Ikus-entzunezkoen alorrean antiespezismoaren inguruan hitz egiten dugunean, ohikoena izaten da dokumentaletara jotzea. Luzea da tankera horretako filmen zerrenda, baita hainbat aferaren inguruan aritzeko modua ere. Batzuek zuzenean dihardute gizakiz besteko animalien askatasun faltaz eta gizakion erantzukizun etikoaz; beste batzuk esplotazioak ingurune naturalean duen eragin kaltegarriaren inguruan aritzen dira; eta bada animaliengandik eratorritako produktuen kontsumoak osasunean dituen eragin kaltegarriei erreparatzen dionik ere.
Baina, dokumentaletatik harago, badira gogoeta horiek fikziozko istorioen bitartez lantzen dituzten kontakizunak ere. Bost filmekin osatu dugu zerrenda:
- La Planéte Sauvage (René Laloux, 1973, Frantzia)
René Laloux zinegile frantziarrak estreinako lana plazaratu zuen urte berean jaso zuen Epaimahaiaren Sari Berezia Canneseko zinema jaialdian; gerora, animaziozko kultuzko film bilakatu zen. Stefan Wul idazle frantziarraren Oms en Série liburua oinarri, fantasiazko etorkizun batean girotzen da kontakizuna, Ygam izeneko planetan. Han bizi dira Draag izeneko humanoide erraldoiak, zeinek maskotatzat dituzten gizakiak eta sokaz lotuta ibiltzen dituzten pasieran, batetik bestera. Planeta horretan bizi dira etxekotu gabeko gizakiak ere, eta Draagen eginkizunetako bat da gizaki horiek ehizatu eta hiltzea. Filmak modu ironikoan azpimarratzen du Draagek interes propiorako erabiltzen dituztela gizakiak, esklabo gisara, garapen teknologiko eta espiritual handia izan arren. Gizaki etxekotu batek, ordea, ihes egitea lortuko du; indarrak batuko ditu gizaki basatien talde batekin, eta praktikan jarriko ditu Draagen menpeko garaian ikasitako ezagutzak, haiekin parekidetasunezko harremanak garatzeko asmoz.
- La Belle Verte (Coline Serreau, 1996, Frantzia)
6000. urtea. Etorkizuneko planeta utopiko batean bizi da pertsona talde xume bat. Arrotzak zaizkie diruaren erabilera, autoritatean oinarrituriko gizarte egituraketa eta animaliak jatea. Planeta txikiko lagun batek bidaia bat egingo du Lurrera, bi mende lehenago han utzi zuen familiaren berri izateko eta jakiteko nola aldatu diren gauzak. Film honek kritika egiten die egungo gizartean barneratuta ditugun kode sozialei, eta animaliekiko errespetua ere sustatzen du. Protagonista Lurrera iritsi eta berehala, esaterako, elikagai bila joango da denda batera, baina erakusleihoan zintzilik topatuko ditu bere planetan bizilagun dituen animalien gorpuak. Horrek harridura eta nazka sorraraziko dizkio. Lurrean pertsona berriak ezagutu eta, laguntzeko asmoz, euren planeta txikira bizitzera gonbidatuko dituzte, bertan sentitzeko gauza den izaki ororen arteko askatasuna eta errespetua ardatz dituen komunitate baten parte izan daitezen.
- Chicken Run (Nick Park & Peter Lord, 2000, Erresuma Batua)
Ingalaterrako Tweedy baserrian bizi da Ginger oilo ausarta, Bigarren Mundu Gerrako kontzentrazio esparruen itxura duen gune batean. Arrautzak ekoiztea da bere betebehar bakarra, baina, etekin eskasek bultzatuta, oilategiaren jabeek oilasko pastelak egiteari ekingo diote, makina berri bezain eraginkor baten bitartez. Gingerren ametsa da handik ihes egin eta aske izatea, eta oilar baten agerpenak horretarako aukera irekiko dio. Zirkuko ikuskizunetarako erabiltzen zuten, baina hegan egiten ikasi eta ihes egin zuen. Filmak oinarrian du George Orwellen Animal Farm nobela klasikoaren espiritua, eta animalien iraultzarako sena irudikatzen du. Orwellek, baina, boterearen inguruko kritika bat egiteko baliatzen zituen animaliak; film honetan, berriz, oilo protagonisten ihesaldian jartzen du fokua. Animaliak taldean antolatuko dira, oilo guztiak kaioletatik libratu eta betiko aske izateko.
- Next Floor (Denis Villeneuve, 2008, Kanada)
Denis Villeneuve zinemagile kanadarra nazioarteko sortzaile seinalatuen artera igaro da Blade Runner 2049, Arrival edota Prisoners filmei esker. Baina iraupen luzeko pelikulen artean badu harribitxi ezkutu bat: Next Floor izeneko film laburra. Hamaika lagunek inguratzen dute mahaia; eseri, eta prest dira aurrez aurre duten oturuntzari ekiteko. Erretilu eta plateretan animaliak dira nagusi, oso modu grafikoan, gainera; txerria, arkumea, oilaskoa, behia… Zinemagileak hezurdura eta kondar odoltsuetan jartzen du fokua behin eta berriz; behin mundu honen parte ziren bizirik gabeko gorputzak eramaten ditu iruditara. Jankideek, aldiz, abiada bizian irensten dute platerean duten oro, eta haien grina areagotu ahala etxebizitzaren lurra suntsitu eta hurrengo solairura amilduko dira. Gorputza eta arropak suntsiketak eragindako hautsez beteta izanda ere, kolpetik berreskuratu eta hamaika kideek berehala berrekingo diote oturuntzari, berriz ere beheko solairura amiltzeraino. Elegantziaz jantzitako eta luxuzko otorduez gozatzeko aukera duten klase altuko jankideen bitartez, Villeneuve zuzendariak gizateriaren botere gosearen metafora lantzen du nagusiki, baina ukaezina da animaliei biktima gisara ematen dien aparteko begirada.
- Okja (Bong Joon-ho, 2017, Hego Korea)
Canneseko zinema jaialdian lehiatu zen Netflixen lehen ekoizpena izan zen hau. Mija haurrak hamar urtez zaindu du baserrian Okja izeneko txerri erraldoia. Bizitza erabat aldatuko zaie biei, ordea, New Yorkeko multinazional baten jabeak txerria haragitarako erabiliko duela jakitean. Istorio honek uztartu egiten ditu Animalien Askapenerako Fronteko aktibisten jarduna eta animaliek laborategietan eta ostera hiltegietan pairatzen duten sufrimenduaren eta heriotzaren inguruko gogoetak; dena, helduen mundua oraindik ezagutzen ez duen haur inuzente baten begietatik kontatua. Filma mundu zabaleko streaming plataforma nagusian egoteak eragina izan du ikusle andanarengan, eta batek baino gehiagok onartu dute elikadura ohiturak aldatu dituztela filmak bultzatuta. Hein batean, Bong Joon-ho zuzendari hegokorearraren filmak erakutsi du mezu hauek dokumentalekin soilik ez, entretenimenduaren bidez ere indartu daitezkeela gizartean.
Aipamen berezia
Earthlings (Shaun Monson, 2005, AEB)
Zerrenda honek fikziozko lanak jasotzen dituen arren, aipamen berezia merezi du Earthlings dokumentalak, mundua ikusteko era betiko aldatu baitie milaka pertsonari. Oraingo honetan, Joaquim Phoenixi erreparatuko diogu, Hollywoodeko aktore entzutetsua narratzaile lanetan aritu baitzen filmean, eta ostera filmeko promozio irudi ere bilakatu baitzen. Aktorea aktibismo lanetan aritu da urte luzez, eta hainbat elkarrizketatan hitz egin du zinema industrian lan egiteak begano gisara ekarri izan dizkion oztopoen inguruan. Esaterako, film jakin batzuetan lan egiteko baldintzen artean du otorduetako eszenak errodatzean espresuki janari beganoa izatea, edota ez parte hartzea animaliak erabiltzen diren eszenetan. Phoenixen aldean, ordea, oztopo konplexuagoak eta egoera zailagoa dituzte zinema industrian lan xumeagoetan ari diren langileek, ez baitute nahikoa ahalmenik baldintza batzuei aurre egiteko eta baldintzok eraldatzeko.
Beste hainbat aktore entzutetsuk ere adierazi dute beganismoaren aldeko hautua: tartean dira Peter Dinklage, Benedict Cumberbatch, Jessica Chastain, Woody Harrelson edota Ellen Page. Halaber, James Cameron zinemagile beteranoak The Game Changers dokumentala plazaratuko du aurten, beganismoaren aldeko hautua egin duten lehen mailako kirolari, soldadu, zientzialari eta kultura ikonoen inguruko dokumental bat.
Gainera, joan den urteko udazkenean, estreinakoz Nazioarteko Zinema Jaialdi Beganoa egin zuten Kanadan. Nazioarteko sortzaileen lanak proiektatzeko espazio izateaz gain, antolatzaileek helburu dute festibala gune bat izatea bizimodu beganoa oro har ospatzeko. Haien asmoa da urteak igaro ahala egitasmoa mundu zabalera hedatzea.

Iruzkinik gabe