Ia lau urte igaro dira beganismoaren aldeko hautua egin nuenetik. Garai horretan eman nituen lehen pausoak hedabideen munduan ere, irratian, zehazki. Ilusioz ekin nien bi erronka berriei, eta, kazetaritza egia bilatu eta itzalean geratzen dena argitara emateko jarduntzat nuenez, gogo biziz espero nuen lankideekin espezismoaren inguruko argudioak eta gogoetak partekatzeko unea.

Gehien-gehienen begitan anomalia garen heinean, ordea, laneko otordu oro bilaka daiteke polizia galdeketa. Norbere ekintzak zalantzan jarri ordez, ezberdin pentsatzen duenaren hautua kolokan jartzea izan ohi dugu, gehienetan, berehalako joera inkontzientea. Animaliek ere haragia jaten dute, ez duzu nahikoa proteinarik eskuratuko, nola egingo diozu uko gazta goxo horri? Landareek ere sufritzen dute… Hamaika eragozpen. Gure interes propioak asetzeko animalien erabilera hainbeste barneratu eta normaldu dugunez, berehalakoan urduritzen gara bestelako planteamendu oro entzutean.
Itxaropen zapuztua. Harridura sentitu nuen lehenik, dezepzioa ostera eta etsipena azkenik. Frustragarria egiten zitzaidan begirale kritikotzat nituenek erabateko normaltasunez onartzea niretzat eskubiderik funtsezkoenen zapalkuntzan oinarrituriko jarduna zena. Gizartearen isla da kazetarien jarrera ere, inertziaz, jaiotzetik xurgatu ditugun kode sozial eta kulturalen ondorio… Ez gaude prest, pentsatu nuen, baina helduko gara egunen batean puntu horretara.

Ordea, abiapuntu hartuz gero kazetaritzak boterearen zerbitzari bainoago zelatari izan behar duela, ezinbesteko dugu lanketa egunero egitea. Izan ere, animaliak geure egin eta zapaltzen ditugun moduarekiko kritiko izateko ez genuke zertan euren eskubideen aldeko aktibista izan behar, ezta animalien alde sentsibilizatuta egon ere. Denok partekatzen dugu torturak, esplotazioa eta hilketa masiboak gizatasunaren kontrako norabidean doazela. Askatasuna eta bizitzeko eskubidea oinarri, mundu hobe bat defendatzen duen orok, beraz, bat egin beharko luke oinarrizko puntu horretan. Baina hedabideok isilik jarraitzen dugu.
Edo hasi gara hizketan, pixkanaka. Hasi gara animalien alde lan egiten dutenei ahotsa ematen, esaterako, gatazkaren erdigunean animaliak dauden aferetan, erakunde publikoen eta artzainen arteko liskarra baino norbait gehiago ere badagoela interpretatzen eta komunikatzen. Baina oraindik ere irakurtzen ditugu “intsektuak arriskuan, intsektuak gure lagunak” bezalako errotuluak animalien interesekin inolako zerikusirik ez duten telebista saioetan. Entzuten ditugu “gure behiak ez dira bazkaltzera joaten, belarrezko pintxoak jaten dituzte” eta halako esaldiak iragarkietan. Asko dago egiteko, dibulgatzeko, birpentsatzeko.

Gure rolak ere badu eraginik, ez delako kontu bera mezulari instituzional izatea edo zalantzaren zaindari. Eta, alde horretatik, gure bozgorailua premiazkoen dutenak dira animaliak, egunero milaka eta milaka erailtzen ditugun horiek berak. Pixkanaka bada ere, hasi gara zapaldurik isilduenak kontuan izaten. Balia dezagun bozgorailua, beraz, gizarteari errealitatea ezagutzen laguntzeko eta ulertarazteko giza pribilegioei uko egitea beharrean dauden horien onurarako izango dela. Egia da sentitzeko gai den izaki orori –eta horrenbestez baita geure buruari ere– zor diogun gutxienekoa.

Iruzkinik gabe