Irakurgai honetan, zapaltzaile bati zapalduekiko ardura ernatuko zaio. Eboluzio hau bost partetan kontatuko da.
Bat: pribilegioak
Azalez zuria zara, gorputzez argala. Europarra zara, alegia, inperialismoaren alde pribilegiatuan kokatua zaude. Ikuspegi bitarretik esleitu zaizun zis-gizonezkotasunean eroso xamar zaude. Heterosexualtzat duzu zeure burua. Diruaren morroi baina aterpea eta jateko lain ateratzen duzu. Kapazitatez ere pribilegiatu. Eta animalia espezie guztien artean pribilegiatuena zara, gizakia zara.

Egia da herri eta hizkuntza subalterno baten parte zarela, inperialismoen menpeko. Ez zaudela menderakuntzaren piramidean tontor-tontorrean kokatua, baina pribilegiatutik gehiago duzu. Eta pribilegiatuei autokritiko, entzuteko prest, umil, arduratsu izatea besterik ez dagokie. Garbi esanda, ahotsik ez zutela uste zenuen horiei entzutea dagokizu.
Bi: beganismorantz
Badakizu %100 begetal janez elikadura orekatua eraman daitekeela. Horrek dilema sortzen dizu kontzientzian. Ezinegon horrek motibatuta, dieta beganoa probatzen hasten zara, zure ingurumarian bakarra izateak sortzen dituen beldurrekin. Hala, ingurukoei begano probatzen ari naiz! esango diezu.
Dieta beganoarekin hasi eta hilabete batzuetara, komunitate zientifikoak behin eta berriz baieztatua duena sinesten duzu: posible dela, benetan egia dela: ondo diseinatutako dieta beganoa guztiz balekoa dela. Orduan, beganoa naiz! esaten hasten zara.
Badakizu begano izatea dietaz haratago doala. Animaliekin esperimentatutako produktuak baztertzea; larru, artile, zeta, ile, luma eta horrelakoekin ez janztea; zoo, zirku, akuario eta antzekoei boikota egitea. Garai batean ez zenuen berehalakoan pentsatuko animalien erabilera hain sistematikoa zenik, ezen gutxien uste duzun tokian animalien esplotazioa baitago.

Horrela, etxeko jantziei erreparatzen diezu, baita xaboiei ere, edota garbigarriei, hortzetako pastari, argizaridun hortzetako hariari, etxean duzun panderoaren larruari eta albokaren adarrari. Joaldunetan irtetean gerri bueltan zer jarri?, eta horrelako hamaika galdera egingo dituzu. Alternatiben bila hasten zara. Pixkanaka-pixkanaka, animalien erabileratik datozen produktuak zure bizitzatik ehuneko handi batean murrizten dituzularik.
Hiru: beganozentrismoa
Zergatik zara begano? galdetzen dizutenean, konturatzen zara erantzunak molestatu egiten duela. Dena, gizakiz besteko animaliei egiten dieguna ez dela beharrezkoa eta bidegabekeria dela esateagatik.
Konturatzen zara, mezua baino, mezularia kritikatuko dela. Zure sakelako telefonoaren koltana, zure jantzien jatorria, eta abar. Zuk badakizu munduko txoko honetan gizaki arrunt jaio izanak pribilegioz hornitzen zaituela. Badakizu sistema kontsumista honetan zure kontsumoa murriztuagatik ere, alternatiba etiko batzuk aurkituagatik ere, kontsumorik txikienak zapalkuntza anitz sustatzen dituela. Ez zara zeure burua zuritzen saiatuko, eta baietz erantzungo diezu, arrazoi dutela, zapaltzaile zarela, hor ere alternatiba etikoak bilatu edo eraiki behar ditugula, baina batak ez duela bestea kentzen.
Kafetegian, txandan-txandan zuri gonbidatzea dagokizunean, lagunei kafesne edo dena dalakoa landare esnez hartzeko eskatuko diezu. Normalean ondo hartuko dute, baina zure txanda ez den guztietan behiaren esnea hartzen jarraituko dute.
Jatetxeetan, edonolako entsalada kaxkarra onartu baino lehen, barau egingo duzu, jatetxeak eta zure lagunarteak ikas dezan zuretzat gai serioa dela. Baina alferrik, inor ez da zure lekuan jarriko, gutxiago gizakiz besteko animalien lekuan.
Korroan, langostinoak jateaz hizketan ari direnean deseroso sentitzen zara. Berdin animalia jangai kontsideratzen den edozein elkarrizketa amaigabetan ere. Ezin duzu termino horietan elkarrizketan parte hartu; beraz, komunera joango zara edo isil-isilik egongo zara, harmonia onaren mesedetan.
Mahai-inguruan, denek errespetatzen zaituztela esango dizute, baina zuretzat injustua den hori zure muturren aurrean erreproduzituko dute.
Elkartean, lagunartean egiten diren otorduetan guztiok begano jatea proposatuko duzu bestela, ez zarela-eta eroso sentitzen. Garbi utzi dizute, ordea, aspaldiko partez lagunartea elkartzeko aitzakia ez dela bazkaria edo afaria, haragia baizik.
Plateretan hilotzak direlarik, ez duzu opatuko edukaziozko on egin!–ik. Eta besteen on egin! horiei aske direnean! erantzungo zenieke. Baina isilik eusten diozu.

https://www.aarp.org
Inor euli eta eltxoak zanpatu nahian hasten bada, ez akabatzeko eskatuko diozu, molestatzen badio uxarazteko edo korridoreko argia pizteko. Hasieran irrigarria iruditzen bazaie ere, denborarekin eurak ere beirazko poto eta paper batekin intsektuak gelatik ateratzen ikusiko dituzu.
Hizkuntzari ere begiratuko diozu: astakeria, aberats, kabroi, zerri, txoriburu, urdanga, antzarak ferratu, sardinak latan bezalako hitzak eta esapideak saihestu eta alternatibak bilatzen saiatuko zara. Izan ere, hitz horiek gizakiz besteko animalien zapalkuntza normalizatzen dute, eta gutxiesgarri dira haientzat.
Mundua aldatzeko asmorik gabe hasi zen dieta begano hura zerbait politikoagoa bilakatu da. Orduan hasten zara beganismoa zer den benetan ulertzen. Konturatzen zara injustizia baten aurrean hartzen den posizio politiko dela, betebehar moral minimo bat. Alegia, ahal den neurrian bizitzeko interesa dutenei kalte ez egitera bakarrik mugatzen dela. Nolabait esateko, norbere ekintzetan bakarrik jartzen duela begia. Alegia, zu kalterik ez egiten saiatzen zara, baina normaltasun osoz utzi behar diezu besteei kalte egiten? Beste aldera begiratu behar duzu? Beganismoaren motibazio injustizia bada, horren aurka ezer ez egitea hipokrita izatea litzateke, epelkeria.
Lau: antiespezismoa
Ulertzen duzu beganismoa ondorioa dela; kausa, espezismoa. Hau da, espeziea bezalako arrazoi arbitrario bategatik inor diskriminatzea. Espezismoaren ondoriorik agerikoena da sudurraren puntan jartzen zaigulako beste espezieetakoei duin bizitzeko interesa ez errespetatzea. Nahieran bahitu, gatibatu eta erailtzea.
Beraz, espezismoa da borrokatu behar den injustizia. Eta, berori izendapenetik bertatik borrokatzen hasteko, antiespezista zarela esaten hasiko zara. Injustiziak ikusita ez duzu paso egingo, esku hartu baizik. Antiespezisten betaurreko beltzen lenteetatik errealitate berri bat ikusten hasiko zara. Gizakiz besteko animaliengan orotariko erresistentziak antzemango dituzu: toki txikietan bahiturik egoteak eragindako portaera errepikakor anomaloak, edota heriotzaren aurrean herio batean daudelarik egiten dituzten garrasi, ostiko eta beste hamaika askatasun oihu entzungo dituzu.
Oiloentzat arrautza bat errutea ze sufrimendu den ikasten duzu, nolako higadura den haien gorputzentzat. Gainera, egunean bat errutea bilatuz gurutzatu ditugu; alegia, haien fisiologiak berak bizi osoko sufrimendu etengabe batera kondenatzen ditu. Eta antzera beste etxe abereekin ere.

Era berean, ikasten duzu itsaso, erreka edo eta arrai-haztegietako animaliak amuz, sarez edo arpoiz uretatik zauriturik ateratzea eta ondorengo ezin arnastuzko egoera gu uretara berdin sarraraztearen eta itotzen edukitzearen pareko sufrimendua dela.
Ekosistemen balizko kontserbazio ideal baten bila bertako animaliak nahieran, akabatzen direla ohartzen zara, izurrite omen direlako. Munduak duen izurrite handiena eta ekosistema suntsitzaileena gizakiona denean.
Garbi eta ozen aditzen diezu, ez hiltzeko, ez sufritzeko, ahalik eta duinen bizitzeko eta aske izateko interesa dutela. Interes horien existentzia ukaezina da.
Bost: eskubideak
Ikusi duzu historian zehar eskubideak sortzen direla eliteak norbanako edo kolektibo baten interesak aitortzen dituenean. Orduan kontsideratuko dute zapaldua subjektu politiko. Eta beti eskubideen monopolioa eliteek dutela ikusi duzu, biolentziaren monopolioa duten berdinek, pribilegio gehien dituztenek.

https://noticieros.televisa.com
Urteetako menderakuntza lagun, eliteak bere pribilegioak normalitate bilakatuko ditu. Gainera, bere menpekoak bezatuak, xalotuak eta sumiso bilakatuak izango ditu. Alegia, jada ez dira euren zapaldu-kondizioaz ohartuko. Eta eliteak kondizio nahasi hori baliatuko du bere zitalkeria zuritzeko. Ankerra dena are eta ankerragoa eginez. Injustua dena are eta injustuagoa eginez.
Azkenean, panorama ikusita, konturatzen zara bizitzak erdigunera eramatea imajina daitekeen iraultzarik handiena dela.
Hausnarketarako bazka izango duzuelakoan, eskerrik asko honaino irakurtzeagatik.
Iruzkinik gabe