2017. urteko uztailaren 25. Egun hori giltzarri da Gasteizko Equipo Antiespecista osatzen duten kideentzat. Toki berean egin zuten bat hainbat ekintzailek, gizakiz bertzeko animalien erabilera eta zapalkuntza salatzeko: hiriko unibertsitateen esparruan urte oro antolatzen duten ganadu azokan, hain zuzen ere. “Animaliak erakutsi eta salerosten dituzte. Oroitzen naizenetik egiten da. Duela bi urte, sare sozialen bidez, hainbat pertsonak erabaki genuen protesta egitea, eta pankarta batzuekin joatea”, gogoratu du Naiara Mateosek. Elkarretaratzea ez zuen ezein taldek antolatu; beren kabuz egin zuten bat aktibistek. Baina protesta horretan hasi zen mamitzen egun martxan den Gasteizko Equipo Antiespecista.
Hasieratik da kolektiboko kide Naiara Mateos. 2017ko uztailaren 25eko protestak izan zuen segidarik, eta gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen zituen Circo Mundial hirira ailegatu zenean, urte bereko abuztuan, karrikara atera ziren, berriz ere, sare sozialen bidez elkar ezagutu zuten ekintzaileak. “Taldea sendotuz joan zen; zirkuak ezin zituen animaliak erabili, baina jendaurrean erakusteko ekarri zituen hirira, eta egunero egin genuen protesta, horren kontra. Horrela hasi zen dena”.
Karrikan egoteko grinak eraman du Mateos kolektibora. “Ekintza zuzenagoa egiteko beharra nuen”, erran du. Mateosek Apasos taldeko boluntario gisa egin zituen gizakiz bertzeko animalien aldeko lehendabiziko urratsak. “Beti sentitu dut gizakiz bertzeko animalienganako hurbiltasuna, eta hamaika egoerarekin sentitu naiz errudun. Mahaian, adibidez, neure burua behartu behar nuen platereko animaliarenganako lotura bazter uztera, jan ahal izateko”.
Animalien alde egindako urratsen bidez, Mateosek “koherentzia” eman dio bere buruari, eta biziki eskertu du hori. “Animalia batzuen alde lan egiten hasi nintzenean argi ikusi nuen denak hartu behar nituela kontuan. Bizitzak eraman nau begano bilakatzera”. Gizartean nagusi den espezismoaz ohartzeak bultzatu du Mateos ekintzaile bilakatzera. Equipo Antiespecista kolektiboan hamar inguru dira gaur egun. “Bi urteotan jendea etorri eta joan egin da”. Taldeak hasierako helburu nagusiari eutsi dio, hala ere: “Antiespezismoaren berri zabaldu nahi dugu; beganismoa bultzatu nahi dugu, eta animaliak lagundu, gizakiak eta gizakiz bertzekoak”, nabarmendu du.
Helburu horiek gauzatzeko moduak askotarikoak dira Gasteizko Equipo Antiespecista kolektiboan. “Elkarretaratzeak egiten ditugu, karrikan bideoak erakusten ditugu, babeslekuen aldeko dirua lortzeko pintxo-pote solidarioak antolatzen ditugu… Denetarik egiten dugu; unean unekoari erantzuten saiatzen gara”, kontatu du Naiara Mateosek. Ez dira gutxi gizakiz bertzeko animalien aurkako mehatxuak egunerokoan. Azken hilabeteotan, adibidez, Gasteizko Udalak Salburuako basurdeak hiltzea eta arkuz egitea erabaki izanak eragin ditu ekintzaile antiespezisten protestak, tartean Equipo Antiespecista kolektiboko kideenak. “Ustez veganfriendly etiketa du Gasteizek, baina itxurakeria hutsa da”.
Autokritikarako beharra
Gasteiz da Equipo Antiespecista taldeko kideen lan esparru nagusia, baina bertze hainbat tokitara ere mugitu dira kolektiboko ekintzaileak, bi urteotan, Euskal Herrian, bai eta hemendik kanpo ere. Bertze talde antiespezistekin duten harremana ontzat jo du Mateosek, eta garrantzitsu iruditzen zaio, gainera, lotura horri eustea, elkar babesteko eta sarea osatzeko. Gainerako herri mugimenduekin harremana izatea ere inportantea dela argi du, borroka antiespezistaren izaera transbertsala funtsezkoa baita Equipo Antiespecistako kideentzat. Bertze talde horiek mugimendu antiespezista hurbileko borroka gisa hartzea, halere, ez da beti erraza. “Erresistentziak badira; finean, antiespezismoak ekartzen du gizaki gisa ditugun pribilegioak bazter uztea. Uste dut, oraindik ere, autokritikarako gaitasun gutxi dugula, eta antiespezismoari ez zaiola aitortzen bere izaera politikoa”, erran du Mateosek. Bere bidean, animalien askatasunaren aldeko borrokak feminismora eta bertze borroka anitzetara eraman duela erantsi du Equipo Antiespecistako ekintzaileak.
Aurrean duen errealitateaz ederki jabetzen da Mateos. Argi du antiespezismoa eta aktibismoa behar dutela gizakiz bertzeko animaliek, egun sufritzen duten zapalkuntzari ihes egin ahal izateko. Horregatik da Gasteizko Equipo Antiespecista taldeko kide. “Badakit errealitatea gogorra dela, eta lan handia dugula egiteko, baina kolektiboa babes talde bat da niretzat”. Babes esparru horrek ematen dio aurrera jarraitzeko indarra, hain zuzen ere. Euskal Herrian azken urteotan hamaika talde sortu izanak ere eman dio bultzada. “Uste dut gero eta jende gehiago dagoela gizakiz bertzeko animalien alde lanean, gero eta ekintza gehiago egiten direla”. Beharrak eragindako erantzuna da. “Beti bada salatu beharreko zerbait”. Eta salaketa hori egiteko prest egon nahi dute Equipo Antiespecistako kideek.
Iruzkinik gabe