Madrildik etorri da Maria Gonzalez Euskal Herrira. Beganismoak eraman zuen antiespezismora, lehendabizi, eta antiespezismoak gero aktibismora. Ikerketen esparruan hasi zen, Madrilgo Igualdad Animal taldearekin, eta Arabako La Vida Color Frambuesa babeslekuko arduradun da orain. Gizakiz bertzeko 53 animaliaren aterpe da etxea.
Maria Gonzalezek txikitatik izan du harreman berezia gizakiz bertzeko animaliekin. Jaten ez zituenekin. Argi izan du beti albaitari izan nahi zuela, baina gelan sartu zen lehendabiziko egunean irakasle batek errandakoak erabat baldintzatu zion ordutik aurrerako egunerokoa: “Erran zigun okerreko ikasketak hautatu genituela animaliak maite bagenituen”, gogoratu du.
Laster ohartu zen sistemak zapaltzaileen laguntzaile bilakatzen dituela albaitariak, eta berak ez zuen hori nahi. “Gogoeta egiten hasi nintzen; lagun barazkijale bat nuen, eta hark behin eta berriz galdetzen zidan ea nola zitekeen animaliak maitatzea eta, aldi berean, jatea”. Egindako gogoetak errealitatea onartzera eraman zuen: “Barazkijale egin nintzen”. Maite eta zaindu nahi zituen animaliak jateari eta erabiltzeari utzi zion.
Lehen eguneko irakasle haren hitzek ez zuten Gonzalezen borondatea makurtu. Alderantziz: “Albaitariak zapaltzaileen alde aritzen badira, ezinbertzekoa iruditu zitzaidan ikasketak amaitzea eta ikasitako hori guztia animalien mesederako erabiltzea”. Unibertsitatean ere kontzientzia eragozpenaren alde egin zuen lan, eta irakasleek haztegietara eta hiltegietara sartzeko emandako aukera guztiak profitatu zituen, toki horietan ikusitakoa animalien askapenaren alde baliatzeko.
Gonzalezek laster egin zuen jauzi beganismora, bai eta antiespezismora ere. Horrek eraman zuen, batetik, formakuntzan sakontzera, eta, bertzetik, aktibismoaren eta ikerketaren esparruetan urratsak egitera. Madrildarrak ez du inoiz ahaztu albaitaria dela, eta lan-arlo horretan profesional antiespezista gutxi direnez, bideko azken urratsa egitea erabaki zuen Gonzalezek: gizakiz bertzeko animalientzako aterpe bilakatu du Arabako bere etxea.
53 norbanakoren babesleku da. Haiek zaintzea eta errespetatzea da Gonzalezen lehentasuna; ahal duen onena haiei ematea. Bai eta bertze babeslekuetan bizi direnei ere. “Zaila da albaitariak aurkitzea gurearen gisako aterpeetan bizi diren animaliak artatzeko. Nire ezagutza jarri nahi dut bertze babeslekuetako arduradunen zerbitzura”, erran du Gonzalezek. Ez hori bakarrik. Etxean kide dituen gizakiz bertzeko animaliei so, haien inguruko informazioa biltzea eta lortutako datu horiek guztiak haien alde erabiltzea hartu du helburu. Industriaren esku, inork ez du kezkarik gizakiz bertzeko animalien osasunari buruz, hilabete edo urte gutxirekin egiten baitute hiltegira bidea; baliabide bilakatuta, daukaten balio bakarra ekonomiari lotua dago.
Urtean 350 arrautza
Horren adibide argi bat da arrautzak ekoizteko erabiltzen dituzten oiloena. Belaunaldiz belaunaldi, animaliok genetikoki aukeratzen dituzte, eta, ondorioz, oilo erruletzat jotzen dituzten horiek berez jartzen dituzten baino anitzez ere arrautza gehiago ekoizten dituzte. Izatez, hilean arrautza bat jarriko lukete, hau da, urtean hamabi inguru; aukeraketa genetikoaren ondorioz, urtean 350 jartzen dituzte. “Gaur egun, oiloen obarioa tumore baten gisakoa da. Tumore horiek etengabe ari dira zelulak osatzen, etengabe ari dira folikuloak askatzen. Bi urtean, oilo batek 50 urteko emakume batek adina aldiz obulatu du; hain zuzen, emakumeen obarioetako minbizia ikertzeko erabiltzen dituzte oiloak. Izugarria da”.
Arrautzak jartzea prozesu mingarria da animaliontzat, eta, gainera, eragin nabarmena du oiloen osasunean. “Atseden hartzeko denborarik gabe, oiloen gorputzak ez du galdutakoa berreskuratzeko aukerarik. Adibidez, kaltzio anitz galtzen dute arrautzak jartzen dituztenean, eta horrek ekartzen du oiloen hezurrak erraz apurtzea. Prolapsoak ere izaten dituzte, (hau da, obiduktua kanpora ateratzen zaie), bai eta infekzioak ere”. Gonzalezek erantsi du bi eta bost urte bitarteko oiloen %80k garatu dutela obarioko tumoreren bat.
Haztegia eta hiltegia atzean uztea lortzen badute ere, oiloek ezin diote ihes egin industriak haientzat prestatutako patuari: industriak eta hark lagun duen sistema espezistak onura ekonomikoa bilatzen dute, eta horretarako bidea da oiloak ahalik eta arrautza gehien jartzera behartzea. Ondorioz, aukeraketa genetikoak betirako gaixo bilakatu ditu, eta haien bizi itxaropena murriztu.
Horri buelta eman nahi dio Maria Gonzalezek. Eta horretan ari da: ikertzen eta urratsak egiten. “Ebakuntzarako aukerarik ez dago oiloen kasuan, hagitz arriskutsua delako. Bertze hainbat herritan, duela hainbat urte hasi ziren hormonen bidezko tratamenduekin, eta emaitza onak izan dira. Esparru horretan lan egin nahi nuen, babeslekuak eta oiloak laguntzeko”. Inplanteek eman diote horretarako aukera. Azalaren azpian ezartzen dizkie oiloei, eta, haiei esker, arrautzak jartzeari uzten diote. Ondorioz, animalion gorputzek aukera dute osatzeko eta galdutakoak berreskuratzeko, eta bizi itxaropenak eta kalitateak gora egiten die.
La Vida Color Frambuesan 23 oilo bizi dira, baina ez dira babeslekuko aterpetu bakarrak: Curcuma ahatea, Montse astoa eta Naia behorra dira Gonzalezekin bizi diren gizakiz bertzeko 53 animalietako hiru. Silvia ahuntza izan da ailegatzen azkenetako bat. Ongi etorriek lana, ardura, kezka eta esperantza eramaten dituzte Gonzalezen etxera; agurrek, berriz, tristura eta amorrua. Baina saiatu izanak, animalioi errespetua eta zaintza eman izanak, laguntzen du minaren zama arintzen. Gonzalezek Squat untxia gogoratu du bereziki joan diren horien artean. Herriko haztegi batetik ihes egin eta gero ailegatu zen babeslekura. “Oraindik ez dakigu nondik sartu zen gure etxean, baina ez zuen berriz ere atera nahi izan”. Cuscus oiloaren lagun bilakatu zen. Lagun mina. Etxetzat hartu zuen aterpea, azken hatsa eman zuen arte.
Joan-etorriak berezkoak dira babesleku bateko egunerokoan. La Vida Color Frambuesan ere bai. Horren gainetik, halere, unean uneko familia osatzen duten norbanako guztien ongizatea jartzen du Gonzalezek, beti, erdigunean. Hori da haren lehentasuna: etxekoak errespetatzea eta zaintzea, eta, haien istorioen bidez, lau haizetara zabaltzea haztegietan eta hiltegietan bizi direnen askapenaren aldeko mezua. Antiespezista da Gonzalez, bai eta albaitaria ere. Animalien alde lan egiten duen albaitaria.
Iruzkinik gabe