Azken minutua: heriotza eta erresistentzia
Baserrietan zein haztegi handietan, gizakiok erabakitzen dugu zapaltzen ditugun animaliak noiz jaio, nola bizi eta noiz eta nola hiltzen diren. Denek dute patu bera zain: hiltegia. Nor kolektiboak ikerketa bat egin du, hiltzeko toki horietan gertatzen denaren berri emateko. Taldeko kideak gizakiz besteko hamaika animaliaren azken minutuaren lekuko izan dira, animalion azken minutuko erresistentziaren eta heriotzaren lekuko. Baserrietan zein haztegi handietan jaio, denek argi utzi dute bizi egin nahi dutela.
“Ez dute hil nahi. Beldurra sentitzen dute; ez toki arrotz batean direlako, baizik eta besteen odolaren usaina sumatzen dutelako, besteen oihuak entzuten dituztelako. Txerriek eta behiek, batez ere, badakite zer gertatuko den. Eta ez dute hil nahi. Hiltegietan bada erresistentziarik”. Nor Euskal Herria Antiespezista taldeak urte eta erdiz egin du lan, ezkutuan, dokumentatzeko eta erakusteko zer gertatzen den gizakiek esplotatzen dituzten animalien bizitzaren azken uneetan. Gizakiz besteko animaliek ez dute hil nahi, eta indarrez sartzen dituzte hiltegietan; erakusten dute ez dutela hil nahi. Nor taldeko kideak erresistentzia horren lekuko izan dira.
Hamar hiltegitan izan dira, Euskal Herrikoak edo Euskal Herriko dendak hornitzen dituztenak. Gizakiok erabakitzen dugu gizaki ez diren animaliak noiz jaio, nola bizi eta noiz eta nola hiltzen diren, eta prozesu horren azken katebegia hiltegiak dira, zeinak herritarren begiradatik kanpo egon ohi diren. Toki itxiak dira. Ilunak. Zarataz eta oihuz betetako hiltzeko tokiak. Hiltegietako arduradunek ez dute han gertatzen dena erakutsi nahi, argi baitute hiltegien barruko irudiek kalte egiten diotela industriari. “Ez dugu argazkirik edo bideorik nahi; irudiak argitara ateratzen badira, min egiten digute”. “Niri bost axola jendeak Turkiako hiltegi bateko irudiak ikustea, baina ez dut nahi nire hiltegia ikus dezaten”. Esaldi horiek lagin bat bakarrik dira Nor kolektiboak ezagututako hainbat hiltegitan entzundakoetatik.
Hiltegietan aritzen diren langileek ere onartu dute agerikoa dela han sartzen dituzten animaliek ez dutela hil nahi. Nafarroako hiltegi bateko langile batek argi eta garbi esan du: “Ardiak tuntunagoak dira, baina usaintzen dute; arrek, askotan, ez dute sartu nahi, aurretik hildakoaren odola usaintzen dutelako. Beldur dira, noski, hiltegira eramaten dituztelako haztegitik atera diren lehen aldian. Ezagutzen ez duten toki batean dira, eta beldur dira. Baina batez ere, nire ustez, odolaren usaina sumatzen dute”.
Hiltegiotan sistemak zapaldutako langileak aritzen dira, sistemak zapaldutako gizakiz besteko animaliak akabatzen. Datu bakar batek agerian uzten du hori: Nor taldeko kideek ezagututako hiltegietako batean, langile guztiak ziren migratzaileak. Industriaren beharren ondorioz, sistemak berak ezarritako neurriak ez dira betetzen, eta horrek langileon baldintzei eragiten die, bai eta animaliak hiltzeko moduari ere. Berez bidegabea den egoera bat are bidegabeagoa eta mingarriagoa bilakatzen da.
“Nik denbora asko daramat hemen lanean, eta lana ezatsegina da oraindik”, esan du hiltegi bateko langile batek. “Ez da atsegina animalia bat ikustea zortzi litro odol galtzen, baina hori gertatzen da, hori da ohikoa”, erantsi du beste batek.
64,5 milioi baino gehiago 2017an
Urte eta erdiz, Nor kolektiboko kideak milaka ardi, arkume, behi, oilo, txerri eta behiren heriotzaren lekuko izan dira, animalion azken minutuan. Munduan, 70.000 milioi ugaztun eta hegazti hiltzen dituzte urtean. Euskal Herrian ere, milioika dira hiltegietan hiltzen dituzten gizakiz besteko animaliak. 2017. urtean, 64,5 milioi animalia baino gehiago hil zituzten Hego Euskal Herrian; haietako 61 milioi baino gehiago Nafarroan hildako hegaztiak ziren, eta bi milioi baino gehiago, berriz, untxiak.
Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 117.798 ardi, behi, ahuntz, txerri eta zaldi hil zituzten iaz. 2012tik, Eusko Jaurlaritzaren estatistikek ez dute hildako hegaztien eta untxien kopururik jasotzen. 2012an, ia 11 milioi hegazti hil zituzten Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta 1,4 milioi untxi. Urte hartan, denera, 52.836.706 gizakiz besteko animalia hil zituzten Nafarroan, eta 12.424.116, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroako Gobernuarenak eta Eusko Jaurlaritzarenak dira datuak.
Gizakiz besteko animaliak noiz jaio, nola bizi eta noiz eta nola hiltzen diren erabakitzen dugu gizakiok. Hori gertatzen da beste animaliak objektu edo baliabide huts bilakatu ditugulako, sistema ekonomiko bateko pieza huts. Hiltegian, azken minutua dute erresistentziarako, eta aprobetxatzen dute. Erakusten dute ez dutela hil nahi. Ez direlako objektu. Ez direlako baliabide. Sentitzeko gai diren norbanakoak direlako. Gizakiz besteko animaliak esplotatzen dituzten abeltzainek ere onartu behar izaten dute. “Joan egin dira hiltegira, ni etxean geratu naiz, gazta egiten. Autoaren hotsa desagertu denean, beste bat gailendu da: hamar ardiren marrua. Ez da gose-marrua, ez da egarri-marrua ere. Beren arkumeen bila ari dira, batetik bestera. Gainontzekoak usnatzen dituzte, eurena topatzeko esperantzan. Halaxe emango dituzte bizpahiru egun, etsi arte”. Euskal Herriko gaztagile batek idatzitako hitzak dira, 2017ko otsailean zuzeu.eus orrian jasoak. Artikuluan, abeltzain horrek “ilusioaren garaitzat” jotzen zuen arkumeen jaiotza; “traizioarena” zen, berriz, arkumeak ardiei kendu eta hiltegira eramatekoa.
Sistema espezistak egiten die gizakiz besteko animaliei traiziorik handiena, egunero sufritzen dutena.
Iruzkinik gabe