“Antiespezismoak ezin dio eutsi mendebaldeko logikari; mugimendurik politizatuenak ere huts eginen du baldin eta bazter uzten ez baditu mendebaldeko logika horrek bere baitan dituen kolonialismoaren eta arrazakeriaren historiak”. Argi eta garbi mintzatu zen Daniela Cladera maiatzean, Hernanin, Euskal Herriko antiespezistek egindako topaketetan. Duela hamazazpi urte ailegatu zen Bartzelonara Bolivia sorterritik. Arte Ederrak ikasi zituen; feminismoaren inguruan eta arrazakeriaren aurkako kolektiboetan egin duen lanak eraman du bertze hainbat borroka esparrutara; antiespezismoa da horietako bat.
Bat eta bera, Claderak irmo ohartarazi baitu animalia izatea zer den ere azaltzen duen ikuspuntua mendebaldekoa dela, Europakoa, edo kristautasunak sortua. Logika horren arabera, animalia da arimarik ez duena eta, ondorioz, erabili eta zapaltzen ahal dena. Kolonialismoaren izenean egindako sarraskiek ideia hori baliatu dute, hain zuzen ere, mendean hartutako bertze herri horietako kideak esplotatzeko, hiltzeko eta suntsitzeko: arimarik gabekotzat jo dituzte, animaliatzat. “Egungo Europa mendez mende bertze herriotan egindako espoliazioaren ondorio da; kolonialismoak indarrean jarraitzen du”.
Claderak historiari egin dio so oraina iraganarekin lotzeko, eta, hainbat prozesu azalduz, iragan horretan sortutako ideologien soka ekarri du egungo errealitatera. Gizakiz bertzeko animalien etxekotzea aipatu du, adibidez. Etxekotze hori gertatzen da, hain zuzen ere, gizaki taldeak toki batean finkatu eta toki horren jabe bilakatzen direnean. Latinezko domus hitzarekin lotu du Claderak gaztelaniazko domesticación. “Espazio kultural bat da domus edo etxe hori; dominus izenekoa da etxe horren jabea, eta jabe hori da gizona, hain zuzen ere. Gizona da etxearen eta bertan bizi den familiaren jabe; denak dira dominus horren jabego: emaztea, seme-alabak, esklaboak. Familiako aita edo pater da gizona. Hortik datoz gaztelaniazko patrimonio eta patriarcado ere”. Gizakiz bertzeko animalien etxekotzeak ekarri zuen gizonak domus edo etxe horretatik kanpo zegoen natura ere bere mende hartzea.
Txakurra da gizakiak etxekotutako lehendabiziko animalia. Adibide hori nabarmendu du Claderak mahai gainean jartzeko hainbat ideia: batetik, etxekotze prozesu hori luzea eta konplexua dela, eta ekartzen duela, nagusiki, etxekotu den animalia suntsitzea. “Gizakiz bertzeko animaliak etxekotzeko prozesuen erdigunean bahiketa bat dago; animalioi beren izaera ere kendu egiten diete. Etxekotzea da animalia izaki otzan bilakatzea, zapaldu eta esplotatu ahal izateko”.
Bertzetik, gizakiz bertzeko animalien zapalkuntza “kulturala” dela erantsi du Claderak: txakurrak laguntzat dituzte toki anitzetan; bertze zenbaitetan, berriz, kontsumorako animaliak dira. Etxekotzeak ekarritako ondorio bat da gizakiz bertzeko animalien sailkatze hori, hain zuzen ere. Badira batzuk gizakiak lagun dituenak; bertze anitz kontsumorako hartzen ditu. Kontsumo horrek ekartzen du animalia suntsitzea. “Kontsumitzen duzun hori suntsitu egiten duzu”.
Binarismoa
Daniela Claderak jorratutako bertze prozesuetako bat da animalia zer den zehazteko gertatutako hainbat mendetako eztabaida. Genesia ekarri du gogora, eta azaldu du liburu horrek patriarkatua oinarri duen eraikuntza islatzen duela: “Gizona da natura osoaren jabe, eta horren barruan daude emakumeak, gizakiz bertzeko animaliak, bai eta lurra eta landareak ere”. Claderak mahai gainean jarri du Greziako pentsalariek erdigunean jarritako binarismoa ere, ideia horrekin lotuta. “Platonek eta haren jarraitzaileek garatu zuten biranismoaren ideologia hori”. Horren arabera, gizona emakumearen gainetik zegoen; arima gorputzaren gainetik; kultura naturaren gainetik; arrazoia emozioaren gainetik. “Platonek adimenarekin eta arrazoitzeko gaitasunarekin lotuta eraiki zuen botearen logika; horren arabera, gizon askea zen boterea bere esku zuena; ez edozein gizon, alegia. Esklaboak basatitzat jotzen zituzten, ia animaliatzat, eta, ondorioz, bazuten haiek zapaltzeko zilegitasuna”.
Animaliatzat hartzen den hori definitzeko prozesua 1492an hasitako kolonizazio bortitzarekin lotu du Claderak. “Une hartatik aurrerako gizakiz bertzeko animalien zapalkuntzaren historia lotuta dago animaliatzat hartzen den horren ideiarekin”. Konkistatzaileak Indian zirela pentsatuz ailegatu ziren egun Amerika deitzen dugun kontinentera, eta hango biztanleak “erlijiorik gabekotzat” jo zituzten hasieratik. Horrek ondorio larriak izan zituen: “Erlijiorik ez zuenak arimarik ez zuen; gizakia baino, animalia zen; zapaltzen ahal zen izakia, alegia”. Logika horrek ekarri zuen konkistatzaileek mendean hartutako herriotako biztanleen sarraskia. Antzekoa da gizakiz bertzeko animaliak mendean hartzeko eta zapaltzeko logika ere. Claderak argi eta garbi erran du: “Egungo arrazakeriak kolonizazioan du oinarria”. Izan ere, gizakien sailkapenaren helburua da batzuek bertzeengana duten botereari eustea. “Herrien eta pertsonen arteko bereizketa koloniala eraiki dute 500 urtez, herri eta pertsona horiek animalia bilakatuz”.
Kolonialismoaren bidez, Europak Amerika eta Afrika espoliatu zituen. “Erdi Aroa garai iluna izan zen Europako herrientzat; Jainkoa zegoen gauza guztien erdigunean. Kolonialismoak ekarri zuen Europak aurrera egitea, eta Jainkoaren tokian jarri zen Europako gizona. Humanismoa ezarri zen, baina humanismo horrek milaka eta milaka pertsonaren aurkako indarkeria zuen oinarrian. Europak gora egin zuen bertze herriak espoliatu zituelako. Errealitate hori dago kapitalismoaren sorreran”.
Kolonizazioak ekarri zuen Europako hiriak handitzea, eta hiri horietan gora egin zuen, halaber, gizakiz bertzeko animalien gorputzen kontsumoak. Kapitalismoarekin estuki lotutako azpiegiturak eraikitzen hasi ziren hiriotako periferian: hiltegi handiak edo egun industrialtzat jotzen dituztenak. 1850. urtean, Chicagokoa zen eredu horren adibide nagusia. “Henry Fordek gisa horretako hiltegiak hartu zituen oinarri bere auto fabriken muntaketa-kateak martxan jartzeko”, nabarmendu du Claderak. Hiltegietako sistemak oinarri hartu zituen Europako faxismoak ere, eta kontzentrazio esparruetan erabili zituen. “Egun, hiltegiak alderatzen dira nazien kontzentrazio esparruekin, baina, berez, alderantzizkoa izan zen prozesua: naziek hiltegiak baliatu zituzten eredu gisa”.
“Egun, gizakiz bertzeko animalien esplotazio moduak mendebaldekoak dira; esplotazio horren historia mendebaldeko kolonizazio prozesuen historia da. Horrek ez du erran nahi bertze hainbat tokitan gizakiz bertzeko animaliekin bertze gisa bateko harremanak garatu zituztela. Bada esplotazioa bertze hainbat tokitan ere; badira patriarkatuak ere bertze hainbat tokitan, baina egun nagusitu den gizakiz bertzeko animalien esplotazioak kolonialismoa du oinarri; nagusitu den patriarkatuak ere kolonialismoa du oinarri”, nabarmendu du Daniela Claderak.
Horrek badu bere isla gaur egungo herri mugimenduetan ere, eta, mendebaldeko logiken ispilu diren neurrian, kolonialak, arrazistak eta patriarkalak izan daitezke. Antiespezismoaren esparruan ere gertatzen da hori, eta horregatik, hain zuzen ere, beganismoa dekolonizatzeko beharra jarri du Claderak bere diskurtsoaren erdigunean. “Mendebaldeko logikak bazter uzten ez baditugu, antiespezismo kolonial eta arrazista bat izanen dugu”. Adibide bat jarri du: “Gizakien nagusitasuna aipatzen dute anitzetan antiespezistek, eta bazter uzten dute, egun oraindik herri askotako gizakiak animaliatzat jotzen dituztela. Gizakien nagusitasuna unibertsaltzat jotzen dute, baina auzia hori baino anitzez ere konplexuagoa da. Egungo gizartean oraindik ere gerta liteke maskotatzat hartutako txakur anitzek animaliatzat jotako gizakiek baino eskubide gehiago izatea”.
Intersekzionalitatearen kontzeptua feminismo beltzak sortu eta garatu zuela gogoratu du, bertzalde, eta antiespezismoak eta bertze hainbat borrokak bere egin dutela, baina edukiz hustuz, eta sortu zen testuingurua erabat ezkutatuz. Arrazakeria eta espezismoa parekatzeko joera ere kritikatu du Claderak. “Badira gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntza salatzeko bertzelako tresnak; arrazakeriarekin alderatzea ez da beharrezkoa, are gutxiago arrazakeria iraganeko zerbait balitz hartzen duzunean, eragiten duen sufrimendu guztia bazter utzita”.
Claderak argi du zapalkuntzen arteko harremana agerikoa dela; argi du, halaber, zapalkuntza horien oinarrian kolonialismoak bete duen rola oraindik ere ez dela hain agerikoa ekintzaile anitzentzat, ezta antiespezismoaren esparruan ere. Horrek ekartzen du kolonialismo hori ardatz duten mendebaldeko logikak errepikatzea, baita helburua alderantzizkoa denean ere. Claderak nabarmendu du dinamika horiek bertan behera uzteko garaia dela; beganismoa dekolonizatzeko eta kolonialismoaren logikak bazter uzteko garaia.
Iruzkin 1
[…] sortu ziren: teoriko eta praktikoak. Estatuko mugimenduaren historiaren zatitxo bat ikasi genuen, kolonialismoaren analisiak animaliekin dugun harremanaren sustraiak azaldu zizkigun, segurtasun digitalaren eta komunikazio herraminten arteko oreka eztabaidatu genuen, baita Euskal […]