“Produzitzen ditugun txerrien %40 hiltzen ditugu orain; iragarritako inbertsioei esker, txerri gehiago beharko ditugu”. Jose Antonio Dominguezenak dira hitzak, Aragoiko (Espainia) CITA Nekazaritza Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Zentroko zuzendari kudeatzailearenak. Aragoiko hainbat herritan, 500 milioi euroren inbertsioak egiteko aukera dago mahai gainean; proiektu nagusietako bat da Binefar hirian eraikitzen ari diren hiltegia. Martxan jartzen dutenean, Europako handiena izanen da; hau da, urtean txerri gehien hilko dituena.
Aragoiko abeltzainen sektoreko datuen arabera, 2020. urtean, herrialde hori urtean 20,6 milioi txerri hiltzeko “gai” izanen da; egun, 14 milioi txerri hazten dituzte Aragoin. Uste dute 2020rako 16,2 milioi izanen direla. Aragoik, beraz, erkidego osoan dauden 3.900 esplotazioetan hazten dituztenak baino txerri gehiago beharko ditu.
Hego Euskal Herrian, Nafarroan hazten dute txerri gehien. Espainiako Gobernuko 2018ko datuen arabera, herrialde horretan 1.400 haztegi baino gehiago dago; Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, berriz, 400 inguru. 2017ko abenduan, Nafarroako haztegi horietan baziren 650.000 txerri; Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoetan, berriz, 35.000. Halere, alde handia dago Nafarroako haztegietan dagoen txerri kopuruaren eta herrialde horretan hiltzen dituztenen kopuruaren artean: 2017an, adibidez, 54.491 txerri hil zituzten Nafarroako hiltegietan; 2018an, berriz, 57.908. Aragoin hiltzen dituzte Nafarroan hazten dituzten txerrietako anitz, bertzeak bertze.
Binefarren Litera Meat enpresa eraikitzen ari den hiltegiak txerriz betetako 150 kamioi hartu ahal izanen ditu egunean. Enpresak azaldu du bere “gehienezko produkziora” heltzen bada –hau da, egunean bi talde txandaka lanean aritzen badira– 30.000 animalia hiltzeko prest izanen direla. 30.000, egun bakar batean. 30.000 norbanako egun bakar batean.
Litera Meat etxea Pini enpresa-talde italiarraren barruan dago. Enpresak hilaren bukaeran edo martxoaren hasieran jarri nahi du martxan hiltegi berria. Proiektua abiatu zutenetik, hainbat oztopo gainditu behar izan ditu; izan ere, Binefarreko Udalak txostena zabaldu zion Pini enpresa-taldeari, hainbat lan baimenik gabe egiteagatik. Aragoiko agintariek kezka agertu dute hiltegiak sortuko dituen lanpostuen kalitateari buruz ere; enpresak erran du 1.600 lanpostu sortuko dituela erabat garatzen denean.
Binefarreko hiltegiak produkzioa izanen du helburu nagusi. Gisa horretako azpiegiturek, bai eta azken urteotan hainbat herrialdetan eraiki dituzten txerri haztegi handiek ere, Txinako eskaera asetzea dute xede, bertzeak bertze. Espainiak azken hamar urteotan saldu dio txerri haragia Txinari; 2018ko bukaerara arte, halere, Espainiak izoztutako haragia baino ezin zion saldu herri horri. Iaz, Espainiako eta Txinako gobernuek akordioa sinatu zuten, izoztu gabeko haragia eta hestekiak ere saldu ahal izateko.
Txinan hazten dituzten txerrien kopuruak ere gora egin du: 2016an, gobernuak plan bat jarri zuen martxan esplotazio handiak bultzatzeko. Plan horren ondorio dira, adibidez, hainbat solairutako haztegiak. Guangxi eskualdean, adibidez, Txinako hegoaldean, enpresa pribatu bat hamahiru solairuko haztegiak eraikitzen ari da; solairu bakoitzak 1.000 txerri har ditzake. 2017an, baziren 658 milioi txerri Txinako haztegietan. Urte berean, 323.682 tona txerri haragi kontsumitu zituzten hango herritarrek.
Produkzioarekin eta kontsumoarekin lotutako zenbakien atzean milioika norbanakoaren heriotza dago. Espainiako Gobernuko datuen arabera, 2004. urtean 37,8 milioi txerri baino gehiago hil zituzten; 2009an, 40,1 milioi baino gehiago; 2017. urtean, berriz, 49,6 baino gehiago. Orain Binefarren zabalduko duten hiltegian, 30.000 hil nahi dituzte egunean. 30.000, egun bakarrean.
“Lau egunean, beraz, urte osoan Espainian abandonatzen dituzten txakurrak baino txerri gehiago hilko dituzte”, salatu du Vegan babeslekuko arduradun Laura Luengo Matak, egunotan, sare sozialen bidez. Babesleku horretan bizi dira industriari ihes egin ahal izan dioten hainbat txerri. Zenbaki huts izateari utzi diote; ez dira haztegietako edo hiltegietako estatistiketako parte. Norbanakoak dira. Txerriok bizitzeko aukera dute, lortu baitute ihes egitea haiek akabatu nahi zituzten makinei eta sistemari.
Iruzkinik gabe