Animalien askapenak iraultza epistemologiko bat behar du
Egilea: Aph Ko
Zuriak arrazializatzen direnean
Gizakiz azpikoen eremu zabal honetan badira zuri batzuk ere, homo sapiensaren maila idealera iristen ez direnak. Argi ikus dezakegu diru-sarrera urriko jende zuria arrazializatu egiten dela, eta gizakiz azpiko narratiba batean ezartzen, non redneck hitza* marka arrazial bihurtzen den; hartara, bereizi egiten dira, batetik, homo sapiens zuri ideala, arrakastatsua, diruduna eta zibilizatua, eta, bestetik, diru-sarrera urriko jendea: naturalki behe mailakoa eta berreskuratu ezinezkoa.
“Here comes Honey Boo Boo” eta halako telebista-programak trailer trash** estetika batean oinarritzen dira, eta redneck estereotipoetan; horien bidez egiten du aurrera programaren narratibak. Artikulu honetan, programa horren zati baten bideoa aurkezten eta azaltzen zaigu: bertan, Alana (programako pertsonaia nagusia, Honey Boo Boo esaten diotena) Miss Georgiarekin eserita dago, zeina ezarria dagoen giza subjektu zuri eta ideal gisa.
Emakumezko pertsonaia zuri ideal horri kontrajartzen zaio Alana, erakusteko behe-mailakoagoa dela naturalki, bere klaseagatik; hainbesteraino, ezin baitu performatu feminitate zuri ideala. Alanak tarta sartzen du ahoan, eta puzkerrak egiten ditu kameraren aurrean. Alana hain gaztea denez, indartu egiten da haren azpikotasuna (klase baxukoa izateagatik) jaiotzetikoa delako ideia. Era berean, argotez hitz egiten du, eta horrek iradokitzen digu mailaz gertuago dagoela belztasunetik zuritasun idealetik baino. Ezinezkoa egiten zaionez bere buruari eustea eta behar bezalako subjektu femenino zuri gisa performatzea, naturalki markaturik geratzen da behe mailako gisa, edo bezatu eta kontrolatu beharreko gisa.
Gizakiz azpikotzat jotako izakiak animalizatzeak iradokitzen digu animalia, bere horretan, espezie zuri loriatuaren kontrako arraziala dela. Horrek esan nahi du zuritasunak ez dituela arraza eta azalaren kolorea bakarrik adierazten, baizik eta baita izateko modu ideal bat ere. Animalia kategoriak bestelako arraza-hiritartasun bat adierazten du, eta gizakiz azpikotzat jotako horien ezaugarriek salatzen dute hiritartasun hori.
Gizakiz azpiko eremua esploratzen eta mapa eurozentrikoa uzten
Utzidazue hau esaten: justizia sozialaren aldeko gure mugimendu nagusiak porrotera kondenaturik daude teoria eurozentrikoaren arabera egituratzen diren bitartean (bai, horrek esan nahi du balitekeela koloreko aktibistak ere halako arazoak erreproduzitzea haien agendetan).
Beldurgarria da hainbat pertsona gai izatea arraza animalien zapalkuntzari buruzko elkarrizketatik egozteko; izan ere, mugimendu nagusiak denbora asko eman du ospatzen eta baliabideak eta indarrak xahutzen, arazoa konpondu nahirik sakonki aztertu gabe benetako arazoa zein den eta nola dirauen zutik. Nolatan egingo diegu ezikusia hierarkia espezistako elementu arrazialei? Zenbat eta gehiago aldendu homo sapiens zuriaren iruditeriatik, orduan eta errazagoa da gizakiz azpiko gisa edo animalia gisa etiketatzea.
Hori ere beldurgarria da, logika eurozentrikoari men egiten dion jende zapaldua logika bera erabiltzen ari baita zapaltzen dituen sistema eurozentrikoaren aurka borrokatzeko. Ezin duzu askapen-mugimendu eraginkorrik sortu ez baduzu guztiz ulertzen zure zapalkuntzaren anatomia.
Sylek idatzia duenez:
Zuria ez da arraza gailena bakarrik; izateko modu gailena ere bada. Arraza-hierarkiaren gain-gainean dago gizaki zuria, non espeziea eta arraza bat datozen izaki menderatzailea sortzeko. Eta hondoan, gizakiaren, zuritasunaren kontrako makurra daukagu: animaliaren nozio (halabeharrez) lausoa.
Iraultza epistemologiko bat behar dugu, zapalduek (gizakiz azpikoek) hiritartasun berri bat izan dezaten, klase menderatzailearen (gizaki zuri loriatuaren) parekoa. Horrek esan nahi du borrokatu egin behar garela, logika eurozentrikoari uko egiten dion jende beltz kritiko gisa, ez soilik mugimendu orokortuan errepresentazio azaleko eta gatzik gabeko bat izate aldera, baizik eta eskubidea izate aldera ezagutza ekoizteko, teoria sortzeko eta zapalkuntza agertzen den modua berriz artikulatzeko. Horren bidez, animalien askapena gure iraultza epistemologikoaren albo-ondorio bat izango da.
Itzultzailearen oharrak
*Redneck: Hitz hori erabiltzen da mespretxuz erreferentzia egiteko AEBetako eta Kanadako zuri txiroei, eskuarki landa-eremukoak direnei.
**Trailer trash: Literalki, “karabanako zaborra” esan nahi du. Termino hori erabiltzen da AEBetan eta Kanadan, mespretxuz, karabana edo bestelako ibilgailu batean bizi diren pertsona txiroei erreferentzia egiteko.

Iruzkinik gabe