Zer den beganismo erradikala (I)
Lauredal argitaletxea
Beti pentsatu izan dugu beganismoa, definizioz, ohitura-sorta bat dela, esaten diguna zer kontsumitu eta zer ez. RAEko jauntxoek beganismoaz ematen diguten definizioari erreparatuz gero, zera irakurriko dugu: “Jarrera bat uko egiten diena animalia-jatorriko elikagai edo produktuei”1. Wikipedian kontsultatuz gero, ikusiko dugu: “Praktika bat uko egiten diona animaliengandik eratorritako produktu eta zerbitzu oro kontsumitzeari eta erabiltzeari”. Uste dugu gutxi gorabehera denok gaudela edo egon garela ados beganismoaren definizio horiekin: haien arabera, beganismoa erabaki indibidual bat da, zeinaren arabera erabakitzen duzun ez kontsumitzea eta ez erabiltzea animaliengandik eratorritako produktu eta zerbitzuak. Gainera, gehienetan faktore ekonomiko bat erants geniezaioke: arazoa ez da hainbeste artilezko jertse bat erabiltzea, ezpada dirua erabiltzea jertse hori erosteko.
Definizio komenigarria da, eta hein batean badu logikarik: animaliak esplotatzearen kontra zaude, eta horrenbestez beganismoa praktikatzen duzu. Arazoa zera da: definizio horrekin, jarrerari loturiko hainbat arau sortzen dira, eta begano asko arau horiei jarraitzen itsutzen gara. Arauok, bestalde, askotan arbitrarioegiak dira, pentsamendu kritikorik gabeak; hortaz, begano gisa zeinen “puruak” garen neurtzen dugu, ikusita adibidez zenbat denbora daramagun oharkabean animalia-jatorriko produkturik kontsumitu gabe. Hasiberritan, begano askok izan ditugu jarrera toxikoak, kontuz-kontuz aztertuz etiketa guztiak eta begiratuz zer kontsumitzen duten gure lagun beganoek. Baina badugu hobeto jarduterik ere.
Definizio klasikoari jarraikiz, identitate beganoak gure kontsumo-jarrerak baino ez ditu zehazten, eta ez du posizio argirik definitzen espezismoarekiko edo animalien esplotazioarekiko. Begano izan zaitezke gizakiz besteko animaliengatik, edo ingurugiroagatik, argaltzeko, modagatik… Enpresentzat oso komenigarria da beganismoaren atzean ez egotea ideologiarik, zeren kontsumo burugabearen pauta horiek izugarri errentagarriak baitira.
Identitate beganoa
Baliteke arazoa hau izatea: hitza asmatu zenetik, beganismoa identitate gisa hartu dugu, hari dagozkion sinesmen- eta praktika-multzotzat jo beharrean. Ez dugu hitz egiten bizimolde begano bati jarraitzeaz, ezpada begano izateaz; vegan hitza janzten dugu kirol-jertseetan, bista-bistan; go vegan pintatzen dugu jatetxeetako komunetan; marketin-teknikak erabiltzen ditugu besteak engainatzeko gure etiketa bera har dezaten. Onartu behar da etiketak onak eta erabilgarriak izan daitezkeela (talde baten parte sentiarazten gaituzte, azkar eta eroso identifikatzen laguntzen digute…), baina beharbada kalte gehiago dakartzate onura baino.
Izan ere, posizio politiko bat erroturiko identitate bilakatzen dugunean, oso zaila da harekin kritiko izatea, serioski kontsideratzea zer hutsune dituen, edo, are, identitate hori bertan behera uztea beste posizio hobe baten alde, baldin eta beharrezkoa bada. Ez ikusia egin ohi diegu identitate horrek dauzkan akatsei, eta okerragotzat jotzen ditugu besteen posizio eta identitateak, hartara talde horren barruan segitzeko, nortasun horri eusteko. Gehiago balioesten dugu beganoak garela esatea animalien sufrimendua beste era eraginkorrago batean murriztea baino.
Beste eremu bateko adibide bat: baliteke zure posizio politikoak anarkismotik gertu egotea baina zuk ez hartu nahi izatea anarkista etiketa. Etiketa hori hartzea mugatzaile izan daiteke, pentsamendu-korronte horren jarraitzaile itsu bilakatzen zaituelako eta beste guztia bazterrarazten. Utzi egingo genioke ezagutza bilatzen jarraitzeari, jada aurkitua baikenuke munduko arazoen soluzioa. Ez dugu esaten anarkistak halakoak direnik (hain zuzen, anarkismoa baloratzen dugu beste ideologien gainetik teorian ez diolako ezein dogmari jarraitzen), baina iruditzen zaigu posizio politiko bat identitate gisa hartzeak futbol-talde baten jarraitzaile modukoak bilakatzen gaituela: gure lehentasuna koloreak defendatzea da, ez justizia.
(…)
1) Itzultzailearen oharra: Euskaltzaindiaren hiztegiak honela definitzen du begano hitza: “Animalia-jatorriko elikagai eta kontsumo gaiak baztertzen dituena”. Hortaz, beganismoa “beganoen bizimolde” gisa definitzen du.
Iruzkinik gabe