Askekintza Donostialdeko talde antiespezistaren ekarpena funtsezkoa izan da Euskal Herriko mugimenduak azken hamar urteotan egindako bidean. 2010. urtean sortu zuten, eta geroztik izan duen garapenak ekarri ditu kolektiboak egun dituen azala eta mamia. Urratsez urrats, antiespezismoa zabaltzea helburu hartu duen talde bilakatu da Askekintza, eta, xede hori betetzeko asmoz, inguru hurbilean eragiteko, euskaraz aritzeko, mugimenduaren izaera politikoa nabarmentzeko eta tranbertsalitatea bultzatzeko apustua egin du.
2010. urtetik, taldea berrituz joan da etengabe, eta, izan diren arren kolektiboan sartu eta atera diren ekintzaileak, proiektuak eutsi egin dio. Ikasi, garatu eta sendotu egin da, eta erreferente bilakatu da ekintzaile antiespezistentzat. Egindako lan horren emaitzarik nabarmenenetako bat da 2018ko Gurean dokumentala. Festak ospatu, animaliak askatu izenburuko kanpainarekin lotutako lana da hori, eta Euskal Herriko bestetan erabiltzen diren gizakiz bertzeko animalien errealitatearen berri ematen du. Hain zuzen ere, hainbat herritako bestetan animaliak erabiltzeari utzi diote kanpaina horren barruan egindako lanari esker. Aurten, Gurean dokumentalak ikus-entzunezkoen Argia Saria jaso du.
Askekintzak ia hamar urtez egindako bideak ondorio nagusi bat izan du: hasieran beganismoaren aldekoa zen aldarria espezismoaren aurkako oihu bilakatu dute taldeko ekintzaileek. Hori gertatu da utzi egin diotelako gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntza arazo bakartutzat hartzeari, eta espezismoak gainerako zapalkuntzekin dituen harremanak eta loturak jarri dituztelako mahai gainean. “Ulertu genuen zapalkuntza egiturazkoa dela, eta lotuta daudela denak, batzuek eta besteek sufritzen dituztenak. Ulertu genuen errotik aldatu behar dela dena, iraultza bat behar dela. Bidea ezin zen izan jendea begano bilakatzea; antiespezismoa jarduera iraultzaileak garatzeko mugimendu gisa hartzen hasi ginen”.
Ion Cerezorenak dira hitzak. Lazkaotarra da, Pasaian bizi da eta 22 urte ditu. Duela bost egin zuen bat Askekintzarekin. Azaldu du talde antiespezistak hamaika borroka esparru dituela: karrikan eta sareetan dira, bertzeak bertze, eta Euskal Herriko hamaika herritan sortutako tokiko gainerako talde antiespezistekin zubiak eraikitzen saiatzen dira, saretzeko eta elkar elikatzeko eta irakasteko asmoz. Antiespezismotik at ere, bertze herri mugimenduekin harremanak sortzen, garatzen eta estutzen ahalegintzen dira, bertze arlotako ekintzaileak antiespezismora hurbiltzeko asmoz.
Argi dute urratsak egin behar direla alderantzizko bidean ere: “Antiespezistak ekintzaile transbertsal bilakatu nahi ditugu”, erran du Cerezok, argi eta garbi. Nabarmendu du zapalkuntzen arteko loturak ekintzaileen arteko elkarlana ekarri beharko lukeela eta, ondorioz, gizakiz bertzeko animalien aldeko borrokak ezin duela justifikatu bertzelako ezein zapalkuntza. “Antiespezistak gara, bai eta feministak eta antikapitalistak ere”. Finean, antiespezismoak dakar ekintzaileek zapalkuntza ororen aurkako jarrera hartzea, Cerezok laburbildu duenez.
Borrokatzat hartzea
Azken urteotan, Euskal Herrian hamaika kolektibo antiespezista sortu dira herriz herri. “Pozteko modukotzat” jo du hori Cerezok, eta, are gehiago, Euskal Herriko mugimendua osatzen duten talde horiek beren izaera politikoa eta transbertsala nabarmentzea. Horrek lagundu du mugimendutik kanpokoek antiespezismoa ulertzeko eta onartzeko bidean, Askekintzako kidearen hitzetan: “Nik uste dut lortu dugula antiespezismoa borrokatzat hartzea eta sentitzea, eta hori pauso oso handia da. Beste mugimendutakoekin bat egiten dugu kalean, gaztetxeetan eta gisako beste espazio askotan; elkar ezagutzen dugu, eta horrek ere laguntzen du”.
Ion Cerezok argi du badela beharra bidean bertze urrats anitz egiteko. Mugimenduak ez du aurrera egiten gizakiz bertzeko animalien interesak defendatzen dituzten ekintzaileek nahi bezain azkar. Ekintzaile horien kopurua ere nahiko luketen baino apalagoa da. Cerezok onartu duenez, hori da mugimendu antiespezistaren ahulguneetako bat, hain zuzen ere: “Gutxi gara”. Ahulgune horrek ekartzen du bere indargunea, halere: “Gutxi horien konpromisoa handia da”, erantsi du Askekintzako kideak.
Cerezok ongi daki ekintzaile antiespezista bilakatzeko hainbat urratseko prozesu bat egin behar dela. Luze jo dezake, zenbaiten kasuan; bertze anitzen kasuan, ez hain luze. Antiespezismoari buruzko mezu garbi eta sendoa osatzea eta zabaltzea garrantzitsua da prozesu horren oinarriak finkatzeko. Askekintzako kideak uste du arriskuak badirela: “Gurearen gisako tokiko talde gehiago daude, antikapitalistak, feministak, arrazakeriaren aurkakoak direnak; baina estatuko talde handien eragina ere sumatzen da. Horiek ez dira horizontalak, eta ez dute transbertsalitatea jorratzeko lanik egiten. Kapitalismoa ere saiatzen ari da mugimendua bere egiten”, ohartarazi du. Horrek ekartzen du beganismoa dieta huts bilakatzea, bai eta moda edo bizitza estilo ere; eta ekartzen du, gainera, mugimendu antiespezistaren izaera politikoa indargabetzea. Beganismoa antiespezismoaren ondorio praktikoetako bat bertzerik ez da, ordea, eta gizakien eta gizakiz bertzeko animalien askatasunaren aldeko borrokaren testuinguruan du zentzua.
Cerezok argi erran du: “Begano izan nintzen lehenengo, eta antiespezista bihurtu nintzen gero”. Taldea bezala, Cerezok gizakiz bertzeko animalien alde duen jarrera ere garatuz eta sendotuz joan da. Batez ere justizia hitza nabarmendu du haiei buruz hitz egiterakoan; bai eta pribilegio eta zapalkuntza ere. Nor bere pribilegioez jabetzeak baitakar bertzeenganako zapalkuntzaz ohartzea. Eta zapalkuntza guztien arteko loturaz jabetzeak baitakar zapaldu guztiak kontuan hartuko dituen antiespezismo baten beharraz ohartzea.
Oharra: Antiespezistekin solasean izenburupean, Euskal Herriko mugimendu antiespezista osatzen duten taldeen berri emateko prestatu dugun serieko lehen atala da hau. Datozen aste eta hilabeteotan zabalduko ditugu gainerakoak. Ez galdu!
Iruzkinik gabe