“Gogoratu nuen behiak maite nituela; maite nituela haien begiak, haien betileak. Eta, bat-batean, nire burua ikusi nuen haztegi hartan. Behien tokian emakumeak jartzen badituzu, haztegia prostituzio etxe bilakatzen da”. Errumanian sortu zen Amelia Tiganus, baina Euskal Herria du orain etxe. Hamahiru urte zituenean, bortxatu egin zuten. Salerosketaren biktima izan zen, eta bost urtez bizi izan zen prostituzio sistemak harrapatuta. Duela hamabi urte lortu zuen atzean uztea. Ekintzaile feminista da orain; beganoa eta antiespezista ere bai. Eta, batez ere, borrokalaria. Bide latz batetik bizirik ateratzea lortu duen emakume ahaldundua.
Nola ailegatu zinen Euskal Herrira?
Espainiako estatura ailegatu, eta handik hiru hilabetera etorri nintzen lehen aldiz. 21 egunean behin prostituzio etxe batetik bertzera mugitzen ninduten, eta toki aldaketa horietako batek ekarri ninduen honat. Gogoan dut ukitu ninduela Euskal Herriko paisaiak. Sentitu nuen bertze herri batean nengoela. Ipuinetako herriekin lotutako inguru bat aurkitu nuen hemen. Uztailean ere behe lainoa zegoen! Horrek anitz ukitu ninduen. Prostituzio sistemak harrapatuta egon nintzen bost urteetan, 40 prostituzio etxe baino gehiagotara eraman ninduten, eta, tarteka, Euskal Herrira itzultzen nintzen. Bost urte horiek pasatu zirenean, buruak eta gorputzak gainezka egin zidaten, eta, orduan, Euskal Herrian nintzen. Gainera, hemen gelditzeko erabakia hartu nuen. Sentitu nuen hau zela tokirik aproposena nire bizitza hutsetik berriz hasteko. Prostituzio etxetik atera, eta handik hiru egunera zerbitzari hasi nintzen lanean taberna batean; 11 urtez aritu nintzen.
Prostituzioaren aurkako ekintzaile bilakatu zinen arte. Zergatik erabaki zenuen urrats hori egitea?
Feminismoarekin bat egin nuenean hasi nuen bide hori. Feminismoa deskubritu, eta patriarkatuaren indarraz eta eraginaz ohartu nintzen. Nire buruan nituen galderek, bat-batean, erantzuna aurkitu zuten, eta pieza guztiek bat egin zuten azkenean. Orduantxe utzi nion beldurra, errua eta lotsa sentitzeari, eta hasi nintzen amorrua sentitzen. Amorru handia. Ez hainbertze bizi izandako guztiagatik, baizik eta bizi izandako horrek sentiarazi ninduen moduagatik. Beldurra, errua eta lotsa sentitzeak eragiten zidan barruko amorru hori, orduan ohartu bainintzen sentimendu horiek ez zegozkidala niri, eta gizarte osoak sentitu behar zituela beldurra, errua eta lotsa, onartzen duenagatik. Gogoeta prozesu sakon bati ekin nion, eta teoria feminista ikasteari eta jorratzeari; horri esker, neure buruarekin adiskidetzea lortu nuen. Argi ikusi nuen ezin nuela hor gelditu, nire eginbehar etikoa zela gauzak aldatzeko lan egitea.
Zure prozesuan ere lagundu dizu jendaurrean agertzeko eta bizi izandakoa salatzeko egindako urratsak?
Ez dut nire bizitza bertzela irudikatzen. Egiten dudana egin behar dudala sentitzen dut. Galdetu izan didate beldurrik ez ote dudan. Tarteka sentitzen dut, jendaurrean agertzen naizelako eta agerian gelditzen naizelako. Baina hauxe egin behar dut. Ezin dut atzera egin. Bizi izandako sufrimendu guztiak, orain, zentzu bat du.
Erran izan duzu burua eta gorputza deskonektatu egiten zenituela egoera horretan aurrera egin ahal izateko, bizirik jarraitu ahal izateko; zapalduta egon zaren denbora horrek haustura eragin zizula, nolabait, barruan. Prostituzio etxeetara ailegatu baino lehen gertatu zen haustura hori?
13 urte nituenean, bost gizonek bortxatu egin ninduten. Orduan hasi ziren disoziazio prozesu horiek. Baina badute zerikusirik ere lehenagoko hainbat egoerarekin. Zerikusirik badute, nire ustez, maitasunik ezarekin. Langile klaseko familia batean jaio nintzen; ez genuen gabezia materialik, baina pobrezia emozionalak jota bizi nintzen. Ondorioz, gurasoei beren maitasuna merezi nuela erakutsi nahi nien beti; orain ulertzen dut ahal zutena egin zutela, baina garai hartan egoera zaila zen niretzat. Bortxatu nindutenean, sentitu nuen gurasoei huts egin niela, benetan ez nuela merezi haiek ni maitatzea. Niretzat okerrena zen gurasoek ni ez sinestea. Pentsatu nuen inori deus erraten ez banion inork ez zuela jakinen, eta aurrera eginen nuela. Baina ez zen hori gertatu. Bortxatzen eta umiliatzen gaituztenek, eraso egiten digutenek, egiten dute beren gizontasuna erakusteko, eta bortxatu nindutenek zabaldu zuten egin zidatena. Bortxaketak sistematiko bilakatu ziren. Eskolatik ateratzen nintzenean, nire bila joaten ziren. Nire ingurukoek baztertu egiten ninduten, putaren estigma nuelako. Bazter gelditu nintzen.
Maitasunik ezak eraman zintuen gizakiz bertzeko animaliekin harremana izatera?
Bai. Behar nuen maitasun hori animaliekin nintzenean sentitzen nuen. Berdin zitzaidan txakur edo katu batekin, txerri edo behi batekin egon. Ahizparekin ere beti sentitu nuen maitasun hori; inoiz ez ninduen epaitu. Ahizpak eta gainerako animaliek maite nindutela sentitzen nuen.
Gizakiz bertzeko animaliekin zenuen harreman horretan ere gertatu zen haustura bat?
Duela gutxi gogoratu nintzen haustura horrekin. Aurrera egiteko, hori ere ezabatu nuen burutik. Baina, duela gutxi, oroitu nintzen lehen bertze animaliekin nuen harreman horrekin. Haurra nintzenean, nik ez nekien zer jaten nuen, ez nintzen ohartzen laguntzat nituen animaliak zeudela gero nire platerean. Hori jakin nuenean, ez nuen animaliarik jan nahi; gogorregia zen niretzat. Baina behartu ninduten, eta, aurrera egiteko, nire burua behartu nuen bereiztera janaria eta animalia. Eta hori da, hain zuzen ere, putazaleek egiten dutena: batetik emakumeak ikusten dituzte, eta, bertzetik, berriz, prostitutak. Eta prostituta horiek objektu huts dira haientzat, disfrutatzeko erabil dezaketen zerbait. Animaliekin gauza bera gertatzen da.
Gainera, nabarmendu izan duzunez, produktuak sortu eta horiek saltzeko marketina osatzen du industriak bi kasuetan. Antzekoak dira prozesu horiek ere?
Bai, argi eta garbi. Prozesu bera da bi kasuetan. Emakumeak eta gainerako animaliak zapaltzen dituzten bi industria horiek irribarre batekin, aske, korrika irudikatzen dituzte beren produktuak. Beti saiatzen dira ulertarazten deus txarrik ez dela gertatzen esparru horietan, eta osasuntsua dela egiten duten guztia. Bertzelakoa da errealitatea, ordea. Sentitzeko gaitasuna da gakoa. Feminista naizen aldetik ere, nire asmoa da indarkeriarik eta zapalkuntzarik gabeko mundu bat eraikitzea. Nola lortuko dut hori gainerako animaliak zapaltzen ditugun bitartean?
Noiz lotu zenituen zuk antiespezismoa eta feminismoa?
Behi bati begietara so egin ahal izan nioenean, berriz ere. Sekulakoa izan zen momentu hori niretzat. Lagun batekin joan nintzen bertze baten behi haztegia bisitatzera. Gogoratu nuen behiak maite nituela; maite nituela haien begiak, haien betileak. Joan ginen, eta sartu bezain pronto, erabat hunkituta sentitu nintzen. Tarteka, iraganeko kontuak etortzen zaizkit burura, eta egun hartan hori gertatu zitzaidan. Neure burua ikusi nuen haztegi hartan. Behien tokian emakumeak jartzen badituzu, haztegia prostituzio etxe bilakatzen da. Behiak kontrolpean dituzte une oro; une oro daude esplotatuta. Han daude helburu zehatz batekin. Eta prostituzio etxeetan berdin gertatzen da. Musika jartzen zuten beti; pornografia telebistan… Berriz ere begietara egin nien so behiei. Ezin nuen sinetsi. Hamaika aldiz pasatua nintzen lehendik ere haztegiaren aurretik, baina ikusi gabe. Prostituzio etxe baten aurretik pasatzen dena bezala. Ez du deus sentitzen, bertze alde batera begiratzea erabakitzen duelako. Ez du pentsatzen barruan zer dagoen. Nik, nire bizitzako momentu batean, erabaki egin behar izan nuen: mina eta sufrimendua eragiten duen sistema horren parte izaten jarraitu, edo koherentziaz jokatzen saiatu. Horrela hasi nuen begano bilakatzeko bidea.
Salatu izan duzu egungo gizarteak normaltzat jotzen duela emakumeen sexu esplotazioa. Gainerako animalien esplotazioarekin gauza bera gertatzen dela uste duzu?
Bai. Gainerako animalien kasuan ere bertze alde batera begiratzea erabakitzen dugu, barruan zer dagoen ez pentsatzea. Alice Walkerrek erran zuen animaliak ez direla jaio gizakientzat, emakumeak gizonentzat edo beltzak zurientzat jaio ez diren bezala. Egun hori pentsatzen dugu, gainerako animaliak guri mesede egiteko existitzen direla; emakumeak gizonei mesede egiteko existitzen dira, matxismoaren arabera. Espezismoak eta matxismoak, finean, logika bera dute atzean. Espezistak diren lagun anitzekin hitz egiten dut gainerako animalien zapalkuntzari buruz, eta putazaleek jartzen dituzten aitzakiak erabiltzen dituzte. Arduraz kontsumitzen dutela erraten dute. Baina ez da egia; engainatu egiten gaituzte. Gainerako animaliak ez dira zoriontsu bizi, baina normaltzat jo dugu hori guztia; hori da kontua. Pixkana, halere, ari gara urratsak egiten aldatzeko. Kontua da errealitateaz jabetzea mingarria dela.
Zuretzat ere mingarria izan zen?
Errealitateaz ohartzea gogorra izan zen, baina beganismorako bideak ez du ekartzen deus bazter uztea. Alderantziz, bide horrek askatzea dakar. Gure gizatasunetik aldentzen gaituzten eskemak eta egiturak haustea dakar bide horrek.
Zure inguruko feministak prest dira diskurtso hori onartzeko?
Mezua entzun baino lehen, betiko aitzakiak jartzen dituzte anitzek mahai gainean. Eta, finean, gizonek matxismoaren inguruan jartzen dituzten aitzakia berak dira. Pazientziaz jokatzen saiatzen naiz, badakidalako emakumeak aliatuak direla, eta argi dudalako feministok antiespezismotik hurbilago gaudela bertze mugimenduak baino.
Mugimendu antiespezistak ere egin behar du lan matxismoa bazter uzteko?
Bai, inolako zalantzarik gabe. Uste dut horregatik gertatzen direla bi mugimenduon arteko talkak. Eskutik helduta egin dezakete aurrera; dena dute komunean, baina urratsak egin behar dira mugimendu antiespezistan dauden jarrera eta jarduera sexistak bazter uzteko.
Prostituzio sistemak harrapatuta zinenean, zure sentitzeko gaitasuna ere ukatzen zitzaizula erran izan duzu. Zure gizatasuna ukatzen zitzaizula sentitzen zenuen?
Bai. Sistemak objektu huts bilakatzen gintuen. Eta espezismoak gauza bera egiten du gainerako animaliekin. Produktu bilakatzen gara. Gure izaera bazter uzten dute, eta salgai huts bihurtzen gara. Prostituzioaren arloan, adibidez, makillaje anitz erabiltzen dugu. Janzteko modu bat da guretzat, nolabait erranda. Biluzik gara, eta, gure aurpegia margotuz, gure burua babesten saiatzen gara. Eta funtzionatzen du. Gizonek gure benetako aurpegia ikusiko balute, gure haur aurpegiak eta begiradak, ezin izanen lukete egiten dutena egin. Bertze animaliekin gauza bera gertatzen da. Ez dugu haien benetako izaera ikusten, haien zoriontasuna, ez dugu ikusten laztanak nola bilatzen dituzten. Bertzela, ezin izanen lukete egiten dietena egin.
Bertze bilakatzen zaituztete?
Bai. 24 orduz izan behar nuen bertzeek nahi zutena. Gainerako animaliei ere ez diegu beren izaera erakusten uzten. Guk nahi duguna dira.
Haustura prozesu horiei guztiei nola egin diezu aurre? Nolakoa izan da berriz ere zeure buruarekin bat egiteko prozesua?
Antiespezismoaren bidean egin ditudan urratsek lagundu didate. Errealitateen arteko lotura horietaz jabetzeak on egin dit. Argi dago horrelako egoerez jabetzea gogorra dela, eta niri anitz kostatu zitzaidan kanpoko munduarekin bat egitea berriz ere. Bortxatu nindutenean, nire gizatasuna suntsitu zuten, eta objektu bilakatu ninduten. Alderantzizko bidea egin behar izan nuen berriz ere gizaki bilakatzeko. Eta hagitz gogorra izan zen. Duela hamabi urte atera nintzen prostituzio sistematik. Baina berez, zehaztu behar dut modu fisiko batean baino ez nintzela atera. Nire burua ateratzeko lan egiten ari da, oraindik ere. Egunero egiten duen lan bat da, gainera, eta egunero itzultzen naiz nire bizitzara, nolabait. Egun batean emozio bat deskubritzen dut, eta bertze batean zapore bat. Espezismoaz ohartzeak ere lagundu dit bide horretan. Lotura horiek ezarriz, lortu ditut aurrera egiteko tresnak. Zapaldutako subjektua izan naiz, batetik; zapaltzailea, bertze esparru batean. Bertzearen azalean jartzeko ahalegina egin dut, eta ariketa hori hagitz baliagarria eta aberatsa izan da niretzat.
Indarkeria atzean utzi, eta zaintza aldarrikatu nahi duzu?
Zaintzak jarri behar ditugu erdigunean. Geure burua zaindu behar dugu, bertzeak zaindu behar ditugu, eta bertzeak horren barruan egon behar dute gainerako animaliek ere. Hori egiten ez badugu, gureak egin du.
Zer moduz zaude orain?
Orain ongi nago. Feminicidio.net-en ari naiz lanean 2015. urtetik. Koordinatzen ari naiz formakuntza plataforma, sarean; gainera, bertzelako ikastaroen koordinatzaile ere banaiz. Angelica Velascorekin, hain zuzen, ikastaro antiespezista bat prestatu dugu. Garrantzitsua da argi izatea engainatzen gaituztela. Bizitza saltzen digute, baina heriotza baino ez dugu kontsumitzen; industriak botere handia du. Diruak baino ez du inporta, eta dena dute alde: baliabideak, hedabideak, dena. Mundua beren neurrira eraikitzen ari dira, eta ez dugu deus egiten. Ordua da errealitateaz ohartzeko.
Iruzkinik gabe