Duela gutxi izan genuen animalien eskubideen aldeko Mary Max aktibista beteranoaren heriotzaren berri. 52 urteko emakumeak bere buruaz beste egin zuen New Yorkeko bizilekuan. Albisteak kolpe gogorra jo dio animalien aldeko AEBetako komunitateari; izan ere, Max erreferentziazko figura bat zen animalien eskubideen aldeko mugimenduan.
Besteak beste, Maxek Humane USA-PAC sortu zuen 2000ko hamarkadan, AEBetan animaliak kontuan izango zituzten legelarien hautaketa hobesteko. Ostean sortu zuen Voters for Animal Rights elkartea, helburu berbera New Yorken bultzatzeko asmoz. Hainbat ekitaldi publiko ere antolatu zituen, sentsibilitate horretatik gertu ziren legelariekin zein ezberdintasun ideologikoak zituztenekin solasean aritu eta ideiak partekatzeko, mahai gainera ekartzeko haragi kontsumoaren murriztea eta gogoeta sustatzeko horrek gizartearen hainbat esparrutan eragin litzakeen ondorioen inguruan.

Animalien Eskubideei buruzko Legegintzako Batzordearen entzunaldia.
Praktikara ere eraman zuten jardun hori: Haragirik Gabeko Astelehenak egitasmoa jarri zuen martxan AEBetako hiri handietako institutu publiko denetan, eta hari horri tiraka lortu zuen lege bat onartzea, zeinak New Yorkeko institutuak behartuko zituen haragi prozesatuak gradualki ezabatzera, eta %50 murriztuko zuen haragi gorriaren erosketa. Eskolentzako Janari Osasuntsua koalizioaren sortzaile ere izan zen Max. Erakunde horrek elikadura begetalean oinarrituriko dieta hedatu zuen eskola komunitatean, baita nutrizio hezkuntzaren berri eman ere. Max oso aktibo jardun zen esparru politikoan, eta ahalegindu zen jardun instituzionalaren funtzionamendua ezagutzen eta bertan eragiten, sistema barrenetik eraldatzeko asmoz.
Hein batean, Mary Max matriarka moduko figura bat bilakatu zen New Yorkeko aktibisten komunitatean. Ekintzaile berriei bidea erraztu eta mentoretzak eskaini zizkien; komunitateko kideen arteko loturak sendotzearen alde egin zuen lan, eta gizarte, politika zein kultura alorreko pertsonei lagundu zien, haien ibilbideak eragin handiagoa izan zezan iritzi publikoan.

Azken finean, Mary Maxen ahalegin nagusietako bat izan zen animaliak babestearen aldeko ideiak mainstream bilakatzea, hau da, korronte ideologiko nagusian txertatzea. Bide horretan osatu zuen 2011. urtean Vegucated dokumentala. Haragia eta gazta jatea maite duten hiru lagun dieta beganoa probatzera gonbidatzen ditu dokumentalak, eta horrela sustatzen du gogoeta, batetik animalien industriaren inguruan eta, bestetik, eguneroko kontsumoaren bidez mundua eraldatzeko dugun gaitasunaren inguruan.
Mary Maxen bizitza hedabideen arretara lotua egon da halabeharrez; izan ere, Peter Max senarrak sona eskuratu zuen 60ko hamarkadan arte plastikoen alorrean. Garaiko kontrakultura mugimenduko musika eta ikus-entzunezko sortzaileentzat aritu zen lanean diseinatzaile artistiko gisara. Horren ondorioz, hedabide jeneralistek bere emazte soil gisara ikusi izan dute Mary Max. Are gehiago: ekainaren 11n, haren heriotzaren berri izan genuenean, hedabide gehienek honako titular hau erabili zuten: “Mary Max hil da, Peter Max pop artista sonatuaren emaztea”. Inor gutxik nabarmendu zuen 52 urteko emakumeak bizi osoan animalien alde eginiko lana.
Maxen aktibismo ereduak hainbat eztabaida ildo ireki ditzake. Batetik, sistema barrutik irauli eta masa sozialean eragitearen edota kanpotik alternatiba erradikalago bat defendatzearen arteko amaigabeko dilema; bestetik, mainstream kulturan barneratzeak zenbateraino eralda edo desbidera ditzakeen norbere jatorrizko aldarriak. Kapitalismoa produktu beganoak eskaintzen eta normaltzen hasi den honetan, haren lanak eraman gaitzake beganismoaren eta antiespezismoaren arteko bereizketa eztabaidatzera ere. Baina, edozeren gainetik, Mary Maxen ekarpenak onarpena merezi du. Sekulako ahalegina egin zuelako hainbat esparrutako eragileen indarrak batu eta, aurkako norabidean den gizartean, animalien eskubideen aldeko aldarria indartsuagoa izan zedin, eta, batez ere, gizakion artean sustatu zuelako ideia bat: ezinbestekoa da sentitzeko gai den izaki ororekiko dugun harremana berriz pentsatzea.
Mary Maxek telebistan emandako elkarrizketa bakarretako bat, Vegucated dokumentalaren aurkezpen ekitaldian, 48. segundotik aurrera:

Iruzkinik gabe