Berako Labiaga ikastolak izokin baten irudia hautatu zuen 1994. urteko Nafarroa Oinez-aren ikur, eta izokinaren inguruan egin zuen Negu Gorriak taldeak besta horretarako abestia ere. Gotti, gotti, Bidasoan, bide osoan kantatzen zuen, garai hartan, Fermin Muguruzak. Izokinek Bidasoan gora egiten dute urtero, hain zuzen ere, baina bidea ez dute erraza. Ibaian eraikitako presak gainditu behar dituzte, batetik; bertzetik, arrantzaleen amuei ihes egitea lortu behar dute, itsaso zabaletik ibai estura eramaten dituen helburua bete ahal izateko: jaio ziren errekara itzultzea, erruteko.
Azken urteotan, Europatik jasotako diruari esker, Bidasoko hainbat presa behera bota dituzte, ibaia lehengoratzeko asmoz. Horrek izokinei eta Bidasoan bizi diren bertze animalia anitzi egin die mesede. Arrantzaleak, halere, ez dira ertzetik desagertu. Apirilaren 14an hasiko da aurtengo arrantza sasoia, eta Nafarroako Gobernuak 60 izokin akabatzeko baimena eman du.
Itsasoak eta ibaiak lotzen dituen animalia da izokina, errekan jaio baina ur gazian hazten baita. Bidasorako bidea egin baino lehen, adibidez, Groenlandia hegoaldeko, Feroe irletako, Labrador Penintsula inguruko edo Norvegiako kostaldeko uretan ematen dituzte bizpahiru urte. Gai dira, gero, sortu ziren ibaira itzultzeko. Hil arteko bidaia izaten da hori, anitzetan, eta azken hatsa ematen dute, errun eta gero. Lehenago harrapatu ez badituzte, noski. Arrantzaleen amua irensten duten izokinek duten indar guztia baliatzen dute ihes egiten saiatzeko. Zenbaitetan lortzen dute, baina amuaren kakoak eragindako zauriak larriegiak izan litezke haientzat. Amuari ihes egiteko aukerarik ez dutenak, berriz, mako bat baliatuz ateratzen dituzte arrantzaleek uretatik, itota hil arte. Sari bilakatu arte.

Eta sari preziatua da izokina Bidasoko arrantzaleentzat. Ez da bakarra, gainera. Kirol arrantza deritzonak bertze hamaika espezie ditu jomugan. Animalien eskubideen babesleen artean ere, arrainen errealitatea ezkutuan gelditzen da anitzetan. Datuek agerian uzten dute, ordea, zapalkuntza handia pairatzen dutela, jarduera horrek akabatzen duen animalia kopurua kontuan hartuta. Steven Cook eta Ian Cowx itsas biologoek beren ikerketen bidez emandako datuen arabera, kirol arrantzak 47.100 milioi norbanako baino gehiago hiltzen ditu urtean. Gainera, estatistikek ez dute zenbatzen zenbat arrain askatzen dituzten harrapatu eta gero eta zenbat hiltzen diren jasotako zauriengatik.
Arrantza komertzialaren ondorioak are latzagoak dira: Alison Mood ikerlariak zabaldutako datuen arabera, jarduera ekonomiko horrek 1-2,7 bilioi norbanako hiltzen ditu urtean. Euskal Herriko flota ere bada errealitate horren parte. Gaindegiak 2015. urtean emandako datuen arabera, 363 ontzik osatzen dute Euskal Herriko flota hori: 93 Gipuzkoan aritzen dira, 125 Bizkaian, 142 Lapurdin eta 3 beste lurralde batzuetan. Baxurakoak dira ontzi gehienak: 269, zehazki. Datuok 2002. urtekoekin alderatuta, Euskal Herriko arrantza ontzien kopuruak %37 egin du behera. Arrantzaleen kopuruak ere behera egin du: 3.051 ziren, 2011 eta 2012ko datuen arabera. Ontzi eta arrantzale gutxiago dago, baina horrek ez du ekarri hildako arrainen kopuruak behera egitea. Gaindegiak 2015ean egindako txostenak nabarmendu du ontzi gutxiagorekin gehiago arrantzatzen dela Euskal Herrian. Baxuran, adibidez, sardinak, bokartak eta txitxarroak dira enkantean jartzen diren arrainen erdiak. 2007an, 2.700 tona txitxarro jarri zituzten enkantean; 6.400 tona ere izan ziren 2010eko hamarkadako lehen urteetan.

Milaka tona horien atzean norbanakoak daude; sentitzeko gaitasuna duten norbanakoak, alegia. Askotarikoak dira, gainera, nor bere ezaugarri eta nortasun propioekin: 2016ko datuen arabera, 64 ordena, 564 familia eta 33.249 arrain espezie dago; hau da, planetan dauden ugaztun, hegazti, narrasti eta anfibio guztiak baino gehiago dira: planetan diren espezie ornoduden %60 arrainak dira. Jonathan Balcombe etologoak 2013. urtean idatzitako What a Fish Knows izenburuko liburuan daude datuok (gaztelaniaz El ingenio de los peces izenburupean eman dute argitara). Egileak argi utzi du liburuan duela mende bat baino anitzez ere gehiago dakigula egun arrainei buruz, baina dakigun hori oraindik ere huskeria bertzerik ez dela, arrainok dakitenarekin alderatuta. “33.000 arrain espezie baino gehiago deskribatu dituzte adituek, baina haietako ehunka gutxi batzuei buruz baino ez dugu ezagutza zehatzik”.
Ezagutza horrek, anitzetan, berekin ekarri du ikertutako arrainekin esperimentuak egitea, eta, ondorioz, haien heriotza eragitea. Arrantzaren garapenak, halaber, arrainak hazteko azpiegiturak sortu ditu, eta, horrekin, gora egin du zapaldutako norbanakoen kopuruak. 2017 eta 2018an, Italiako Essere Animali erakunde antiespezistak piszifaktoria intentsiboetako errealitatea dokumentatu eta zabaldu du, eta lan horrek agerian utzi du arrain horiek erabiltzeak zer sufrimendu ekartzen duen. Zientziak onartu egin du arrainek sentitzeko gaitasuna dutela. Balcombek eta Victoria Braithwaite biologoak, adibidez, nabarmendu dute arrainek badutela mina sentitzeko behar den anatomia. Europako Batasunak ere erran zuen, 2009. urtean, badela nahiko froga errateko arrainak sentitzeko gai direla. 2012ko Cambridgeko Adierazpenak ere bat egin du baieztapen horrekin. Lehen mailako hamaika zientzialarik sinatu dute adierazpen hori.
Liverpooleko Unibertsitateko Lynne U. Sneddon doktoreak ere bat egin du adierazpen horren mamiarekin, eta erran du arrainek badituztela nozizeptoreak (estimulu kaltegarriekin pizten diren zentzumen hartzaileak), eta arrainek beren jokabidearen bidez ere erakusten dutela sentitzeko gai direla, minari erantzuten diotela.
Jonathan Belcombek ur azpiko norbanakoei eskaini die What a Fish Knows liburua: “Planetako uretan igeri egiten duten bilioika izaki anonimoei”, idatzi du etologoak, zehazki. Gizakiek urtean akabatzen dituenak ere bilioika dira. Itsasoan, ibaian edo errekan gora, gizakien espezismoa da arrainentzako amurik arriskutsuena.

Iruzkinik gabe