Joan den igandean jakin genuen. Navarra Sumak ia gehiengo osoa eskuratu, eta amaierara iritsi da EH Bilduko Joseba Asironen agintaritza aroa. Oraindik ere posible da, PSNren eskutik, Iruñean Enrique Maiak gidaturikoa ez den bestelako alkatetza osatzea, baina egun, eta iragan den legealdiko joerei erreparatuz gero, zaila dirudi aukera alternatibo horrek.
Bada, aldaketaren formula agortu den honetan, iritsi da garaia lau urteotan sobera aldatu ez diren kontuei eusteko. Zezenketak dira horietako bat. Entzierroa izan ohi da nazioartean San Fermin jaien ikur nagusia, mundu zabaletik Nafarroako hiriburura turistak erakarri eta bertako ekonomia indartzeko tresna. Festak, tamalez, animalien aurkako indarkeria du oinarrian sustraituta, eta aldaketaren gobernuak ez du zalantzan jarri mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi tradizioaren izenean normaldu dugun zapalkuntza.
“Onartzen dut zezenak sufritzen duela. Baina horren gainetik festa nagusitzen da. Gaia ez dago agendan”, baieztatu zuen Asironek berak 2016ko abenduan BERRIAri emandako elkarrizketa batean. “Sanferminak ezin dira zezenik gabe ulertu”, zehaztu zuen, ostera, joan den urteko udan, Iruñeko jai sonatua zezenketarik gabe posible zela esan eta berehala, bere adierazpenek sorrarazitako polemika baretu nahian. Alkate abertzalea zezenketaren presidente izan da urte luzez. Oraingo honetan, beraz, ezberdintasuna nabarmena da, EH Bilduk Donostian zezenketen aurka izan duen jarrera aktiboarekin alderatuz gero.
Eta horrek zalantza sortzen dio askori: zertarako aldaketa instituzionala, ez baduzu aldaketarik bultzatzen ordezkatzen duzun proiektu politikoak eta esparru sozialak gaitzesgarritzat jotzen dituen alor horietan? Ezberdina da, bai, Donostiako eta Iruñeko festa kultura, eta horrek eragina du afera sozial jakinak mahai gainera ekarri eta eraldatzeko erritmoan eta formetan. Baina animalientzat sufrimendua berbera da, atzo, gaur eta bihar. Euskal Herrian eta munduko beste edozein txokotan.
Zezenak oinarri dituzten San Ferminen festa ereduak, animaliak plazan hiltzen dituen horrek, iraungitze data du, iruindar askoren aburuz. Diotenez, denbora kontua da gizarteak hilketa injustuari behin betiko bizkarra ematea. Urteak joan eta urteak etorri, ordea, zezen plazak lepo jarraitzen du, eta ez dira denak tauromakiaren jarraitzaile sutsuak. “Festagatik etorri ohi gara, sortzen den jai giroaz gozatzeagatik, besterik ez. Zezenak ez dira lehentasuna”. Halakoak ere entzun daitezke, ogitartekoa eta edaria eskuan, plazara arratsalde pasa joan ohi diren hainbaten ahotan.
Ate joka ditugu 2019ko sanferminak, eta aurten ere milioika ikuslek txalotuko dute entzierroa, zirraraz Iruñeko kaleetan zein telebista bidez; entzierroa, zezenak heriotzara daramatzan bidea. Iruñeko udaletxe plazan zein hiriko kaleetan, aldiz, izango dira zezenketen aurkako protesta egitasmoak. Udal ordezkariek, ordea, izan gobernu berde ala gorri, ez dute festa eredua zalantzan jarriko. Izan ere, Asironek esan bezala, festa nagusitzen da eztabaida ororen gainetik.
Goiko irudia: Tras los Muros / La Tortura No Es Cultura
Iruzkinik gabe