Martxoaren 8. Greba feminista. Planto egitera deitu du mugimendu feministak, bigarrenez. «Heteropatriarkatu kapitalistari planto!». Euskal Herrian zutik dira emakumeak*. Zutik jarraitzen dute, grebarako eta borrokarako prest. Antiespezistek ere bai. Heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuak dira, eta beren burua askatzeko egiten dute borroka, bai eta bertzeak mendean ez hartzeko ere; ez bertze gizakiak, ez gizakiz bertzeko animaliak ere.
Egungo sistema kapitalistak bitan zatitzen du mundua: boterea duen talde hegemonikoa dago, batetik, zis gizon heterosexual txuri dirudunek eta elbarritasunik gabekoek osatua, batez ere; bertzetik, botere horrek menpean hartzen dituenak daude. Bertzeak. Eta bertzeen multzo horretan bat egiten dute emakumeek*, gizakiz bertzeko animaliek, eta gainerako zapalkuntzek zeharkatutako gorputzek.
Heteropatriarkatu kapitalistak objektu huts bilakatzen ditu emakumeak*. Salgai. Eta gauza bera egiten du gizakiz bertzeko animalien gorputzekin eta bizitzekin. Objektu bilakatu. Salgai. Baliabide. Heteropatriarkatu kapitalistak subjektu izaera ukatzen die, eta horren aurka egin nahi du martxoaren 8ko greba feministak. Zapaldutako gorputzak altxatu nahi ditu sistemaren aurka, zapalkuntza ororen aurka; erro bera izanda, elkarri lotuta eta elkarri babesa emanez egin behar delako haien kontrako borroka ere. Borroka bera denen artean egituratuz; bertze anitzek osatutako gu bat eraikiz.
Askatasun nahiak eta aldarriak lotzen ditu zapalduak, zuhaitz bakarretik sortutako adarrak baitira baztertzen dituzten zapalkuntzak. Nork bere urratsak eginez, gizarte osoa jarri nahi dugu martxan, iraultzaren bidean. Iraultzak ekarriko duelako indarra errotik aldatzeko gizakien arteko harremanak eta gizakien eta gizakiz bertzeko animalien arteko harremanak.
Itzal izan gaitezen nahi dute: itzal, emakumeak*, transak, bollerak eta binarismoa apurtu nahi dutenak; itzal, gizakiz bertzeko animaliak; itzal, zapalkuntzek jotako subjektu oro. Baina guk gorputz izan nahi dugu. Giharrak, azala, bihotza eta burua ahaldundu. Zaila da, baina ari gara. Ari gara gizartea iraultzeko urratsak egiten; ari gara pausoak ematen bertzeak baztertzen dituen gu-rik gabeko mundua lortzeko. Ari gara bertzeak izateko gure eskubidea aldarrikatzen. Bertze anitzek osatutako gizarte bat nahi dugu. Gure gorputzak esparru politikoak dira, eta gure subiranotasuna aldarrikatu nahi dugu. Zapalkuntza guztien aurka, heteropatriarkatu kapitalistari planto! Greba feminista!
Oharra: Donostialdeko gizon antiespezistek zaintza sarea antolatu dute eskualdeko antiespezistentzat.
Iruzkinik gabe