GuraSOS plataformak manifestazio batera deitu du Zubietan eraikitzen ari diren errauste plantaren aurka. Larunbatean eginen dute protesta, 17:00etan, Donostiako Antiguako tunelean hasita. Esan baietz adostasunari lelopean antolatu dute manifestazioa, errauste planta egiteko lanak bertan behera uzteko eskatzeko. Erakunde publikoen eta herritarren arteko elkarlanaren alde egin nahi dute antolatzaileek, gainera, auzia konponbidean jartzeko asmoz. “Gizarteak ez du onartzen Zubietako errauste planta martxan jartzeak osasunean eta ingurumenean sortzen duen arriskua”, erran dute.
Arrisku hori gizakiek eta gizakiz bertzeko animaliek pairatzen dute. Gizakiek eta gizakiz bertzeko animaliek, hain zuzen, planeta partekatzen dute, eta norbanako guztiek nahi eta behar dute inguru osasungarri bat bizitzeko. Hondakinak errausteko planta batek ez du helburu horrekin bat egiten. Espezismoak eta kapitalismoak eskutik helduta egiten ohi dute aurrera, eta planetaren suntsitzea dute ondorio. Zubietakoaren gisako azpiegiturak onura ekonomikoa helburu bakartzat duten enpresek bultzatzen dituzte, beren interesen alde eta herritarren ongizatearen aurka. Horrelako garapen ereduek kapitalari egiten diote mesede, langileen, planetaren eta animalia guztien eskubideen gainetik. Zapalkuntzek erro bera dute atzean, eta bat eginda egin behar zaie aurre, herri mugimenduen arteko elkarlana sustatuz eta indartuz.
Zubietako errauste plantaren proiektuak bide luzea egin du jada; proiektu horren kontrako mugimenduak ere bai. Azpiegitura horren lehendabiziko harria 2011ko martxoaren 17an jarri zuten. Aurretik, urte bereko otsailean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak akordio bat itundu zuen Europako Inbertsio Bankuarekin: planta eraikitzeko 195 milioi euro jarri zituen. Proiektuaren norabidea aldatu zen jeltzaleek aldundian agintea galdu, eta EH Bilduk hartu zuenean. EH Bildu errauste plantaren egitasmoa gelditzearen alde agertu zen, hasieratik. Oposizioak asmo horren kontra egin zuen, baina 2013ko uztailean, azkenean, erraustegia egiteko agindua bertan behera utzi zuen aldundiak, eta azaroan proiektua baztertu zuen.
Gauzak berriz ere errotik aldatu ziren 2015. urtean. Markel Olano jeltzaleak hartu zuen berriz aldundiaren gidaritza, PSE-EErekin gobernua osatuta, eta bertze bultzada bat eman zion proiektuari. Iazko urrian, proiektuaren aurkakoak karrikara atera ziren. 10.000 pertsonak bat egin zuten salatzeko errauste plantako obrako bigarren fasea jada abian zela.
GuraSOS elkarteak manifestazio batera deitu du berriz ere, larunbaterako. Hil honetan, gainera, plataformak mahai gainean jarri du erraustegiko enpresek “iritzi publikoa kontrolatzeko” duten komunikazio plana. Plan horrek aipatzen du, bertzeak bertze, errealitate “atzeraezin” gisa aurkeztea erraustegiaren proiektua. GuraSOSeko kideek uste dute komunikazio plan horrek “kolokan” jartzen duela erraustegiaren enpresa ustiatzaileen sinesgarritasuna.
Errauste plantaren aurka egiteko arrazoiak anitz dira, eta denak jarriko ditu mahai gainean hilaren 23ko manifestazioak: 17:00etan, Antiguako tunelean. Zapalkuntza guztien aurka.
Goiko irudia: Dani Blanco.
Iruzkinik gabe