Indarrak batu, elkar ezagutzeko, elkar elikatzeko, elkarrengandik ikasteko; saretu, denen artean sendotzeko. Hori da Nor kolektiboaren helburuetako bat, eta hori egiteko parada izan zuten Euskal Herriko antiespezistek, asteburuan, Ermuan, Korrikari esker. Datorren hilabetean ere izanen da bertze aukerarik, Hernanin Euskal Herriko antiespezisten topaketak eginen baititu taldeak. Bat egiteko eta indartzeko; saretzen jarraitzeko.
Igandean amaitu zen 21. Korrika, 2.560 kilometroko bidea egin eta gero. Garesen hasi zen AEK-k antolatutako euskararen aldeko lasterketa, hilaren 4an, eta Gasteizeraino ailegatu zen lekukoa, 14an, eskuz esku Euskal Herria zeharkatu eta gero. Nor kolektiboko kideek ere hartu zuten parte euskararen aldeko borrokaren ikur bilakatutako egurrezko lekukoa garraiatzeko auzolanean, Euskal Herriko hamaika txokotatik bat egindako antiespezistek babestuta. Ermuan korritu zuten animalien askapenaren aldeko kilometroa: 2294.a, zehazki.
16:00 aldera sartu zen Korrika Ermuan. Euskal Herriko antiespezistek, halere, goizetik egin zuten bat, herrian, eta lasterketarako prestatzeko, olinpiar jokoak jokatu zituzten, plazan: lehendabiziko olinpiar joko antiespezistak! Euskal Herriko hainbat taldetako kideak elkartu zirela aprobetxatu, eta taldeon arteko lehia antolatu zuten Nor kolektiboko kideek, Ermuko bertako Aiuri Antiespezista taldeko kideen laguntzarekin eta babesarekin: Tafalla Antiespezista, Askekintza, Antsoaingo Antiespezistak, Nor eta Aiuri Antiespezistako ordezkariak aritu ziren elkarren kontra, baina giro ezin hobean betiere. Lehiaketan ez zuten parte hartu, baina Ermuan izan ziren Gasteizko Equipo Antiespecista taldeko kideak ere, Korrika eta animalien askapena babesten.
Jokoak hasteko, produktu ehuneko ehun begetalen etiketak bilatu behar izan zituzten kirolari-ekintzaileek, animalien gorputzekin edo haiengandik eratorritako produktuekin egindako elikagaien etiketen artean. Kartelak jartzeko trebezia erakutsi behar izan zuten parte hartzaileek bigarren proban, eta, hirugarrenean, berriz, ehiza dorre bat behera bota. Laugarrena izan zen jokoetako proba nagusia: askatu, eta babeslekura eraman behar zuten Ursula txerria. Herrian bilatu behar izan zuten antiespezistek txerri guztien ikur bilakatutako panpina, baina hainbat baldintza beteta: taldeko kideek eskutik helduta egon behar zuten une oro, eta, gainera, aurpegia estalita. Proba guztietan lortutako puntuei esker, Tafalla Antiespezistako kideak nagusitu ziren Ermuko olinpiar jokoetan. Dominarik ez zuten jaso, baina ez ziren esku hutsik gelditu: pepino-txiki poto ederra irabazi zuten. Umorez hartu zuten irabazleek saria, eta irabazi ez zutenek ere gozatu zuten antiespezisten artean sortutako giroaz. Eguraldia lagun, jokoek aukera ezin hobea eskaini zieten elkar ezagutzeko eta harremanak estutzeko. Denek izan zuten bazkari ehuneko ehun begetala dastatzeko aukera, gainera, Korrikari harrera egin baino lehen.
Animalien askapenaren aldeko ekintzaileen arteko sarea sendotzen jarraitzeko balioko dute maiatzeko topaketek ere. Euskal Herriko antiespezistek bat egiteko, Nor kolektiboak prest du hiru eguneko egitaraua, maiatzaren 17tik 19ra. Hernanin eginen dituzte jardunaldiak, eta hamaika arlo jorratuko dituzte: hitzaldiak, tailerrak, eztabaida saioak, kontzertuak eta bertze izanen dira. Formakuntza bultzatzea da helburuetako bat, eta antiespezisten komunitatea indartzea bertze bat. Nor kolektiboak oinarri dituen ardatzak izanen dira nagusi topaketetan, betiere: transbertsalitatearen garrantzia nabarmenduz, antiespezismoaren izaera politikoan sakondu nahi dute, argi uzteko animalien askapenaren aldeko borrokak ezinbertzean zapalkuntza ororen aurka egin behar duela.
Parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea: idatzi info@nor.eus helbidera eta jasoko duzu topaketen inguruko informazio zehatzagoa.
Iruzkinik gabe