Beganismoa ez da aski
Beste arazo bat ere ikusten diogu beganismoaz dugun kontzepzioari: alegia, askotan azken helburu gisa planteatzen dela, edo kontsideratzen dela beganismoak bakarrik sekulako eragin positiboa daukala gizakiz besteko animaliengan; benetan, baina, ezer gutxirako balio du. Ikusi besterik ez dago nola haragiaren kontsumoak gora egiten duen etengabe munduan. Kapitalismoaren produktu bat V batekin etiketatzeak ez du esan nahi ez denik kaltegarria animalientzat, gizaki zein gizakiz besteko.
Demagun mutil begano bat kezkatuta dagoela jaten duenaren jatorriarekin. Ez du animaliengandik eratorritako ezer jaten; merkatura joan da marrubi batzuk erostera, eta supermerkatura arbendola-esnezko brick bat erostera. Hurrengo egunean horixe gosaltzen du; alabaina, ordu batzuk geroago, Twitter bidez jakin du marrubi horiek Marokoko edo Senegalgo emakume batzuek jaso dituztela, ia esklabotza-baldintzetan, eta eraso dietela etengabe, baita sexualki ere. Halaber, jakiten du arbendolak hazteak izugarrizko eragina duela ingurugiroan, lursail zabala eta ur ugari behar baititu, eta gainera erleak esplotatzen dira arbendolondoak polinizatzeko. Bestalde, baliteke enbasearen zatitxoren batek itsas animalia baten sabelean amaitzea.
Argi izan behar dugu kapitalismoaren barruan ez dela existitzen kontsumo etikorik. Kontsumo orok esplotazioa badakar, absurdoa da beganismoa esplotazio-enpresen kontrako boikot gisa planteatzea. Esplotatzaileak boikotatu nahiko bagenitu, edozer gauza kontsumitzeari utzi beharko genioke, elikagaia eta ondasunak zakarretan bilatuta edo geure elikagai propioak hazita; horrek, maila indibidualean, ondorio gutxi luke. Sisteman egiazko aldaketak sortzeko, ez dugu utzi behar ispilatzeek engaina gaitzaten, hots, kontsumo-boikotak edo norberaren jarrera-aldaketek. Antolatu beharra daukagu, eta, horretarako, bat egin behar dugu aktibismoarekin eta ekintza zuzenarekin: eskuorriak banatuz, fanzineak argitaratuz, hiria kartelez josiz, bilerak antolatuz, podcast-ak hasiz, hiltegiak grabatuz, bisoiak askatuz, erakusleihoak margotuz… Ekintza errealak gauzatu behar ditugu, ondo antolatuak eta planifikatuak, kontuan hartuta gure eta gure kideen pribilegio mailak, bai eta gure aukerak eta mugak ere.
Beraz, libre da animaliak kontsumitzea?
Ez, noski. Animaliarik ez kontsumitzen jarraitu behar genuke edozein modutan, baina ez genuke beganismoa horren arabera definitu behar: aldiz, zapalkuntzaren kontrako gure jarrera gisa definitu beharko genuke. Ezin dugu ametitu beganotasunaren eliteek pentsatzea eskubidea dutela begano-txartelak eman eta kentzeko. Emakume begano batek neska bati izozki bat oparitzen badio hark ez duelako erosteko dirurik, ez dugu nahi jauntxo nazkante batek esaterik “ja ez zara beganoa”. Edo baten batek ez badu denborarik edo baliabide ekonomikorik animalia-jatorriko produktu guztiak baztertzeko, baina aldi berean bere esku dagoen guztiak egiten badu hori lortzeko eta gizakiz besteko animalien esplotazioaren aurka badago, ez dugu nahi kaikuren batek esaterik “arroza eta tomatea” jan ditzala. Ez dugu nahi neska anorexiko batek pentsatzerik ezin duela bere burua beganotzat jo bere elikadura-nahasmendua gainditzen duen arte; jakin dezala, aldiz, benetako konpromisoa baldin badauka animalien askapenarekin jada beganoa dela, bere mugen eta aukeren barruan.
Era berean, omniboro askok egiten duten zerbaiten kontra gaude erabat: hots, pertsona zapaldu horiek erabiltzea animalien kontsumoa zuritzeko baita kontsumo hori baztertzeko adina pribilegio eta autonomia dutenei ere, edo argudio gisa erabiltzea beganismoa erabat baztertzeko.
Beganismo erradikala
Beganismo erradikala, ohiko beganismoaren kontrakarrean, kontsumoak baino zerbait gehiagok definitzen du. Defendatzen du beganismoak errotiko aldaketa bat ekarri beharko lukeela gizakiz besteko animaliak pentsatzeko daukagun eran, eta antropozentrismoa eta espezismoa bazterkeria-forma izugarriak direla, animalia horiek esplotatzeko eta zapalkuntzeko bidea ematen baitute.
Beganismo erradikalak uko egiten dio sarraski hori betikotzen duen sistema ekonomikoari, eta kontuan hartzen ditu gizakien esplotazioa eta kolektibo baztertuek sufritzen dituzten zapalkuntza ugariak. Beganismo erradikalak autoritate oro eta zapalkuntza oro suntsitzea du xede, eta horretarako ez dago beste biderik sistema kapitalista suntsitzea baizik, bai eta edonolako nagusikeriarik betikotzen duen sistema oro ere: izan gizakien nagusikeria gizakiz besteko animalien gainean, izan gizaki pribilegiodunek zapalduen gainean dutena. Inor ez da libre guztiak libre izan arte.
Iruzkinik gabe