Animalien askapenak iraultza epistemologiko bat behar du
Egilea: Aph Ko
Zapaltzailearen hizkuntza ikasten duzunean, haren mundu-ikuskera ere heredatzen duzu. Franz Fanonek Black Skin, White Masks liburuan argudiatzen duenez: “Hizkuntza bat daukanak, zeharkako ondorio gisa, hizkuntza horrek adierazten eta inplikatzen duen mundua ere badauka”.
Gizarte-mugimenduetako korronte nagusi gehienetan, zuritasunaz hitz egiten dugunean errepresentazioaren edo lidergoaren aldetik aritzen ohi gara bakarrik, eta gutxitan aipatzen dugu zapalkuntza ulertzeko darabilgun teoria zehatz gisa.
Aktibista asko beren burua sistematik “deskolonizatzeaz” mintzo dira, konturatu gabe haien agenda aktibistak egituratzeko darabiltzaten eraikuntza-bloke nagusiak zera direla: borrokatu nahi duten sistema horren beraren ondorio eta produktu. Gure tresna kontzeptualak eta aktibismoari buruzko teoriak sistema eurozentrikoari zor dizkiogu; hain justu, etengabe eraisten saiatu garen sistema horri.
Zapalkuntza-sistemak “eraisten” hasi aurretik, baina, ulertu behar dugu oraindik ere sistema horiei lotuta gaudela zapalkuntza ulertu eta zalantzan jartzeko darabilgun teoriaren bidez.
Bestela esanda: animalien askapena ez da gertatuko harik eta animalien zapalkuntza ulertzeko modua aldatzen ez dugun arte.
Gure artean nagusi diren animalien askapenaren inguruko korronteetan pentsamolde hau nagusitzen da: animalien kontrako zapalkuntza beregaina da, eta ez du zerikusirik arrazarekin edo generoarekin (edo beste edozein desberdintasun-adierazlerekin).
Nahiko ondo ezagutzen dut pentsamendu-ildo hori, animalien eskubideen aldeko aktibista ugarik etengabe bidaltzen baitizkidate txioak edo mezuak; itxuraz, ez dira eroso sentitzen Black Vegans Rock-en misioarekin. Mindu egiten dira aktibista batzuk saiatzen direnean arrazaz eta generoaz batera hitz egiten. Hona hemen adibide azkar bat: lagun aktibista batek Black Vegans Rock partekatu zuen, eta norbaitek hau idatzi zuen:
“Benetan, zer zerikusi du beganismoak arrazarekin? ANIMALIEZ ARI GARA! Euria ari duela esanda ere, besteak arrazari buruzko kontu bilakatuko luke”.
(Argi gera dadila hainbat koloreko begano bat datozela pentsamolde horrekin, hain justu animalien eskubideen aldeko aktibismoaren eredu eurozentriko bat jaso dutelako, zeinak klase menderatzailearen mundu-ikuskera berresten duen).
Bada ideia bat argudiatzen duena jazarpen desberdinak bereizita agertzen direla, eta gero konektatzen, ausaz eta hainbat puntutan; bada, ideia hori da animalien eskubideen aldeko mugimenduari eta justizia sozialaren aldeko gainerako mugimenduen korronte nagusiei jartzen diedan eragozpen nagusia.
Are gehiago: pentsamendu eurozentrikoa duten aktibistak kontu edo zapalkuntza horiek konektatzen saiatzen direnean, oso zintzoak ez diren konexioak egiten dituzte eskuarki.
Syl-ek honako hau argudiatzen du: “Konexio edo konparazio horiek, absurdoak ez ezik, zera dira: subjektibitate zauritu horiek eta borroka horiek duten harremanari buruzko karakterizazio sinplistegiak. Hortaz, pentsamolde horrekin ez gara ezer konparatzen ari: jatorri komun bat ari gara ikusten. Egiten dugun konexioa ez datza zapalkuntzetan bertan, ezta gorputz jazarrietan ere”.
Zenbait aktibistak meme batzuk partekatzen dituzte, non hainbat gorputz bortxatu jazarpen konektatuen adibidetzat jotzen diren: gorputz horiek lotuta baleude bezala tratatuak izan diren formagatik. Gure mugimenduetan, gorputz fisiko literalen gainean jardun gara antolakuntzan eta teorizazioan, eta ez dugu kontzeptualki jo zapalkuntzaren beraren erroetara.
Meme horiek erabiltzen dituzten asmo oneko aktibista gehienei ahaztu egin zaie funtsezko auzia; hots, gorputzok fisikoki bortxatzea posible dela gorputzok Bestearen, gizakiz azpikoaren eremuari dagozkiolako.
Subjektuok sufritzen dituzten bortxaketa literal fisikoak erkatuz eta konparatuz, barku kontzeptuala galtzen dugu; izan ere, gorputz horiek guztiak zapaldurik daude hain zuzen ere guztiak direlako gizakiz azpiko espazio horretako hiritarrak. Haien kontrako zapalkuntzen antza dute elkarrekin, zapaltzaile bera baitute; ez daude zapalduak batzuk “besteak bezalakoak” direlako, baizik eta gizakiz azpiko gisa etiketatu dituztelako: horren arabera, espezie zuri gailen eta ideala da gizakia. Tautologikoa da jazarpen literal fisikoak konparatzen segitzea frogatzeko jazarpen bera direla.
Esate baterako, erredundantzia hutsa da esatea “jende beltzak arrazakeria sufritzen” duela eta beraz “animaliak bezala tratatzen” dituztela, arrazakeria espezismoarekin kateatuta baitago jada. Beltzek sufritzen dutena ez da gizakiz besteko animaliena “bezalako” zapalkuntza bat, baizik eta zapalkuntza beraren maila bat. Denbora gehiago ari gara galtzen mugimenduetan gorputzon jazarpen fisikoen inguruan antolatzen; hori arazotsua da, ez baitugu jotzen jazarpenon jatorrira, erro kontzeptualera. Aktibista gisa, ez bagara iristen jarrera zapaltzailearen erroraino, askapen-mugimenduetan marko zapaltzaile bera erreproduzitzeko arriskua dugu.
Horrek esan nahi du arazo teoriko bat daukagula gure mugimenduetan.
Badirudi pentsamendu ez-kritikoaren krisi betean gaudela, hein batean gure mugimenduak egituratzeko darabilgun teoria eurozentrikoa delako. Horregatik saiatzen da jendea jazarpenok konektarazten, ulertu beharrean zergatik dauden hasieratik fusionatuta.
Justizia sozial eurozentrikoaren teoriaren arabera, zapalkuntza guztiak independienteki azaltzen dira, eta gero batzen, bidean nonbait.
Sylek dioenez:
Askori bururatu zaigu zapalkuntzak konpartimentalizatzeko eredu horrek orpoz orpo jarraitzen diola munduaren eta orobat haren kideen konpartimentalizazio eurozentrikoari.
GPS eurozentriko bat
Demagun autoan sartu eta GPSa daukazula. Nora joan nahi duzun idazten duzunean, mapa bat ematen dizute, zauden lurraldearen errepresentazio bat.
Arazo hau daukagu aktibisten mugimenduetan: aktibisten mugimenduen gure GPSak erakusten digun mapa ez dator bat aurrean dugun paisaiarekin. Izan ere, erabiltzen ari garen mapa klase menderatzaileak emana dugu. Hortaz, zapaldu guztiak ilaran daude, elkarri bozina joka. Guztiok galduta gaude, mapan ikusten ditugun bide desberdinen bila, gure lurrean aurkitu ezinik. Mapa hori ez da aurrean dugunaren errepresentazio on bat, eta, haren eraginez, zirkuluan ari gara bueltaka, bidaian aurrera goazelakoan.
Bestela esanda, mapak erakusten dizkigun intersekzioak ez dira existitzen, sinpleki ibili gabiltzan lurrak ez duelako intersekziorik. Gizakiz azpikotzat jotako eremu izugarri batean existitzen gara, non sistema horiek elkarrekin fusionatuta dauden, eremuaren lurrean itsatsita. Sylek idatzia duenez:
“Lurraldea Bestearen eremu ikaragarri bat da, eta noraino iristen den uler dezakegu soilik lurrean are sakonago zulatzen dugunean, txokokerien hertsaduratik harago joate aldera; orduan, geure buruak izaki madarikatu gisa ikusten ditugu; «gizaki osoaren estatusaren faltan», Frantz Fanonen hitzei jarraikiz”.
Gure aktibista-GPSa giza eremuaren koordenatuekin programatua dago, eta horregatik ezin dugu helmugara iritsi. Erabiltzen ari garen aktibista-GPSa ez da konturatzen zapalkuntza horiek jada batuta daudela. Minorizatuen helburua da denbora pasatzea mapa berriak sortzen. Gizakien eta animalien arteko banaketarantz orientatu beharra dugu norberaren zapalkuntza fisikorantz bainoago.
Aktibista batzuk ez dira ohartzen askapenera bidean erabiltzen dituzten mapak oso eurozentrikoak direla. Horren froga dugu zenbait aktibista saiatzen direla beren zapalkuntza propioa aztertzen espezismoaren azterketa esanguratsurik egin gabe. Esaterako, ikusi bideo hau, Everyday Feminism webguneak partekatua. Bertan, feminista batek hamaika minutu ematen ditu azaltzen animalien jazarpena ez dagoela zuzenean lotua emakumeen zapalkuntzarekin. Erabat ironikoa da hori. Askapenaren mapa eurozentrikoei esker, beste feminista ezagun batzuek –Akilah-ek, kasurako– intersekzionalitatea azaltzen diete beste feminista batzuei, animaliengandik eratorritako produktuak erabiliz*: https://www.youtube.com/watch?v=FgK3NFvGp58.
Ia tragikomikoa da aktibistak ez konturatzea argi eta garbi pieza bat falta zaiola haien puzzle aktibistari: norberaren zapalkuntza gizakiz azpiko edo animalia gisako hiritartasunean dagoela ainguratuta. Horren ondorioz dira posible arrazakeria, sexismoa eta gainerako zapalkuntza guztiak. Zapalkuntza horiek gizakiz azpiko etiketaren adierazpide desberdinak dira. Hortaz, auzia ez da arraza edo espeziea bakarrik, aldi berean espezie kontua ere bai baita.
Ez bagara antolatzen gizaki/gizakiz azpiko banaketaren inguruan, ez diogu behar bezala helduko gure jazarpenaren erroari.
Azterketa eurozentriko batetik, aktibistek beren denbora guztia eman behar dute auziok konektatzen, guztia baita, erro-errotik, banakoa eta bereizia; horrek izan behar luke lehen seinalea ikusteko ezen darabilgun teoria klase menderatzailearen esperientzien arabera eraiki dela, ez gure esperientzien arabera.
(…)
Oharrak
*Ez dut esan nahi aktibistek ezin dutenik ikasi haien ibilbidean. Iaz idatzi nituen gauzak irakurriko bazenituzte, harrituko zinatekete ikusita zenbat aldatu diren nire perspektibak. Nolanahi ere, joera bat seinalatu baino ez dut nahi, batik bat gune feminista nagusietan gertatzen dena. Joera horrek indiferentziaz hartzen du animalien zapalkuntza, neurri batean feminista askok ez dakitelako nola uztartu beren analisian edo ez dutelako uste benetan garrantzitsua denik. Horrek ikusarazten digu badela beste arazo handiago bat beren zapalkuntza aztertzeko darabilten teorian, kontsideratzen baitugu gure zapalkuntza garbi ainguratua dagoela gizakien eta animalien arteko banaketan. Gehiengoak aise onartzen ditu ohiko analisi horiek, hain justu ez dutelako aztoratzen jendeak darabilen erreferentzia-marko erosoetako ezein.
Iruzkinik gabe