Jomugan. Ameriketako Estatu Batuetan, Ingalaterran, Austrian, Herbeheretan, Espainian, Galizian, bai eta Euskal Herrian ere. Animalien Askapenaren aldeko mugimendua sistemaren jomugan izan da, eta bada. Duela zortzi urte, gaurko egunez, gizakiz bertzeko animalien aldeko Bilboko lau ekintzaile atxilotu zituen Guardia Zibilak, Galiziako hainbat haztegitako bisoiak askatzea egotzita. Espainiako eta Galiziako bertze zazpi ekintzaile atzeman zituzten guardia zibilek, egun berean, Santiagoko (Galizia) Jose Antonio Vazquez Tain epailearen aginduz. Hamabigarren bat ere inputatu zuten. Handik lau urtera, 2015eko udan, auzia artxibatu egin zuten. Polizien azpijokoak arrasto sakona utzi zuen mugimenduan, halere, atxiloketak inflexio puntu bat izan baitziren ekintzaile eta talde anitzentzat.
Azken bi hamarkadetan, polizien azpijokoek han eta hemen jo dituzte gizakiz bertzeko animalien aldeko ekintzaileak. 2007. urtean, 30 aktibista atxilotu zituzten, Belgikan eta Herbeheretan, 700 polizia erabili zituen operazio batean. Ingalaterran, berriz, hamasei ekintzaile auzipetu zituzten “konspirazioagatik”, Huntingdon Life Sciences (HLS) konpainiaren aurka egindako kanpainaren harira. 2009an, haietako zazpik 11 urteko espetxe zigorra jaso zuten. Atxilotutako zenbait aktibistari Tony Blairrek onartu ASBO legeak ezarri zizkieten. Jokabide Antisozialaren Aurkako Aginduak dira horiek, eta animalien aldeko ekintzaileen jarduera mugatzeko balio izan dute. Animalien askapenaren aldeko mugimenduaren aurkako errepresioak 2008. urtean jo zuen Austria. Hamar ekintzaile atxilotu zituzten, “erakunde kriminaleko kide” izatea egotzita. Hiru hilabetez egon ziren espetxean, eta 90 egun iraun zuen epaiketaren ondotik, guztiak absolbitu egin zituzten.
Mugimendua kriminalizatzea izan dute helburu gizakiz bertzeko animalien askapenaren alde ari diren ekintzaileen aurkako kolpe guztiek. Euskal Herria jo zuen 2011ko operazioaren kasua ez da salbuespen bat. Lehendabiziko fasean hamabi ekintzaile inputatu zituzten, eta bigarren fase batean bertze hamahiruren aurka egin zuen Vazquez Tain epaileak. Zilegi ez den elkartea sortzea, pertsona juridikoaren egoitza bortxatzea, sekretuak agerraraztea, eta landareen eta faunaren aurkako delituak eta sabotaje ekonomikoa egitea egotzita auzipetu zituzten. Vazquez Tainek berak erabilitako hitz bat nagusitu zen, hala ere, operazioaren berri eman zuten hedabideetan: ekoterrorismoa.
Hitz horrek zama astuna du atzean. Nabarmentzekoa da Euskal Herrian Guardia Zibilaren GAR taldeko kideek egin zituztela atxiloketak, eta horien irudiak erruz zabaldu zituztela hedabideetan. Ekoterrorismo hitza AEBetako Merkatu Askearen Defentsarako Zentroko presidenteorde Ron Arnoldek asmatu zuen, 1982. urtean. 1991n, The New York Times-ek jasotako elkarrizketa batean argi eta garbi mintzatu zen Arnold: “Gu ailegatu arte inork ez zuen uste ekologistak arazo bat zirela. Gure helburua da mugimendu hori suntsitzea eta desagerraraztea”. Argi utzi zuen ingurumenaren eta gizakiz bertzeko animalien aldeko ekintzaileek arlo horretako industriari kalte egiten ziotela. Eta bazter utzi behar zituztela.
AEBetan, hain zuzen ere, legeak onartu dituzte, zehazki, animalien askapenaren aldeko aktibisten lana oztopatzeko eta hutsean uzteko. 1992. urtekoa da AEPA izenekoa, adibidez: Animal Enterprise Protection Act. Lege hori baliatu zuten HLS laborategien aurkako AEBetako kanpainan parte hartu zutenak auzipetzeko: hiru urte eman zituen espetxe federal batean Andy Stepanianek, webgune batetik animalien eskubideen alde lan egiteagatik. Bertze bost ekintzailek zigor bera jaso zuten. HLSren aurkako boikota bultzatu zuten ekintzaileok. “Helburua izan zen enpresa horren jarduera ekonomikoari kalte egitea”, azaldu zuen Stepanianek, Berria-n, 2013an sinatutako testu batean. HLS diruz eta bertze hainbat moduz laguntzen zuten konpainien aurka egin zuten ekintzaileek kanpaina, zehazki, laborategiek babesa gal zezaten. Eta lortu zuten: laborategien akzioek 35 dolar balio izan zuten, gehienez, baina kanpainaren ondorioz, berriz, 0,01 dolar, bertzerik ez.
AEPAren tokia hartu zuen AETA izeneko legeak, 2006. urtean. Lehendabizikoa gogortu egin zuen bigarren horrek, eta terrorismo hitza jarri zuen mahai gainean, ezkutatu gabe: Animal Enterprise Terrorist Act izena du. Ag-Gag izeneko legeak izan dira AEBetan onartzen azkenak, gizakiz bertzeko animalien aldeko ekintzaileen lana oztopatzeko. Green is The New Red (Berdea da oraingo gorria) izenburuko liburuan, Will Potter kazetariak argi eta garbi azaldu zuen gisa horretako legeen helburua zein den: “Munduko enpresarik handienen interesak zalantzan jartzen dituzte ekintzaileek; eta horrek haien arerio bilakatzen ditu”, erran zuen, 2013an, Berrian.
2007ko eta 2010eko askatzeak
Igualdad Animal eta Equanimal taldeen aurka egin zuen Euskal Herria jo zuen 2011ko operazioak. 2007an eta 2010ean, Galizian hainbat haztegitan ziren bisoiak askatu zituen Animalien Askapenerako Fronteak. Vazquez Tain epaileak Igualdad Animal eta Equanimal taldeetako kideei egotzi zizkien askatze horiek. Galizian bertzelakoa izan zen ekintzaileon lana, ordea: hainbat urtez, herri horretako haztegietan ikerketa egin zuten, bisoien errealitate gordinaren berri jaso eta zabaltzeko. Galizian, gainera, ehizaren aurkako ekintzak egin zituzten gizakiz bertzeko animalien aldeko kideok, bertzeak bertze azeriak hiltzeko txapelketak sabotatuz.
Ekintzaile antiespezistek zalantzan jarri zituzten gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen eta zapaltzen zituzten industriak, eta industria horiek kolpea jotzea erabaki zuten. Espainian, Galizian eta Euskal Herrian 2011an atxilotutako ekintzaileak Santiagora eraman zituzten. Bost egun egin zituzten polizien etxeko ziegetan, epailearen aurrera eraman zituzten arte. Bost egun horietan, atxiloketak bidegabeak zirela salatzeko, gose greba egin zuten antiespezistek.
Bilbon atxilotuetako bat zen Eneko Perez Equanimal taldeko ekintzailea. 07:00etan sartu ziren guardia zibilak bere etxean, eta hiru orduz egon ziren miatzen. Autoan sartu, eta Santiagora eraman zuten. Epailearen aurrean agertu eta gero, Vazquez Tainek Teixeiroko espetxera bidali zuen Perez, Galiziako Olaia Freiria eta Eladio Ferreirarekin batera. Hemeretzi egunez egon ziren kartzelan, Coruñako Probintzia Auzitegiak haien abokatuak aurkeztutako helegitea aintzat hartu arte. Auzitegi horrek hiru kideak askatzeko agindu zuen, azkenean.
Auzia ez zen orduan itxi, ordea. Lau urtez egon ziren inputatutako ekintzaile guztiak haien aurkako prozesuak baldintzatuta. Ez ziren geldirik egon, halere. 2012ako abenduan, Errepresioaren Aurkako Kongresua egin zuen Igualdad Animal taldeak -atxiloketak gertatu eta gero, Equanimal eta Igualdad taldeek bat egin zuten, azken horren izenpean-, Madrilen. 2013an, berriz, hitzaldi bira egin zuten Eneko Perezek eta Eladio Ferreirak, haien aurkako operazioaren berri emateko.
Auzia 2015eko udan itxi zen. Vazquez Tainek instrukzioa utzi zuen epaitegiz aldatu zutenean; Margarita Guillenek hartu zuen orduan auziaren ardura, eta fiskalak egindako eskaerarekin bat egin zuen: kasua artxibatzea erabaki zuen, bisoien askatzeak eta ekintzaileak lotuko zituen datu bakar bat ere ez zegoelako. Larrungintzaren industriako ordezkariek helegitea aurkeztu zuten erabaki horren kontra, baina Coruñako Probintzia Auzitegiak atzera bota zuen. Erakunde horrek legezkotzat jo zuen, gainera, Igualdad Animal eta Equanimal taldeek animalien defentsan egindako lana: “Jarduera kritikoak dira, ez, ordea, delituak”.
“Kolpea saihestea lortu dugu, baina ez dugu ezer irabazi; prozesu politikoa izan da, eta jendeak argi izan behar du ez dela justizia egin”. Horixe nabarmendu zuen Eneko Perezek, auzia artxibatu zutela jakin eta gero, Bizkaiko Hitzan. Ekintzaileek lasaitua hartu zuten prozesua bertan behera utzi zutenean, baina lau urtez izan zuten haien kontra martxan jarritako auziaren zama bizkarrean. Horren prezioa ordaindu zuen mugimenduak, operazioak eten egin baitzuen animalien askapenerako ekintzaileen jarduera, neurri handi batean. 2011ko egoerarekin alderatuta, bertzelakoa da Euskal Herriko egungo egoera; gora egin dute tokiko talde antiespezistek, herriz herri. Ez dira hutsetik sortu, eta aurretik egindako bideak ere moldatu ditu egungo lan egiteko moduak. Ez ahazteko dago iragana. Kontuan hartzeko eta ikasteko.
Iruzkinik gabe