“Gero eta jende gehiago dago Euskal Herrian animalien alde borrokatzeko prest, eta fenomeno horren bozgorailu izan nahi dugu”
Euskal Herriko mugimendu antiespezista sendotzera dator NOR Euskal Herria Antiespezista. Saguesek azaldu du zer arrazoi izan dituzten kolektiboa sortzeko, eta zer lan ildo hartu dituzten helburutzat. Kolektibo sortu berriak elkarlana bultzatu nahi du beste talde antiespezistekin, bai eta gainerako herri mugimendu sozial eta politikoekin ere.
Zergatik behar da NOR taldearen gisako kolektibo bat Euskal Herrian?
Beste hainbat kolektibo antiespezistatan militatzen ari nintzela, konturatu nintzen mugimenduak bazituela bete beharreko hutsuneak, eta banituela gogoa eta tresnak hutsune horiek betetzeko lan horretan hasteko. Labur esanda, NOR taldeak lau helburu ditu: gizartea kontzientziatzeko komunikazio tresna eraginkor bat izatea; mugimendu antiespezista indartsu eta koordinatu bat sortzea; euskal antiespezista guztiak batuko dituzten egitasmoak antolatzea; eta, azkenik, antiespezismoari buruzko euskarazko edukiak sortzea. Hori premiazkoa iruditzen zait.
Taldeak nabarmendu du animalien askapenerako mugimendua politikoa dela. Zer mezu helarazi nahi diezue antiespezismotik kanpoko beste talde eta kolektiboei?
Gizaki gisa ditugun pribilegioei buruz hausnartzera bultzatu nahi ditugu; bat egin behar dugu, borroka egin ahal izateko gizaki ez diren animaliak baztertzera eta zapaltzera bultzatzen gaituen sistema honen aurka.
Zer-nolako lana egin nahi duzue beste taldeekin animalien askapenerako mugimendua sendotzeko?
Gure asmoa da gure kolektiboaren eta besteen arteko harremanak estutzea, mugimendu indartsu bat garatu ahal izateko. Gero eta jende gehiago dago Euskal Herrian animalien alde borrokatzeko prest, eta fenomeno horren bozgorailu izan nahi dugu. Gure kideen ekinaldiak zabaldu, elkar ezagutu eta sare handi bat sortu nahi dugu.
Zer bide jarraitu beharko luke mugimenduak?
Animalien askapenerako mugimenduak zilegi den norabide bakarra du: transbertsala behar du izan, alegia. Gure mugimenduak ezin du mugimendu bakartu bat izaten jarraitu; sistema zapaltzaileaz kontzienteago izan behar dugu, eta bat egin izaki guztiek sufritzen dituzten zapalkuntzen aurkako borrokekin. Mugimenduak urrats asko egin behar ditu, oraindik ere, formakuntzaren bidean; belarria prest izan behar dugu feminismoak, arrazakeriaren aurkako borrokak, kapazitismoaren kontrakoak, LGTBI kolektiboak edo bestelako taldeek plazaratzen dituzten eskaerak jasotzeko.
Iruzkinik gabe