“Audismoaren kontzientzia handiagoa dut sufritzen dudan lesbofobiarena bainoago”. Podemos alderdiko Pilar Limarena da esaldia; gorra da, eta 2018. urteko urtarrilean egindako elkarrizketa batean jaso zituen Monica Rodriguez Varelak haren hitzak, Pikara Magazine hedabide digitalean. Anitzetan, erabat ikusezin bilakatzen da egungo gizartearen kapazitismoari aurre egin behar diotenen errealitatea. Ez ikusteak ez du erran nahi, ordea, existitzen ez denik, ezta kapazitismoak eragindako bazterketa horren kontra borroka egin behar ez denik ere.
Mugimendu antiespezista ez da salbuespena. Zapalkuntza guztien aurkako jarrera politiko gisa, kapazitismoa bere borrokaren esparruan jarri beharko luke, espezismoarekin eta gainerako zapalkuntzekin batera; baina hori ez da beti gertatzen. Emakumeek eta generoaren disidenteek osatzen dute mugimendu antiespezistaren gehiengoa, eta hala eta guztiz ere gertatzen dira zisheteropatriarkatuaren erasoak. Erasotzaile antiespezistak salatzeko eta agerian uzteko urratsak egiten hasi dira mugimenduaren barruan, bai eta jarrera matxista oro seinalatzeko urratsak ere. Lan anitz bada egiteko oraindik ere, eta are gehiago kapazitismoaren aurka; bereziki, gorputz berari eragiten diotenean bi zapalkuntza horiek edo gehiagok.
“Bertzeen askapenaren alde lan egiten duela kontuan hartuta, espero genezakeena baino anitzez ere kapazitismo gehiago dago mugimendu antiespezistaren barruan”. Horixe nabarmendu du Marta Gomezek, aterpe antiespezista bateko arduradunak. Badaki zertaz ari den. Autista da, eta harro dago. Begano bilakatu eta gero jaso zuen diagnostikoa, 24 urte zituenean. “Askatu egin ninduen”, erran du, argi eta garbi. “Itxurak egiten eman nituen haurtzaroa eta nerabezaroa. Autista naizela jakiteak zentzua eman zien nire bizitza osoan izandako arazoei”.
2018ko ekainean, emakume autisten topaketa antolatu zuen CEPAMA elkarteak, Madrilen. Jardunaldi horretan aipatutako datuen artean ziren ondokoak: Espainian, 3,86 milioi pertsonak dutela desgaitasunen bat, eta haietako %60 direla emakumeak. Emakume horien erdiak daude pobrezia eta bazterketa arriskuan. Desgaitasunen bat duten emakumeen %33k sufritzen dituzte indarkeria edo sexu gehiegikeriak; eta %24,5ek indarkeria psikologikoa pairatzen dute. Datuok, topaketaren edukiarekin argitaratutako Mujeres autistas. Desde dentro del espectro liburuan jaso berri ditu CEPAMAk.
Teoria eta praktika
2018koa Neska eta Emakume Autisten Urtetzat jo zuen Osasunaren Mundu Erakundeak; Autisten Nazioarteko Eguna izan da hilaren 2koa; eta apiril osoa da autismoa ikusgarri bilakatzeko hilabetea. Denentzako mundu justuago bat lortzeko, neurodibergentziaren ekintzaileen egunerokoari eta eskaerei so egitea beharrezkoa da, are gehiago eskaera horiek mugimendu antiespezistaren barrutik egiten direnean, pertsona neurodibergenteak ere badirelako bere parte. Ez da haientzat toki seguru eta erosoa, ordea, kasu anitzetan. “Mugimenduaren oinarri teorikoetatik, bai eta ekintzaren esparrutik ere, pertsona neurodibergenteak bazter uzten dituzten ideiak bultzatzen dira”, salatu du Gomezek.
Bi adibide jarri ditu mahai gainean: batetik, teoriaren arloan, enpatia hitzaren erabilera. “Anitzetan entzun behar izaten dugu begano izan behar dugula bertze animalienganako enpatiagatik; ez da kontuan hartzen enpatiarena ez dela guztiok modu berean garatzen dugun tresna bat, are gutxiago parametro neurotipikoekin bat egiten ez dugunok. Ez da kontuan hartzen, gainera, enpatiak justiziarekin zer ikusteko gutxi duten botere harremanekin eta hierarkiarekin baduela lotura: jendearentzat errazagoa da txerrikume batenganako enpatia sentitzea arrain batenganako enpatia sentitzea baino”.
Bertzetik, ekintza moldeak jarri ditu zalantzan Gomezek. “Eredu estandarra da karrikara ateratzera deitzen gaituena; eredu horrek ez ditu kontuan hartzen antsietate sozialagatik, zaratak egiten dien kalteagatik, mugitzeko askatasuna ez izateagatik edo bertze edozein arrazoirengatik horrelako ekintzetan parte har ezin dezaketenak”. Sare sozialen bidez egin daitekeen lana nabarmendu du Gomezek, eta lan horrek ekartzen duela sareak osatzea, eta bertzela bazter gelditzen diren pertsonen ekarpenak ikusgarri bilakatzea: “Emakumeak, transak, bollerak eta identitate ez-binarioak gehiengoa gara mugimenduan, eta gure gain dago zaintza lanen zamarik handiena –babeslekuetan, bertzeak bertze–, baina, hala eta guztiz ere, oraindik ere txalo eta oihartzun gehiago jasotzen du gizonen inplikazioak”.
Ez hori bakarrik. Mugimenduan gertatzen diren jarrera kapazististak seinalatzeagatik “borrokan atzera egitea” egotzi izan diotela azaldu du Marta Gomezek. “Oraindik ere, zenbaitentzat denak balio du animalien askapenaren aldeko borrokan, eta berdin zaie bidean zapalduta dagoen bertze talderen baten aurka egiten badute ere”. Gomezek argi du denak ez duela balio, eta sistemak zapaldutako kolektiboen aldeko borrokak trasbertsala behar duela izan, ezinbertzean.
Nork bere burua zaintzeak duen garrantzia ere aldarrikatu nahi izan du. “Erosoen zauden borroka espazioan mugitu behar duzu, zure gaitasunen eta testuinguruaren arabera. Ez genuke ondoan duguna epaitu beharko”.
Funtzionatzeko modu anitz
Justizia hitza behin baino gehiagotan aipatu du Marta Gomezek. Izan ere, autismoaren espektroan diren pertsona anitzengan hagitz garatua dago justiziaren zentzua, oso modu sendoan, gainera. “Buruhauste anitz eragiten digu justiziaren zentzu zorrotz horrek, are gehiago bidezkotzat jotzen dugun horrek gainerakoen interesekin talka egiten duenean, espezismoaren aurkako borrokan gertatzen den bezala”. Autisten kopuruak gora egin du mugimendu antiespezistan, nabarmendu duenez, eta egoera hori horrekin lotu du, hain zuzen ere: “Bidezkotzat jotzen dugun horren alde egiteko beharra dugu, eta betean sartzen gara”.
Autisten inguruko estereotipoak bazter uzteko beharra erantsi du Gomezek: “Zapalduen azalean jartzeko gaitasun handiagoa dugula uste dut, eta horregatik saiatzen gara ahalik eta borroka esparrurik zabalena betetzen”.
Babeslekuan ere oinarri bera du Gomezek ardatz. Hamaika espezietako norbanakoen etxe da, eta autogestioaren bidetik egiten du aurrera. “Hasieran, txakurrak eta katuak hartzen genituen; familia handituz joan zen, eta, azkenean, eremu egokia bilatu, eta babesleku antiespezista eta permakulturala osatu dugu”. Nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua egin dute, eta haren bidez lortzen dituzte aterpeko biztanle guztientzako elikagaiak. Oda Al Salvajismo proiektua ere badute baliabide iturri. Pirograbatuak eta brodatuak egiten dituzte sareen bidez eta inguruko azoketan saltzeko.
Naturarekin eta gainerako animaliekin bat egitea hartu du helburu Marta Gomezek, eta posible dela erakusten du, egunero. Horixe nabarmendu nahi izan du. Gehiago du errateko: “Behar dugu askapenaren alde eta gizarte hobe baten alde lan egiten duten mugimenduek kontuan hartzea ez dagoela funtzionatzeko modu bakarra; ez dagoela gauzak egiteko modu bakarra; behar dugu existitzen diren neurodibergentziak ezagutzeko urratsa egitea, babesa emateko horren beharra dutenei. Iker dezatela, galde dezatela, bila dezatela informazioa, eta bazter utz ditzatela aurreiritziak”. Finean: denak aintzat har ditzatela. Elkartasunak eta justiziak bertze biderik ez dutelako.
Iruzkin 1
Ederra, milesker