Gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntza salatu nahi du mugimendu antiespezistak, eta, ondorioz, osasuna ez da begano bilakatzeko arrazoi nagusia; era berean, osasunak ezin du izan zapalkuntza hori justifikatzeko aitzakia. Lucia Martinez nutrizionistak dieta begetarianoen inguruko hainbat gako jarri du mahai gainean.
Baina zer jaten duzu? Eta proteina? Esnerik gabe ezin gara bizi!
Gisa horretako galderak eta baieztapenak entzun behar izaten ditu dieta begetarianoa hautatzen duen pertsonak. Haren ingurukoak nutrizio kontuetan aditu bilakatzeko gaitasuna izaten ohi du erabaki horrek: animaliak eta haiengandik eratorritakoak plateretik at utzi dituela erran bezain pronto, barazkijaleak bere osasunari buruzko hamaika iritzi eta aholku jasoko ditu senideen eta lagunen ahotik. Animaliak bazter uzteak ekartzen dituen arriskuen ingurukoak izanen dira, segur aski, iritzi eta aholku horietako gehienak.
Hori izan da –eta oraindik ere bada– elikatzeko bertze norbanakoak ez erabiltzea erabaki duenaren egunerokoa. Kontua, kasu gehienetan, ez da informaziorik eza. Izan ere, nazioartean ospe gehien duten nutrizioaren arloko erakundeek – Ameriketako Estatu Batuetako Dietetika eta Nutrizio Elkarteak eta Britainia Handiko Dietetika Elkarteak, bertzeak bertze– aspaldi hartu zuten jarrera dieta begetarianoen inguruan, eta argi eta garbi erran dute, plangintza on bat eginez gero, arazorik eragin ez, eta, gainera, osasuntsuak ere badirela, eta lagungarri izan daitezkeela hainbat gaixotasuni aurrea hartzeko edo eritasun horiek tratatzeko; eta argi eta garbi erran dute hori horrela dela pertsona baten bizitzaren etapa guztietan, bai eta haurdunaldian, haurtzaroan edo nerabezaroan ere.
Ikerketek eta datuek erakutsi dute hori. Ez da iritzi soil bat. Maiz entzun eta irakurtzen ditugu, ordea, munduko edozein txokotik jasota, haurra ospitalera eraman behar izan duten guraso beganoei buruzko berriak, edo anemiak jota gaixotu direnen ingurukoak. Gisa horretako albisteek behin eta berriz jartzen dute ezbaian barazkijale zorrotzen dieta; zalantza zabaltzen dute, eta, finean, gizakiz bertzeko animalien erabilera salatzen duen mugimendu politikoa jartzen dute jomugan. Horiek izaten ohi dira iritzi interesatuak, eta jarrera arduragabe baten ondorioak gizakiz bertzeko animalien aldeko jarrera politiko batekin nahastu nahi izaten dituzte.
Mugimendu antiespezistak gizakiz bertzeko animaliak baztertzen eta zapaltzen dituen sistemaren aurka egiten du, eta, ondorioz, osasuna ez da begano bilakatzeko arrazoi nagusia; era berean, osasunak ezin du izan bertze animalien zapalkuntza justifikatzeko aitzakia. Nutrizioaren arloko erakunde nagusiek zalantzarik gabe nabarmendu dute plangintza on bat duten dieta begetarianoak osasuntsuak direla. “Begano izateak, halere, ez du erran nahi ergel ez izatea”. Eta hori da gakoa gizakiz bertzeko animaliarik gabeko dietak zalantzan jarri nahi izaten dituzten albisteek kontatzen dituzten istorioetan. Horixe nabarmendu du Lucia Martinez dietista eta nutrizionistak. dimequecomes.com izeneko bloga zuzentzen du, eta hainbat libururen eta artikuluren egilea ere bada (Vegetarianos con Ciencia eta Vegetariaos Concienciados, bertzeak bertze). Elkarrizketa egin diogu, eta, hasteko, erran du beganismoari bertze ezerk baino on handiagoa egiten diola ekintzaile osasuntsuak izateak. B12 bitamina hartzen ez ahazteko eskatu die.
-Ez dago arazorik barazkijale izateko?
Ez dago inolako arazorik. Barazkijale izan gaitezke, eta hori ez da iritzi bat. Hamaika erakundek hartu dute dieta begetarianoen aldeko jarrera. Hamaika erakundek egindako ikerketek babesten dituzte dieta horiek. Garrantzitsua da argi uztea B12 bitamina hartu behar dutela barazkijale diren edo arrautzak eta esnekiak ere jaten dituztenek. Behar bereziak dituztenei edo gaixotasun zehatz bat dutenei bertze gisa bateko aholkuak eman beharko dizkiegu, baina, oro har, nahikoa da B12 bitamina hartzearekin.
-Osasuntsuak dira dieta begetarianoak?
Izan daitezke. Izan daitezke osasuntsuak edo guztiz kaltegarriak gure osasunarentzat. Patatak eta Coca Cola bertzerik ez baditugu hartzen, dieta txarra izanen da gurea. Baina hori gertatzen da edozein dietaren kasuan. Dieta tradizionaletan ere bai. Horregatik ditugu gaur egun ditugun bigarren motako diabetes kasuak eta gaitz kardiobaskularrak, bertzeak bertze. Argi utzi behar dugu begetariano edo begano etiketak ez duela zertan erran behar zerbait osasuntsua denik; gure dieta osasuntsua izanen da egiten dugun plangintzaren eta egiten ditugun hautuen arabera.
-Bultzatu beharreko dietak dira begetarianoak?
Nik argi dut beti izanen dela onena ez zuri ez bertze inori min ematen ez dion elikatzeko modu baten alde egitea. Dieta begetarianoak gizakioi eta bertze animaliei egiten digu mesede, planetari egiten dio mesede, eta laguntzen du mundu etikoago bat eta justizia sozial gehiago lortzeko bidean urratsak egiten. Uste dut inork ezin duela erran hori guztia lortzea ona ez denik.
-Begetariano edo begano dena ez da derrigorrez ona; ezta txarra ere, ezta? Ideia hori zabaltzen dute anitzek, ordea.
Bai, bi mutur horiek ditugu. Begano hilezkorraren ideia zabaltzen duten beganoak, batetik; eta, bertzetik, beganoei gorroto dietenak; horiek zabaltzen dute indarrik gabe eta arrastaka mugitu behar duen beganoaren ideia. Arazoa sortzen da gisa horretako ideiak osasunaren arloko profesional batek bultzatzen dituenean. Begano ahul eta gaixoaren ideia horrekin bat egiten duen profesionalak erakusten du, batetik, bere formakuntza hutsaren hurrengoa dela, eta erraten duenak ez duela bat egiten, inondik inora, gaur dakigunarekin. Gisa horretako profesional bat aurkituz gero, onena litzateke bertze bat bilatzea.
-Zer dakigu gaur lehen ez genekiena?
Lehen mundu deituriko horretan bizi eta elikagaiak eskura dituzten herritarrez ari garela kontuan hartu behar dugu. Gaur badakigu begetarianoek ez dutela ez direnek baino anemia gehiago; badakigu ez dutela proteina falta gehiago. Badakigu, ordea, begetarianoen artean gehiago direla B12 bitamina gutxi dutenak, eta, ondorioz, hartzeko aholkatzen dugu. Duela gutxira arte, uste zen arrautzak eta esnekiak hartzen zituzten begetarianoek ez zutela bitamina hori hartzeko beharrik, baina 2013tik egindako ikerketek agerian utzi dute baietz, eta horiek ere hartu behar dutela B12 bitamina.
-Animaliak jaten dituzten gizakiek bertze animalia horiei emandako B12 bitamina hartzen dute?
Kasu gehienetan bai. Industriak hazten dituen animaliek jaten duten pentsuak badu B12 bitamina. Hegaztien kasuan, B12 bitamina bera botatzen diote pentsuari. Behien kasuan, berriz, kobaltoa ematen diete. Kontua da animaliok beren B12 propioa sor dezatela beren digestio sisteman, baina hori egiteko kobaltoaren gisako substratu bat behar dute. Haztegietatik at harrapatutako arrainak dira B12 bitamina berez dutenak. Arrain-haztegietan pentsua jaten dute, eta pentsuari botatzen diote B12 bitamina.
-Kontsumitzaile kritikoa aldarrikatu izan duzu zuk. Zaila da hori lortzea?
Zaila da kontsumitzaile kritiko bat izatea, industriak diru eta botere handia duelako. Eta diru eta botere hori erabiltzen du bere produktua saltzeko, eta bere produktuaren onurak saltzeko ere bai. Industriak nahi dituen ikerketak ordaintzen ditu, bere produktuen aldeko mezuak zabaltzeko. Ikerketa batek agerian utzi zuen, duela gutxi, haur batek janariarekin lotutako 25 iragarki jasotzen dituela egunean, bide ezberdinetatik. Horren kontra borroka egitea zaila da, ez baitugu baliabiderik. Nik ezin dut iragarki bat jarri telebistan, baina Nestle etxeak bai. Marketin kanpaina hagitz onak egiten dituzte, onenak kontratatzen dituztelako horretarako. Hori egiteko dirua badute. Hori ikusita, hagitz zaila da kontsumitzaile kritikoak lortzea, beren ondorio propioak ateratzeko gai izanen direnak.
-Nutrizionistak ez du horretan laguntzeko aukerarik?
Hemen nutrizionistak ez daude osasun sisteman txertatuta, eta Europako bertze herrietan bai. Oinarrizko arretan nutrizionistarik ez da, eta ospitaleetan, berriz, gutxi. Ondorioz, nutrizionistarengana jo nahi duen herritarrak ordaindu egin behar du. Ikasketek ere bide motza egin dute hemen; duela hogei urte baino gutxiago sortutakoak dira. Hego Amerikan, adibidez, anitzez ere bide luzeagoa egin du nutrizionistaren figurak, eta badu osasun arloko gainerako profesionalen errespetua. Hemen ez da hori gertatzen. Han formakuntza hobea da, eta anitzez ere gehiago egiten dute lan ospitaleetan. Osasun sisteman txertatuta daude.
-Profesionalen aholkua jasotzeko aukerarik gabe, errazagoa da dieta begetarianoen inguruko mitoak zabaltzea?
Haurren kasuan piztu ohi da eztabaida gehien. Haurrak begetarianoak badira, gurasoek beren dieta inposatzen dutela erraten dute. Gainerakoek erreferenduma egiten dute umeei zer eman erabakitzeko? Argi dago haur bati dena inposatu egiten diotela gurasoek, ez baitu bere kabuz erabakitzeko gaitasunik. Badira beren haurrak gaizki elikatzen dituzten guraso beganoak? Bai, badira. Eta badira, noski, beren haurrak gaizki elikatzen dituzten eta beganoak ez diren gurasoak ere, dieta tradizionalaren aldekoak. Kontua da bigarren kasu horretan inork ez duela inolako eztabaidarik pizten.
-Beganoen inguruko berriek mugimendua ezbaian jartzea bilatzen dutelako?
Albiste horiek tratatzeko modua ez da batere egokia. Eta argi utzi behar dugu halako kasuetan haurra ez dela gaixotzen beganoa delako, gurasoak ergelak direlako baizik. Baina dieta tradizionala duten gurasoen kasuan ere gertatzen da hori. Horiek ez dira hedabideetan ateratzen; aterako balira, egun osoa emanen genuke haiei buruz hitz egiten. Ohikoa da dieta tradizionala duten eta umeak gaizki elikatzen dituzten gurasoen kasua. Horregatik ez da albiste.
-Zer erranen zenuke zalantzak bazter uzteko?
Nik uste dut zalantzak bazter uzteko behar den gauza bakarra dela aurreiritzirik gabe entzun nahi izatea. Osasun arloko profesionalei buruz ari bagara, nahikoa da pertsona horrek trebatu nahi izatea zalantzak bazter utzi ahal izateko. Herritarren kasuan, uste dut arazo nagusia gure erabakiak zamatzen dituen aurreiritzia dela. Informazioa egon badago, eta argia da; entzun nahi izatea da kontua. Aurreiritzirik gabe.
-Gauzak aldatzen hasi direla uste duzu?
Uste dut baietz. Oraindik ere gaizki ematen dira beganismoari buruzko berri anitz, baina orain hedabide nagusietan dago gaia, eta, kasu anitzetan, modu egoki batean jorratuta. Uste dut garrantzitsua dela gauzak aldatzea ere osasun sisteman, osasun arloko profesionalen artean, eta esparru horretan ere urratsak egiten ari garela uste dut. Ezinbertzekoa da profesional horiek trebatzea, barazkijaleak behar bezala artatu ahal izateko.
Iruzkinik gabe