Babes ditzagun askatasuna galdu dutenak; gogora ditzagun bizia eman dutenak. Esaldi hori irakur daiteke, anitzetan, mugimendu antiespezistaren protestetako pankarten leloen artean. Hitz horien bidez, gainerako ekintzaileek aitortza egin nahi diete gizakiz bertzeko animalien aldeko borrokarekin erabateko konpromisoa hartu dutenei: izan ere, bizitza osorako lotu dira borrokarekin horiek, bide horretan errepresioa jasan dute, eta animalien askapenaren alde egin dute azken urratsa. Borrokak polizia etxeetara eta epaitegietara eraman ditu ekintzaile horiek, bai eta kartzelara ere; eta batzuek azken hatsa eman dute gizakiz bertzeko animalien alde.
Otsaileko egunek Mike Hill eta Jill Phipps ekintzaileen memoria ekartzen dute urte oro. 1991. urteko otsailaren 9an hil zuten Hill (1973); Phipps (1964), berriz, 1995. urteko otsailaren 1ean. Ehiztari batek, Alan Summersgillek, autoarekin harrapatu zuen Hill, zeina azerien eta erbien ehiza sabotatzen aritu baitzen Merseysiden (Ingalaterra). Hemezortzi urteko ekintzailearen lagunek laguntza eskatu zuten, baina anbulantzia ailegatu zenerako gaztea hilik zen. Ez zuten zigortu ehiztaria.
“Tragedia bat izan zen, baina, zoritxarrez, ez gintuen ezustean harrapatu”. Horixe idatzi zuen Jill Phippsek Mike Hillen heriotzari buruz. 1991. urteko martxoaren 8an atxilotu zuten Phipps, ustez parte hartzeagatik Summersgill ehiztariaren etxearen aurkako protestetan. Aske utzi zuten, eta testigantza bat idatzi zuen polizien etxean jasandako tratua salatzeko eta Hillen memoria aldarrikatzeko. Handik lau urtera, 1995eko otsailaren 1ean, txahalak garraiatzen zituen kamioi batek harrapatu eta hil egin zuen Phipps.
Jill Phippsek Lesley ahizpa eta Nancy ama izan zituen lagun gizakiz bertzeko animalien aldeko borrokan. Phippsen familia langile klasekoa zen, eta horrek markatu zuen ekintzailearen bidea; bere egin zuen borroka hori, bai eta faxismoaren aurkakoa eta feminismoaren eta armagabetze nuklearraren aldekoak ere. Gizakiz bertzeko animaliekin hartu zuen Phippsek, halere, konpromisorik handiena.
Hegazkinez egiten zuten gizakiz bertzeko animalien garraioaren aurkako kanpaina baten barruan egindako protestetan hil zuten Phipps. “Bizia arriskatzen ari gara, eta egiten jarraituko dugu, hau gelditu arte”. Kazetarien aurrean erran zituen Phippsek hitz horiek, hil baino hilabete lehenago. Urtarrilaren 31ko gaua kide baten furgonetan eman zuen, Coventryko aireportuan (Ingalaterra). Euria ari zuen. Otsailaren 1 goizean, amarekin eta ahizparekin batera, ekintzaileak bat egin zuen, berriz ere, karrikan ziren manifestariekin. Poliziek ezarritako muga gainditu zuen, bertze hainbat kiderekin batera, txahalak garraiatzen zituen kamioiaren bidea oztopatzeko asmoz. Gidariak azpian hartu zuen Phipps. Ospitalera bidean hil zen, anbulantzian. Seme bat zeukan. Sistemak “istriputzat” jo zuen heriotza.
Mike Hill eta Jill Phipps ez dira gizakiz bertzeko animalien aldeko borrokan azken hatsa eman duten bakarrak. Tom Worby 1993. urteko apirilaren 3an hil zuten. Hamabost urte bertzerik ez zituen. Ehiza sabotatzen zuen, Hillek bezala, eta bera ere ehiztari batek hil zuen, autoarekin harrapatuta. Barry Horne, berriz, 2001eko azaroaren 5ean zendu zen, egindako gose greben ondorioz. Gizakiz bertzeko animalien aldeko borrokak kartzelara eraman zuen Horne, baina barruan egonda ere ez zuen etsi. Hainbat gose greba egin zituen bibisekzioa salatzeko, hil arte.
Luzeagoa da gizakiz bertzeko animalien alde borroka egiteagatik errepresioa jasan dutenen zerrenda. Anitzez ere luzeagoa. Jazarpena, isunak eta espetxea dira ekintzaile anitzen errealitatea, baita gaur egun ere. Babes ditzagun askatasuna galdu dutenak; gogora ditzagun bizia eman dutenak.
Iruzkinik gabe