“Festak espezismorik gabe ospatzeko ordua da”. Mezu hori nabarmendu eta zabaldu nahi izan du Askekintza taldeak, Argia Sariak banatzeko ekitaldian. Atzo egin zuten, eta Donostialdeko talde antiespezistak ikus-entzunezkoen arlokoa jaso zuen, ‘Gurean’ dokumentalagatik. Askekintzak Linas Kortarekin batera zuzendutako lana da, eta gizakiz bertzeko animalien erabilera jorratzen eta salatzen du, Euskal Herriko besten esparruan. Egileek eskertu dute Saria, egindako lanaren aitortza ekarri duelako, eta mahai gainean jarri duelako gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntza.
Lau urtez ezkutuan egindako lanaren emaitza da ‘Gurean’, eta Euskal Herriko hamaika herritan erakutsi du jada Askekintza taldeak. Sokamuturra, idi eta zaldi demak, ahari jokoak, zezenketak, arrantza eta ehiza txapelketak, animalia erakusketak, zaldi edo asto lasterketak… Gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen eta zapaltzen dituzten jarduerak anitz dira, eta ezaugarri bera dute denek: ez dira bidezkoak.
Hori salatu du ‘Gurean’ dokumentalak, herritarren artean gogoeta bultzatzeko asmoz. Norbanako guztiak errespetatuko dituzten bestak lortzeko urratsak egitea du lanak helburu.
Iruzkinik gabe