten ohi dute. Anitz dira, halaber, ehiztariek eskopeta horiekin akabatzen dituzten animaliak: usoak eta bertze hamaika hegazti espezie, basurdeak eta orkatzak, bertzeak bertze.

Ondokoak dira animalion ehizak mahai gainean utzi dituen datuetako hainbat: 2017an, Gipuzkoan bakarrik, 1.656 orkatz hil zituzten. Orkatzak ehizatzeko 481 uxaldi egin zituzten, zehazki, eta horietan 716 animalia hil zituzten; gainerakoak, berriz, basurdeak hiltzeko uxaldietan akabatu zituzten: basurdeak harrapatzeko 1.612 uxaldi egin zituzten 2017an, Gipuzkoan, eta haietan 906 orkatz hil zituzten. Bada aipatzekoa den bertze datu bat: 2017an Gipuzkoan hildako orkatzetako 26 arkuz akabatu zituzten ehiztariek.
Ehiztariek tiroz hildako usoak ere ez dira gutxi. Pirinioetako hainbat herritan, sareak erabiltzen dituzte iparraldeko herrietatik hegoalderanzko migrazioan mendilerro hori zeharkatzen duten usoak harrapatzeko. Etxalarren, adibidez, aurreko sasoian, 818 uso hil zituzten. Hala ere, herriko udalak enkantean banatzen dituen postu guztiak ez zituzten bete ehiztariek. Aurten ere ez. Irailaren hasieran egin zuten enkantea, eta sei postu hutsik gelditu ziren. Pirinioetan dauden sare bidezko postuetan, denera 5.470 uso akabatu zituzten aurreko sasoian. Gehiago dira urtean Nafarroan ehiztariek akabatzen dituzten basurdeak: 9.000 inguru, bakarrik herrialde horretan.
“Beren tokian”
Grebara deitu zutenean, “politikari, animalista eta ekologista erradikalak beren tokian” jarriko zituztela erran zuten ehiztari gipuzkoarrek. Beren armen bidez, beren tokia zein den argi uzten dute ehiztariok mendira ateratzen direnean: tiro egiteko beren “eskubidea” aldarrikatzen dute. Tiro egitea “afizio” bat dela onartu zuten ehiztariok grebara deitzeko plazaratutako idatzian. Tiro eginez lortzen duten “saria” dira akabatzen dituzten animalien gorputz hilak. Beren jarduera “espezien kontrolerako tresnatzat” dute, ordea. Hori erraten dute, halere, hainbat auzi kontuan hartu gabe: aipatzekoa da, batetik, “kontrola ezartzeko” abiapuntua erabat antropozentrista dela, ez baitu aintzat hartzen ehiztariek beren esparrutzat jotzen dituzten baso eta mendiak gizakiz bertzeko hamaika animaliaren etxe ere badirela, eta hiltzen dituzten animaliak sentitzeko gaitasuna duten norbanakoak direla. Bertzetik, ezin da ahaztu gizakiak bertze animaliekin partekatzen duela espazioa, baina gatazka pizten denean, gizakiz bertzeko animaliak hiltzea izaten ohi da mahai gainean jartzen den lehendabiziko eta konponbide bakarra. Espezismoak hartutako sistemak bazter uzten ditu gizakiz bertzeko animalien oinarrizko interesak kontuan hartzeko aukera. Hirugarrenik, nabarmentzekoa da ehiztarien jarduerak berak uzten duela agerian bertze espezie anitzen populazioak “kontrolatzeko” beharra argudio faltsua dela, ehiztariek parte hartzen baitute hainbat espezieren populazioa sendotzeko lanetan. Gipuzkoako Ehiza Federazioak, adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, erbiak askatu ditu herrialde horretako mendietan. Hazten dituzte, mendira eraman eta tiro egin ahal izateko.

Ehiztariak karrikara atera dira gainerako animaliak hiltzeko ustez duten “eskubidea” defendatzera. Beren eskopetak eta pribilegioak defendatzera, alegia. Maiatzean milaka ehiztarik manifestazioa egin zuten, Donostian. Eskopeta hartu eta tiro egin nahi zutela aldarrikatzera atera ziren karrikara. Antiespezistek ere hartu zituzten kaleak, haiek ere argi baitute beren tokia zein den: animalien alde dira; animalien ondoan; animalien askatasunaren alde lanean. Askekintzak deitu zuen manifestaziora. Gizakiz bertzeko animaliengana duten boterezko harremanari eutsi nahi diote ehiztariek; antiespezistak, berriz, sentitzeko gai diren gizakiz bertzeko norbanakoak zapaltzen dituen bazterketaren aurka lerratu dira, argi eta garbi.
Iruzkinik gabe