Azken urteotan, mugimendu antiespezistak gora egin du Euskal Herrian, eta Nafarroa ez da loraldi horren eraginpetik kanpo gelditu. Hiriburuan ez ezik, herriz herri ere hasi dira ekintzaile antiespezistak antolatzen, eta indarrak batzen. Tafalla Antiespezista da saretze horren adibideetako bat. 2018ko abenduan sortu zuten taldea, eta, geroztik, antiespezismoaren berri zabaltzeko egin dute lan herrian. Ekintzaile antiespezistek Tafallako herri mugimenduko parte izan nahi dute, animalien askapenaren aldeko borroka ere gizarte justuago baten aldeko borrokatzat baitute, argi eta garbi.
Tafalla Antiespezistako kide da Iosu Salaberri, hasieratik. Sare sozialen bidez jasotako informazioak eman zion gogoeta egiteko bidea, eta prozesu horren ondorioz egin zuen beganismorako urratsa. “Animaliei egiten dieguna gaizki dagoela ohartu nintzen”, erran du. La Otra taldearen Olor a huelga izenburuko abestiak ere eman zion hausnarketarako aukera Salaberriri, hasieran, nabarmendu duenez. Liberando el Corazon taldearekin batera abesten du La Otrak kanta hori, eta, halako batean, ondokoa dio: Tienes un trocito de algún animal muerto entre los dientes [animalia hil baten puska bat duzu hortzetan]. “Abesti hori asko gustatzen zait; abesten nuen, eta hausnarketa egiten nuen”. Lelo horrek erakusten ziolako bere ekintzek ez zutela islatzen jada pentsatzen zuena. Beganismoak eman zion, azkenean, nahi eta behar zuen koherentzia.

Beganismorako urratsa egin eta gero, animalien askapenaren aldeko aktibismoa bere egunerokoan txertatuz joan da Salaberri: antiespezismoaren aldeko jarrera garbia hartu du. Jarrera horrek bultzatuta joan zen 2018ko azaroaren 1eko Bilboko manifestazio antiespezistara. Ez zen Tafallako herritar bakarra izan protesta hartan. Herriko hainbat beganok bat egin zuten, eta mamitzen hasi ziren Tafallan talde bat martxan jartzeko asmoa. “Manifestazioan ohartu ginen jende pila zegoela eta indartsu zeudela; motibatu gintuen horrek, eta elkartzen hasi ginen”, gogoratu du Tafalla Antiespezistako kideak.
“Jarrera hartzeko beharrak” eraman ditu tafallarrak bat egitera. “Zaila da gizartea aldatzea norbanakoen kontsumoari so eginez. Logikoa da animalien askapena defendatzen baduzu animaliarik ez kontsumitzea, baina ez da nahikoa. Ekintzaile izan behar duzu; jarrera hartu, eta mezua zabaldu”. Helburu hori jarri nahi izan dute Tafalla Antiespezistako kideek erdigunean, hain zuzen ere. “Sare sozialetan eta kalean, antiespezismoaren gaia mahai gainean jarri nahi dugu”. Protestak edo mahai inguruak antolatzea da hori egiteko baliatu nahi duten bideetako bat. Tafalla herri txikia izanda, gainera, ekintzaileek argi dute beganismorako urratsa egin nahi duten herritarrak laguntzeko aukera badutela, eta aprobetxatu nahi dute.

Igande oro egiten dute bat Tafalla Antiespezistako kideek. Herria dute lan esparru, oraingoz. “Erdialdeko beste hainbat herritan ere bada mugimendua, eta agian aurrerago sortuko dira talde berriak; baina orain, gure indarra kontuan hartuta, Tafallan lan egitea erabaki dugu”. Testuingurua ezagutzea garrantzitsutzat jo du Salaberrik, hain zuzen ere, argi baitu tokian tokiko egoerari erantzutea dela gako nagusietako bat. Ondorioz, herri mugimenduko gainerako taldeekin harremana lantzea ere hagitz inportantea dela erantsi du Salaberrik. Hori ere helburu dute Tafalla Antiespezistako kideek, transbertsalitatearen beharra jarri baitute erdigunean.
Gaztetxeko falafela
Salaberrik uste du herrian gazteek badutela antiespezismoaren berri. Gaztetxean gertatzen dena jarri du adibide. Iazko udan zabaldu zuten. Tafalla Antiespezista oraindik ez zen existitzen martxan jarri zutenean, hain zuzen ere, baina gazte antiespezistek hasieratik egin dute ahalegina animalien askapenaren aldeko ideiak espazio horretan barneratzeko. “Zaila zen hasieran, baina orain ikusten dugu begano ez den jendeak ere defendatzen dituela gure ideiak”. Paella begetala egiteko aukera proposatzen hasi ziren. “Falafela gaztetxeko pintxo pote begetalei esker bilakatu da ezagun Tafallan!”.

Herri mugimenduko gainerako kideekin saretzeko berezko espazioa dute gaztetxea Tafalla Antiespezistako kideek. Lana badute egiteko, oraindik ere, baina gogoz direla nabarmendu du Salaberrik. Ontzat jo du egungo Nafarroako mugimendu antiespezista. “Beste herrialdeekin alderatuta, agian hemen xumeagoa da, baina nik uste dut egoera oso positiboa dela. Lehen LiberAbere zegoen; orain Antsoainen taldea sortu da, Tafallan gu gaude, eta beste hainbat herritan ere bada jende antiespezista. Oraindik ez dira antolatu, baina jendea bada. Oso positiboa da”.
Ekintzaile antiespezistak garrantzitsutzat jo du elkarren berri jasotzea eta elkarri irakastea; Nafarroan, bai eta Euskal Herri osoan ere. “Talde berri asko sortu dira. Nahiko indartsu ikusten dut mugimendua”, berretsi du Iosu Salaberrik. Tafallakoa ere talde berria da oraindik ere. Abenduan hasi zuten beren bidea ekintzaile nafarrek. Helburuak argi dituzte, halere, eta lanerako gogoz dira. Antiespezismoaren izaera politikoa zabaltzeko ahalegina egin nahi dute, animalien askapenaren aldeko borrokak har dezan gainerako borroken artean dagokion tokia. Sareetan dira, bai eta karrikan ere. Eta sareetan eta karrikan jarraitu nahi dute. Lekukoa hartu dute, borrokak aurrera egin dezan.


Iruzkinik gabe