Animalia bat, eta denak, aldi berean. Animalia guztien alde egin nahi duen animalia. Halakoa da Ermuan aiurika sortu berri den arkanbelea: “Gure krisalidak apurtzen hasi dira, eta itxuraz arkanbele forma hartu dugu. Baina ez ahaztu beti izango garela metamorfo. Guretzat taldea militantziarako erreminta da, ez denboran mantendu beharreko estruktura sakratu bat”. Ermuko Aiuri Antiespezista kolektiboko kideek erran dituzte hitzok, Arkanbele bilakatu dituen azken metamorfosiaren berri emateko. 2017ko irailean sortu zen Aiuri, hogei pertsonak erabaki zutenean bat egitea espezismoari aurre egiteko. Gutxiago dira orain, baina eutsi diotenen konpromisoak bide sendoa egin du azken bi urteotan.
Aiurirekin ulu egin dutenetako bat da Maialen Alvarez; kolektiboaren metamorfosiak arkanbele bilakatu du orain. Betiko oinarriak jarri ditu erdigunean: “Espezismoaren berri eman nahi dugu, salatu, eta zapalkuntza horri erantzun”. Alvarezek “beharrezkotzat” jo du gizakiz bertzeko animalien aldeko aktibismoa. Etxean ahizpa barazkijalearen eredua izan zuen lagungarri hasieran. “Barruan beti sentitu nuen bazela gaizki zegoen zerbait”. Lehendabizi, 19 urterekin, barazkijale bilakatu zen, gizakiz besteko animaliekin zuen harremanari buruz hasitako gogoeta prozesuaren ondorioz; laster konturatu zen, baina, ez zela nahikoa. “Espezista izaten jarraitzen nuen”. Formakuntzak lagundu zion bere gogoeta prozesuan, eta, egindako aldaketari zentzu politiko bat ematea lortu zuenean, jauzia egin zuen beganismora eta antiespezismora. Eta antiespezismotik aktibismora, argi ikusi zuelako hori behar zela animalien askapenaren aldeko benetako urratsak egiteko.
Espezismoaren aurkako bide horretan, Aiuri Antiespezista sortu zuten Alvarezek eta Ermuko eta Eibarko bertze hogei pertsona inguruk, 2017ko irailean. Sare sozial baten bidez egin zuten bat. Donostialdeko Askekintzari egin diote so hasieratik, baina non diren ahaztu gabe. Ermuan aritu zen Aiuri, bertakoak zirelako kide gehienak, eta Ermuan du habia Arkanbelek ere. Testuinguruak eta lan egiteko eremuak moldatu dute Ermuko antiespezisten aktibismoa egiteko modua; eragin handia izan dute beti ekintzaile gehienek aurretik herri mugimenduetan egindako urratsek, bertze hainbat esparrutako militantzietatik ailegatu baitira antiespezismora. Kolektiboaren bertze ezaugarri nagusietako bat da transbertsaltasunaren alde egindako apustua, eta horretan ere nabarmena da antiespezistek herriko bertze taldeekin eta ekintzaileekin izan duten harremana. “Hasieratik argi izan dugu: antiespezismoa erdigunean jarri arren, antiespezismo hori ez dugu ulertzen aldi berean feminista edo antikapitalista ere ez bada; talde barruan eta kanpora begira egiten ditugun jardueretan ere saiatzen gara transbertsaltasun hori lantzen”, azaldu du Maialen Alvarezek.
“Ermuko herri mugimendua oso saretua dago”, erantsi du ekintzaileak. “Elkarren ondoan egiten dugu lan, eta harreman oso ona dugu”. Herriko ekintzaile antiespezistek gazte mugimenduaren edo euskararen aldeko hamaika ekinaldi babestu dituzte, bertzeak bertze. Babesa ere jaso dute: “Gazte Asanbladak Sagardo Eguna antolatzen du herrian, eta azken aldian erabaki zuen txistorra begetala erabiltzea; elkarrekin aritu ginen lanean”. Urratsak egin dituzte, baina bidea ez da nahi bezain erraza. “Erresistentziak daude beti. Diskurtsoen esparruan gure borroka onartzen da, eta babesa sentitzen dugu; kontua da gure helburua ez dela babesa jasotzea, baizik eta beste taldeek gure borrokaren mezua ulertzea, barneratzea, eta horrek aldaketak eragitea; gure mezua onartzen dute, beren jarrera espezistak seinalatzen ditugun arte. Aldaketa indibidualak gertatzen dira, baina zailagoa da aldaketa horiek taldearen beraren jardueran gertatzea”. Eta ekintzaile antiespezistek gizarte osoa iraultzea dute helburu.
Ermuko ekintzaileek badakite bidea zaila eta luzea dela, baina argi dute lanean jarraituko dutela. Bertze aukerarik ez dutela. Astero batzen dira taldeko kideak, zehazteko zer urrats egin espezismoa agerian uzteko, salatzeko eta suntsitzeko. Tokiko talde bat dira, horizontala eta transbertsaltasunaren aldekoa. Karrikan dira, bai eta sare sozialetan ere. Otso izan ziren, eta arkanbele dira orain. Taldeak azaldu du zergatik: “Kate trofikoan behera egin dugu mundua beste perspektiba batetik ikusteko. Arantzaz beteriko bide bazterrak igarotzen jarraituko dugu era orotako zapalkuntzak eta hierarkiak suntsitu arte”.
Ermuko ekintzaile antiespezistek duela bi urte baino gutxiago hasi zuten beren bidea, baina lortu dute herrian antiespezismoa mahai gainean jartzea. Lanean jarraitzeko gogoz dira, elkarri babesa emanez eta zainduz, eta bertze talde eta ekintzaileekin saretzeko aukerak bultzatuz. Euskal Herrian azken urteotan martxan jarri diren kolektiboen sorrera eskertu eta txalotu dute, eta talde berriak abian jartzeko asmoz direnei argi erran diete: “Aldamenean izango gaituzue”.
Iruzkinik gabe