Idoia Rodriguezek Bizkaian aurkitu zuen gizakiz bertzeko animaliak laguntzeko bilatzen ari zen paradisua, eta bilaketa hori bultzatu zuen norbanakoaren izena jarri zion: Roke Enea. Txakur horrentzat sortu zuen Rodriguezek bertze animalientzako babesleku bilakatutako egoitza, gaixo zegoelako eta, haren bidearen azken txanpan, lasai egoteko toki bat eskaini nahi izan ziolako. Rokek ezin izan zuen disfrutatu, familia tokiz aldatu baino lehen zendu zelako. Aterpea bertze gizakiz bertzeko animalia anitzen etxe bilakatu da, ordea: industriari ihes egitea lortu duten norbanakoentzat paradisu da, orain, Rokeren etxea.
Bilbon duen Viva la Vida Veganamente izeneko denda da Rodriguezek Roke Eneari eusteko erabiltzen dituen diru iturri nagusietako bat. Baliabideen araberako babeslekua da berea, aterpeko arduradunak beti izan duelako argi bere ardurapean diren animaliak ahalik eta ongien zaintzea duela lehentasun. Asmoa da babeslekuari eusteko lana eta aterpea bera uztartzea, batetik; eta, bertzetik, babeslekuko aterpetuen etorkizuna kolokan jarriko duen urratsik ez egitea. “Ez baita gauza bera 20 edo 200 animalia zaintzea. Polita litzateke babesleku txiki anitz egotea, jende gehiagok erabakitzea mendira bizitzera joatea, gizakiz bertzeko animaliak zaintzeko”.

Roke Enea babeslekua da Rodriguezek orain egiten duen aktibismoaren ardatz. Azken urrats hori egin arteko bidea, halere, aspaldi hasi zuen, eta askotarikoa izan da, gainera. Katuak eta txakurrak zaintzen zituen babesleku batean jarri zen martxan; zezenketen aurkako jarrera hartu zuen gero; eta Equanimal taldearekin bat egin zuenean hasi zuen beganismora eta antiespezismora eraman zuen bidaia. “Askatu egin nintzen, nire etikak eta nire jokatzeko moduak, azkenean, bat egin zutelako”, onartu du Rodriguezek.
Equanimal taldearen etapa 2011. urteko atxiloketekin amaitu zen. “Gertatu zenak erakutsi zuen gure aktibismoa kalte egiten ari zitzaiola industriari; mugimendu antiespezista kriminalizatu nahi izan zuten, eta ekintzaileak beldurtu”. Duela zortzi urteko operazioa gertatu zenerako, Euskadiko Bloke Antiespezista martxan jarria zuten Bilbon, eta taldeko kide zen Rodriguez. “Bazen tokiko aktibismo bat egiteko beharra, estatuko talde handien bidetik at; gure inguruan eragin eta gure erabakiak hartu nahi genituen”, gogoratu du Roke Enea babeslekuko arduradunak.
Antiespezismoa eta feminismoa
Gizakiz bertzeko animalien aldeko borrokarekin bat egin aurretik, Rodriguezek feminismoaren esparruko aktibismoan egin zituen lehen urratsak. “15-16 urterekin hasi nintzen feminismoan militatzen”. Taldean bazituen kide barazkijaleak, baina Roke Eneko arduradunak nabarmendu du ekintzaile haiek ez zutela gizakiz bertzeko animalien inguruko diskurtsorik. “Haientzat begetarianismoa hautu bat bertzerik ez zen”. Rodriguezek onartu du antiespezismoarekin bat egin zuenean ere kosta egin zitzaiola mugimendu horren eta feminismoaren arteko loturaz jabetzea, baina animalien askapenaren aldeko mugimenduan egindako bideak eraman du, azkenean, bi esparru horiek batzera. “Feminismoan militatzera itzuli naiz, baina oraingoan ikuspuntu antiespezista eta antikapitalista batekin”, azaldu du.
2011. urteko atxiloketen ondorio iruditzen zaio “mugimendua despolitizatu” izana, baina Rodriguezek argi du gizakiz bertzeko animalien aldekoa borroka politikoa dela, eta zapalkuntza ororen artean badela oinarri komun bat: “Zapalkuntza guztien kontra egin behar dugu, halabeharrez. Antiespezismoak eraman nau norbanako guztien alde egitera”. Ontzat jo du Euskal Herriko hainbat txokotan talde antiespezistak sortu izana: “Jende anitz ari da mugimenduarekin bat egiten, eta indar eta gogo handiz ari dira”. Argi utzi du, halere, arerioa ez dela nolanahikoa: “Ordena ezarriaren aurka ari gara”.

Bidea borroka dela ez du zalantzarik Rodriguezek, eta Roke Enea da, orain, bere borrokarako esparru nagusia. Hamaika norbanakoren aterpe bilakatu du bere etxea, eta haien istorioen bidez, gizakiz bertzeko animalia guztien errealitatea jarri nahi du erdigunean. “Babeslekuen helburu ere bada kontzientziak astintzea eta antiespezismoaren berri zabaltzea”, nabarmendu du.

Roke Enean bizi dira, bertzeak bertze, Rukeli ardia, Canek txerri-basurdea, Nawi txerria eta Indala txakurra. Rukeli Nafarroatik ailegatu zen Rodriguezen etxera. “Bide bazter batean aurkitu zuten, amaren hilotzaren ondoan”. Roke Eneko aterpetu guztiek utzi dituzte atzean esperientzia gogorrak. Zauriak sendatzen ari dira, oraindik ere, baina Rodriguezi esker, hutsetik hasteko behar duten babesa eta zaintza aurkitu dituzte. Paradisua aurkitu dute Rokeren etxean.

Iruzkinik gabe