Ikasteko, elkartzeko, saretzeko eta konspiratzeko egunak izan dira asteburukoak Euskal Herriko antiespezistentzat. Oraingoak, berriz, Nor kolektiboak Hernanin antolatutako topaketan parte hartu duten guztiei eskerrak emateko egunak dira: eskerrik asko Urumea Herri Guneko kide guztiei, beren harrera eta berotasunagatik; eskerrik asko parte hartu duten hizlariei; eskerrik asko tailerrak antolatu dituzten kideei; eta eskerrik asko gurekin bat egin duten talde eta ekintzaile guztiei ere. Denok hartu nahi izan dute animalien askapenaren aldeko jarrera sendoa, eta denon artean lortu dute antiespezismoa Urumean isurtzea: ur gazi bihurtu dute putzu sakon eta ilun bat. Ur tantak gara, itsaso bilakatzeko bidean.
Nor kolektiboak hilaren 17tik 19ra egin ditu Euskal Herriko antiespezisten topaketak, lehen aldiz antolatu dituenak. Hiru egunotan, agerian gelditu da gure herrian gora egin duela gizakiz bertzeko animalien inguruko kezkak, eta gero eta gehiago direla espezismoaren aurka borroka egiteko antolatzea erabaki duten herritarrak.
Azken urteotan, hamaika talde antiespezista sortu dira, herriz herri, Euskal Herriko mugimendua borroka politikoaren eta transbertsalaren bidetik garatuz. Donostialdeko Askekintza eta Ermuko Arkanbele dira talde horietako bi, eta beren kideek kolektibook sortzeko eta antolatzeko egindako urratsen berri eman zuten, topaketaren lehen egunean, gainerako taldeetako kideekin eta martxan jartzeko asmoz direnekin.
Askekintzako eta Arkanbeleko ekintzaileekin batera, Tafalla Antiespezistako, Antsoaingo Talde Antiespezistako, Gasteizko Equipo Antiespecistako, Bizijareko, Liberazio Orroak taldeko, Piztiak kolektiboko kideak eta Errekaleorreko antiespezistak egon dira Urumea Herri Gunean, bertzeak bertze. Inongo taldetan ez diren ekintzaile anitzek ere parte hartu dute topaketan. Denera, ehun pertsona inguruk egin dute bat hiru eguneko jardunaldietan.
Herriz herri sortu diren talde antiespezistetako kideek hartu zuten hitza topaketaren hasieran, eta lehen egunean parte hartu zuen ere Daniela Claderak, beganismoa dekolonizatzeko beharraz ohartarazi zuen hitzaldi batekin. Arte Ederrak ikasi, baina justiziarako grinak zapalkuntzen aurkako borrokara eraman du Cladera, Bolivian eta Bartzelonan. Kataluniako hiria du orain etxe; arrazakeriaren eta espezismoaren aurkako ekintzaile feminista da. Claderak Hernanin nabarmendu zuen Europako testuinguruan sortutako mugimendu antiespezistak ezin dituela bazter utzi kolonialismoaren eragina eta arrastoa, ezta oraindik duen indarra ere. Ikuspuntu eurozentriko murriztailea zabaltzeko beharra jarri zuen mahai gainean.
Hilaren 18koa izan zen egunik intentsoena, egun osoko egitarauak hartu baitzituen Urumeako gelak. Goizez, 2011. urteko sarekadaren berri eman zuen Kresku Bilboko ekintzaile antiespezistak. Urte hartako ekainaren 22an, Igualdad Animal eta Equanimal kolektiboetako hamabi ekintzaile atxilotu zituzten, haietako lau Euskal Herrian. Martxan jarri eta lau urtera artxibatu zuten auzia. Errepresioak mugimenduan izandako eraginaz aritu zen ekintzailea Hernanin.
Protokolo feminista
Komunikazioa eta segurtasun digitala izan ziren larunbatean goizeko tailerretako ardatz; arratsaldean, berriz, sukaldean sartu ziren parte hartzaileak, sukaldaritza prekarioari buruzko tailerra egiteko. Afarian probatu zuten prestatutako gnocchi platera. Arratsaldeko nagusia ez-gizonentzat antolatutako saioa izan zen, halere: mugimendu antiespezistaren barruan gertatzen diren jarrera eta eraso matxistak jorratu zituzten, aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokoloa osatzeko asmoz. Denen artean mahai gainean jarritako proposamenen eta ideien bidez, zirriborroa mamitzen hasi ziren. Beren arteko elkarlana eta saretzea bultzatzeko gogoa agerian utzi zuten ekintzaileok. Gizonek, berriz, maskulinitateaz gogoeta egiteko saioa egin zuten.
Kontzertuekin amaitu zen larunbateko egitaraua; igandekoak, berriz, mugimendu antiespezistaren historia izan zuen ardatz, bertzeak bertze, eta ekintza zuzena jarri zuen erdigunean. Jolaserako tartea ere izan zen topaketan, eta antiespezismoaren inguruko Pasapalabra (Hitz-pasa) berezia egin zuten parte hartzaileek, giro ederrean. Urumea Herri Guneko kideek prestatutako otorduek lagundu zuten giro atsegin hori sortzen. Igandean, Gartxoten kantek lagundu zuten azken bazkaria.
Topaketek, oro har, antiespezistek elkar ezagutzeko balio izan dute; helburuak eta estrategiak partekatzeko; indarguneen eta ahulgunen berri emateko elkarri; elkar babesteko eta zaintzeko. Milioika dira gizakiak zapaldutako animaliak, eta haien askapenerako borrokaren bidean anitz dira, oraindik ere, egin beharreko urratsak. Euskal Herrian martxan dira ekintzaileak, antiespezismoarena borroka politikoa dela erakusteko prest. Erreka bateko ur tantak dira, baina itsaso zabal izan nahi dute. Eta bidean dira.
Iruzkin 1
[…] honetan jarri ginen martxan duela bi urte, 2019. urtean Hernanin antolaturiko topaketa antiespezistetan. Bertan hausnarketa ugari sortu ziren: teoriko eta praktikoak. Estatuko mugimenduaren historiaren […]