Bezalak, Gasteizko talde antiespezistak, hamarkada erdiko lana du atzean jada. Ainara Martinez hasieratik da kolektiboko kide. Gogoratu du Arabako hiriburuko hainbat beganok bat egin eta gero sortu zutela. Martinez izan zen bultzatzaileetako bat, eta argi erran du Donostialdeko Askekintza adibide hartuta erabaki zutela taldea martxan jartzea. Hasierako bileretan bat egindako denek ez zuten helburu bera, halere. “Kolektibo antiespezista bat sortzeko ideia nagusitu zen, ordea, eta horren alde egin nahi genuenak gelditu ginen taldean”. Mugimendu antiespezistaren izaera politikoa nabarmentzeko eta karrikan gizakiz bertzeko animalien aldeko borrokaren berri emateko jarri zuten abian Bezala.
Zintzotasunez hitz egin nahi izan du Martinezek. “Gorabeherak izan ditugu, eta orain nahiko geldirik gaude. Anitz eskertuko genuke jende gehiagok (eta batez ere jende gazteak) gurekin bat eginen balu”. Kolektiboa berritzeko zailtasunak jo ditu Martinezek egungo egoeraren erantzule nagusi, hain zuzen ere, taldea sortu zutenak direlako oraindik ere Bezalako ardatz eta eragile. “Ez dugu lortu Askekintzak bezala ekintzaileak ordezkatuz joatea taldearen egitura galdu gabe”, erran du Bezalako kideak.
Errealitatea den bezala onartzeko beharra jarri du Martinezek mahai gainean, baina horrek ez du erran nahi Bezalak Gasteizen egindako lanak fruiturik eman ez duenik: taldeko kideak nabarmendu du kolektiboak bere hazia jarri duela mugimendu antiespezista loratzeko; gizakiz bertzeko animalien aldeko borroka bultzatu duten gakoen artean bat izan dela Bezala. Hasierakoak gogoratzen dituenean, hain zuzen, erraz jabetzen da Martinez hirian izan diren aldeketez. “Orain gehiago hitz egiten da beganismoaz eta antiespezismoaz; jendeak ezagutzen ditu Bezala edo Gasteizko Talde Antiespezista; gaiak gero eta toki gehiago du hedabideetan. Kolektiboetatik kanpo ere, gaztetxean edo Errekaleorren, adibidez, bada jendea, bere kabuz, lan polita egiten”.
Formakuntzaren garrantzia
Ainara Martinezek eta bertze hainbat kidek gizakiz bertzeko animalienganako harremanari buruz egindako gogoetak jarri zuen martxan Bezala sortzeko prozesua. Martinezen kasuan, lagun batekin izandako solasaldiak eragin zuen bere aldaketa ekarri zuen klika. “Bat-batean, animaliak jaten ari nintzela konturatu nintzen”. Espezismoaz jabetu eta gero, aldaketak atzera-bueltarik ez zuela argi ikusi zuen Martinezek, eta auzian sakontzen joan zen. Formakuntzak garrantzi handia izan baitu beti Bezalako kideentzat: Martinezek “funtsezkotzat” jo du.
Formakuntzak ekarri dio Bezalako kideari gizakiz bertzeko animalien aldeko borrokari buruz egun duen ikuspegia. Borroka horren izaera politikoa nabarmendu du, eta espezismoaren erroak bertze zapalkuntzen erroekin lotu ditu. Martinezek azalera ekarri du, halaber, kolektiboak duen garrantzia: “Hartzen ditugun erabaki guztiak dira politikoak; antiespezismoaren izaera politiko hori sentitu egin nuen; kolektibo baten aurkako zapalkuntza bidegabea dela sentitu egiten duzu, eta hori politikoa da”.
Hain zuzen ere, antiespezismoak eraman zuen Martinez feminismoaren alde kolektibo horretaz jabetzera. Gizakiz bertzeko animalien aldeko mugimenduan emakumeak eta generoa auzitan jartzen duten bertze identitateak dira nagusi, baina Martinezek uste du oraindik ere mugimendu feministan mesfidantza dagoela antiespezismoa borrokatzat hartzeko. “Ez bakarrik feminismoaren esparruan; bada jendea gure mugimendua politikotzat jotzen duena, baina oro har bertze borrokek ez dute halakotzat hartzen”. Bidea hori dela argi du, ordea; antiespezismoak baduela beharra bertze borroken artean dagokion tokia aldarrikatzeko. “Hori lortzeko jarraitu behar dugu lanean, ez dugu bertze erremediorik”.
Lan hori egiteko, hainbat talde antiespezista sortu dira Euskal Herrian azken urteotan. Martinezek “ontzat” jo du hori. “Gizakiz bertzeko animalien alde egiteko gogoz eta ilusioz dagoen jendea dago, eta hori hagitz polita da”. Bere esperientzia oinarri hartuta, Martinezek erantsi du, hala ere, gogoa ez dela nahikoa, eta lan egiteko grina eta ilusioa eraginkorragoak direla formakuntza lagun dutenean. “Gauzak egin behar dira, noski, baina egiten dugun hori formakuntzatik garatzen badugu, are eraginkorrago izanen gara”.
Talde antiespezistek elkarri laguntzea eta elkar babestea ere garrantzitsutzat jo du Ainara Martinezek; nabarmendu du Bezalak oinarri hori ikur izan duela beti. “Eta horretaz hagitz harro nago. Ekintzena baino, informazioa eta komunikazioa izan dira gure lan esparruak, baina beti egon gara bertze taldeak babesteko prest, gure beharra izan dutenean”.
Gero eta talde antiespezista gehiago dago Euskal Herrian, elkarri eskua emateko prest. Nor bere testuinguruan aritzeko beharra jarri du Martinezek mahai gainean, eta berretsi du bidea dela egungo errealitatea iraultzeko gogoa formakuntzarekin uztartzea. Gizarte osoak antiespezismoa borroka politikotzat har dezan. Bezalak jarri du hori lortzeko bere hazia, eta ureztatzen jarraitu nahi du. Loratu arte.
Iruzkinik gabe