Hasi da. Martxan da 21. Korrika. Garestik atera da gaur, 17:00etan, eta, 2.500 kilometro baino gehiagoko bidea egin eta gero, Gasteizera ailegatuko da, hilaren 14an. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu Korrikak helburu. Garesen, euskararen aldeko sarea osatzeko baliatu nahi izan dute aukera, gainera. Izarbeibarko euskaltegiak eskualdeko eta inguruko ikasleak hartzen ditu. 50 inguru dira denera. Duela bi urte jakin zuten euskaltegiko arduradunek gaurko Korrikaren hasierako besta antolatuko zutela. “Ardura eta ohorea” izan da lan hori haientzat. Milaka pertsonaren babesa jaso dute gaur, denen artean Korrika martxan jartzeko.
Hasi da #korrika21
Jendetzaren artean eman ditu lehen pausoak!
#klika
#korrika
#Gares pic.twitter.com/IAXPyoOlfC— AEK (@AEK_eus) 4 de abril de 2019
Garesen, goizean goiz hasi da besta, dianekin. Egun osoko egitaraua prestatu dute euskaltegiko kideek. Ekitaldi nagusia, noski, Korrika hasteko unea izan da. Jendetzak egin du bat herriko plazan. Mezua lekukoan sartu eta gero, Izarbeibar eta Mañeruibarko herrietako ordezkariek eraman dute, lehendabiziko kilometroan. Ondoren, Garesko Udalak hartu du, eta Zabaltzagain guraso elkartearen txanda izan da hirugarren kilometroan.
Mugimendu antiespezistak ere bat egin nahi izan du euskararen aldeko lasterketarekin, eta, zapalkuntza guztien aurkako mezua zabaltzeko asmoz, kilometro antiespezista antolatu du. Ermuan izanen da, hilaren 13an. Herri horretan ari da lanean Aiuri Antiespezista taldea, hain zuzen ere. 15:00etan Korrikari harrera egin baino lehen, giroa berotzeko egitarau bat prestatu dute: 11:00etan olinpiar jokoak eginen dituzte, eta, 12:30ean, berriz, bazkari %100 begetala, kilometro antiespezistaren alde.
Espezismoaren eta gainerako zapalkuntzen aurka eginen dute korrika antiespezistek, herritar guztiei eragiteko gizakiz bertzeko animaliekin duten harremanari buruz gogoeta egiteko klika.
Iruzkinik gabe