Ez da posible. Une honetan, hamaika espezietako milioika norbanako daude mundu osoko laborategietan itxita, eta ezinezkoa da hitzez azaltzea zeinen gogorra den gizakiz bertzeko animalia horien errealitatea. Ez da posible; gizakiz bertzeko animalien erabilera muturrera eramaten dutelako esparru horietan, eta animalia horiek laborategiko tresna huts bilakatzen dituztelako. Euskal Herrian ere bai. Unibertsitateetan, ospitaleetan eta bertze hamaika zentrotan zapaltzen dituzte animaliok, modu sistematikoan eta legearen babespean. Askekintzak ikerketa batean salatu duenez, Donostian bakarrik, Aquariumean, EHUn eta Biodonostia zentroan erabiltzen dituzte animaliak. Leku horietan eta gisakoetan gizakiz bertzeko animaliek sentitzeko duten gaitasuna bazter uzten dute, eta sufrimendura kondenatzen dituzte.
Laborategietan erabilitako eta hildako animalia horien ikur bilakatu zen Britches izeneko makakoa, 1980ko hamarkadan. 1985eko apirilaren 20an, Animalien Askapenerako Fronteak animalia hura salbatu zuen, bertze ehunka norbanakorekin batera, Kaliforniako Unibertsitateko esperimentaziorako zentro batean sartu eta gero. Ez zen izan saioak egiteko erabili zuten makako bakarra. Denera 24 harrapatu zituzten hiru urteko esperimentu baterako: aztertu nahi zuten nola eragiten zien sentipenak kentzeak: Britches aurkitu zutenean, betazalak josita zituen, ikus ez zezan. Burura, berriz, ultrasoinuen gailu elektroniko bat lotu zioten. Kaiola baten barruan bizi zen, metalezko zilindro bati eutsita, inork artatu gabe.
Saioa egiteko hiru urteak pasatuta, unibertsitateko laborategiko arduradunen asmoa zen Britches hiltzea, haren garuna aztertu ahal izateko. AAFko kideek hori baino lehen askatu zuten makakoa, eta, albaitari batek artatu eta gero, Mexikora eraman zuten, herri horretako babesleku batera. Tximino eme batek adoptatu zuen han. Amaren altzotik eraman zuten Britches Kaliforniako Unibertsitateko laborategira, kume bat zenean; itxita egondako denbora horretan egin zizkiotenek arrasto sakona utzi zioten, eta, askatu zutenean, makakoaren zaintzaileek tratatu behar izan zuten, espasmoak, neurosia eta estres larria sufritzen baitzituen.
Britches bizirik atera zen bere espetxe izandako laborategitik, baina halako tokietan tresna bilakatutako animalien patua hagitz bertzelakoa izaten ohi da: heriotza. Animalion bizitzak saioek iraun bitartean baino ez du balio, eta, orduan ere, gutxi: Britches askatu aurretik, 1984. urtean, Animal Liberation Leagues-eko ekintzaileak Ingalaterrako Royal College of Surgeons erakundean sartu ziren, eta han aurkitutako agirien artean zegoen kopetan crap (kaka) hitza tatuatua zuen tximino baten argazkia. Laborategi batean itxita zuten, esperimentaziorako tresna huts bilakatuta; zabor bihurtuta.
Tatuatu zuten tximinoa ez zuen inork salbatu. Inork ez zuen norbanakotzat hartu, eta izenik gabe hil zen, inor izan gabe. Bertze milioika bezala. Gaurkoa, 1979. urtetik, haiek gogoratzeko eguna da, hain zuzen ere: laborategietan itxita dituzten animalien nazioarteko eguna, alegia. Espainiako Gobernuko datuen arabera, 2017an hamaika espezietako 802.900 animalia baino gehiago erabili zituzten esperimentuak egiteko; norbanako horietako 10.200 baino gehiago, gainera, aurretik ere bertze saioren batean erabilitakoak ziren. Frantziako Gobernuak emandako datuen arabera, berriz, 2016. urtean 1.918.400 animalia baino gehiago erabili zituzten laborategietan administrazio horren pean; norbanako horien %59,6 arratoiak ziren. Munduan, urtean, ehun milioi animalia baino gehiago erabiltzen dituzte esperimentuak egiteko.
Armak, txanpuak, botikak eta bertze
Hamaika motatakoak dira gizakiz bertzeko animaliekin egiten diren esperimentuak, eta arlo askotakoak, gainera: alor militarra, kosmetikoena eta etxea garbitzeko produktuena, eta biomedikuntzaren esparrukoak, hurrenez hurren. Material berriak saiatzeko ere egiten dituzte, bai eta ekologiaren esparruko helburua dutenak ere.
Europako Batzordeak animaliekin probatutako produktu kosmetikoak debekatu zituen 2013. urtean. Esparru horretan animaliekin egiten diren probetako bat da Draize testa izenekoa. Helburua da produktu baten toxikotasuna neurtzea; horretarako, erabiltzen dituzten animaliak -untxiak anitzetan- lotu egiten dituzte, mugi ez daitezen, eta produktua jartzen diete azalaren gainean, edo zuzenean begietan. Hamalau egunez egon daitezke animaliok produktua hartuta; ondorioak larriak direnean, animalia hil egiten dute. Bertzela, berriz erabiltzen dituzte. Hil arte.
Anitz dira militarren eta polizien esku hil diren gizakiz bertzeko animaliak ere. Bi mundu gerretan, adibidez, 11 milioi zaldi eta mando, 100.000 txakur eta 200.000 uso erabili zituzten, bertzeak bertze. Zuzenean erabilitako norbanakoak dira horiek, baina animaliak erabiltzen dituzte armak probatzeko ere, adibidez. Euskal Herrian ere bai: 1997. urtean jakin zen Ertzaintzak bizirik ziren ahuntzak erabiltzen zituela armak probatzeko, 1980. urtetik. Animalion erabileraren berri jakin zenean, Juan Mari Atutxa zen Eusko Jaurlaritzako Barne sailburua; hasieran erran zuen “beharrezkoa” zela praktika horiek bizirik ziren animaliekin egitea, eta ez zuen bertan behera uzteko inolako asmorik agertu; atzera egin zuen, ordea, zalapartak eztanda egin eta bi hilabetera: animaliok tirokatu izana zuritzeko asmoz, erran zuen erabiltzen zituzten ahuntzak “gaixo, zahar edo zaurituta” zeudela eta inguruko abeltzainek “oparitzen” zizkietela, baina, kontrako iritzien ondorioz, iragarri zuen eten eginen zutela jarduera hori.
Hogei urte baino gehiago joan dira Ertzaintzak ahuntzak tirokatzen zituela jakin zenetik; Europako Batzordeak animalien gorputzetan probatutako produktu kosmetikoak debekatzeko 2013an hartutako erabakiak eta gisako bertze hainbatek erakusten dute auziak kezka pizten duela gizartean, eta indarrean diren legeek ustezko asmotzat dute ahalik eta animalia gutxien erabiltzea, eta erabiltzen diren horiek ahalik eta gutxien sufritzea. Halere, animalion interesak ez daude, inondik inora, legeon erdigunean, etikaren ikuspuntutik nekez justifika baitaiteke animalia bat laborategi batean ixtea.
Animaliak erabiltzen dituztenek nabarmentzen ohi dute “zientziaren izenean” egiten dutela, erabilera hori justifikatzeko argudio nagusi gisa. Zientziaren auzia jarri zuen mahai gainean Euskal Herriko Unibertsitateko biokimikari Felix Goñik, adibidez, Berria egunkarian 2004. urtean egindako adierazpenetan. Argudio hori kolokan jarri zuten, halere, bere kontraesanek: animaliak erabiltzea defendatu zuen, “beharrezkoa” delako, baina onartu zuen ez zela “gauza bera” arratoi bat edo txinpantze bat erabiltzea. “Gizakion antz handiegia du txinpantze batek”, erran zuen. Artikulu berean, Opus Deiren Nafarroako Unibertsitateko irakasle Angel Berjonek hartu zuen hitza. Animaliak erabili behar direla argi zuen; ama-zelulak baliatzeko aukerari buruz, berriz, “morala eta etika jokoan” zirela nabarmendu zuen.
Zientziaren esparrutik ere, gero eta ahots gehiago entzuten da animalien erabileraren aurka eta jada mahai gainean dauden animaliarik gabeko gainerako bideak garatzearen alde. Helburu hori bere egin du, adibidez, Alemaniako mediku elkarte batek. Ez dira bakarrak. Yale edo Harvard unibertsitateek, bertzeak bertze, animaliak atera dituzte beren laborategietatik. European Center for the Validation of Alternative Methods izeneko erakundearen babesarekin, gero eta gehiago dira bertzelako bideak bultzatzen dituzten ikerketa-zentroak: simulazio informatikoak, epidemiologikoak, giza zelulen kultiboak, ingeniaritza genetikoa, gas kromoterapia, masen espektrometria eta bertze baliatzen dituzte. Izan ere, datuen arabera, animaliekin probatutako botiken %90ek huts egiten dute gizakiekin saio klinikoak egiten dituztenean. Behin baino gehiagotan, bertzelako bideak garatzeko lanean ari diren zientzialariek salatu egin dituzte animaliekin egindako esperimentuen inguruan dauden interes zehatzak. Interes horiek ekonomikoak dira, adibidez animaliak erabiltzen dituzten laborategiak hornitzen dituzten enpresen kasuan.
Enpresa horien eta saltzen dituzten animaliak erabiltzen diren laborategien inguruko informazioa gehienetan urria izaten da. Autoen industriaren esparruan azken urteotan gertatutakoa da horren adibide: 2018 hasieran jakin zen 2015ean Alemaniako autoen industriak esperimentuak egin zituela tximinoekin eta gizakiekin, aztertzeko zer ondorio dituen diesel motorrek sortzen duten kea arnasteak. Kasu horretan, Alemaniako Gobernuak berak salatu zituen saioak: “Ez dute inolako justifikazio etikorik ez zientifikorik”, erran zuen Steffen Seibert bozeramaileak.
Bild Zeitung egunkariak zehatz eman zuen tximuekin egindako esperimentuaren berri: hamar tximu sartu zituzten kristalezko kaiola batean, eta lau orduz diesel motorren gasak arnastera behartu zituzten. Tximuek estresa zuten, eta animaziozko filmak jartzen zizkieten lasaitzeko. Endoskopio bat sartu zieten sudurretik edo ahotik bronkioetaraino, eta odol analisiak ere egin zizkieten. Gasak 1997ko Ford furgoneta batenak eta 2013ko VW Beatle batenak ziren. Antza, ez zuten frogatzerik izan bigarrenaren kea lehenbizikoarena baino garbiagoa zenik.
Mabel Marijuan EHUko Etika ikerketako zuzendaritzako buruak ere ez du begi onez ikusi Alemanian gertaturikoa, Berrian 2018an egindako adierazpenetan azaldu zuenez. Bere erankudeko jarduerari buruz erran zuen EHUn batik bat zebra arrainak erabiltzen direla esperimentuetan; bestela, ikerketarako hazitako saguak eta, «asko jota», arratoiak. EHUn, NUPen edo animaliak erabiltzen dituzten antzeko gainerako erakundeetan etika batzordeak dituzte legez, baina batzorde horiek, gehienez ere, egiten diren saioei mugak ezartzea dute xede. Gizarteak jarraitzen badu gizakiz bertzeko animaliak laborategiko tresnatzat hartzen, animalia gehiago edo gutxiago erabiliko dituzte laborategietan, mugak jartzen dituen tokiaren arabera, baina ez dituzte guztiak handik aterako. Itxita jarraituko dute. Zapalduta. Sufrimendura kondenatuta. Hil arte. Apirilaren 24an, Britches guztiak gogoan.
Iruzkinik gabe